Bizitegi-krisiaren testuinguruan, eta Donostiako herritarren arazo nagusia etxebizitzara sarbidea izanik, EH Bildu kezkatuta dago azken urteotan hiriko hainbat tokitan etxebizitza esklusibo eta luxuzkoen sustapenak ugaritu direlako. Urteak daramatzagu krisi hau pairatzen, eta honi egun muturreko beste egoera batzuk eransten zaizkio: gero eta jende gehiago dago kale egoeran gure hirian (bi urtean ia bikoiztu egin da), eta etxegabetze arriskuan daude 83 familia, beren etorkizuna kinka larrian dagoelarik.
Metro koadroko salmenta prezioek marka guztiak hausten jarraitzen dute. Datu bat: Donostiako Alde Zaharrean igo da gehien prezioa azaroan, Euskal Autonomia Erkidego osoan, higiezinen atari ezagun baten azken txostenetik ondorioztatzen denez.
EH Bilduren iritziz, gertatzen ari dena ez da kasualitatea, baizik eta kanpoko interesen alde egiten duen hiri eredu baten ondorioa, higiezinen eta turismoaren sektoreak lehenetsiz. Etxebizitza merkantzia gisa tratatu da eta tratatzen da, ez oinarrizko eta funtsezko ondasun gisa. Gogoeta egin beharko genuke gaur egun Donostian zenbat etxebizitza publiko eta zenbat etxebizitza ari den eraikitzen, luxuzkoa edo esklusiboa izenekoa.
Zalantzarik gabe, promozio horiek dagoeneko tentsionatuta dagoen merkatua elikatzen eta presionatzen dute, eta ondorio larriak ekartzen dituzte, egiazta daitezkeenak: herritar gehienek ez dute etxebizitza bat alokatzeko edo erosteko adina, emantzipatzeko adina Europa osoko berantiarrenetakoa da, auzo tentsionatuenek biztanleak galdu dituzte (batez ere gazteak) eta belaunaldien arteko erreleboa ez da gertatzen, fluxu natural bezain funtsezkoa auzoak bizirik mantentzeko.
Ostegun goizen honetan Markel Ormazabal eta Ricardo Burutaran zinegotziek eskainitako agerraldi batean, biek ala biek ohartarazi dute zenbait proiektu turistiko aldatu egin direla, eraikin osoetan finkatu nahi zirenak, luxuzko etxebizitzak izateko, eta horien salmenta-prezioak milioi bat eurotik gorakoak direla. Gehienak turismo-industria elikatzera bideratutako sustapenak dira, eta aurreikuspenetan aldaketak izan dituzte. Erregulazioen eta moratorien ondorioz, eliteen sektorean
aurkitu dute irteerako atea. Adibidez, Bilbo plazan, Katalunia plazan eta Zubieta kaleko 3. zenbakian dauden blokeen kasua da hori, aurtengo martxoan salatu genuen legez kanpokoa zela. EH Bildutik salatu genuenetik, eraikin honetan etxebizitza batzuk salgai jarri dira 1,8 milioi eurogatik. Hotelen ordez etxebizitzak izango dira, eta jakina da ez direla irtenbidearen parte izango, guztiz kontrakoa baizik. Suari gasolina botatzea da.
Baina, birmoldaketa horietatik harago, badira bizilagunez hustu dituzten etxebizitza-blokeak, bai eta solairuarteetan eta etxabeetan zeuden negozioez ere. Presio-metodoekin hustuak, kasu askotan zalantzagarriak, esan daiteke. Zer negozio mota ezar daitezke espazio berri horietan? Ez dirudi tokiko eta hurbileko merkataritzaren esku daudenik, baizik eta auzo baten nortasuna aldatzen duten frankizien esku.
Nork du merkatu honetara sarbidea? Zer erabilera eman nahi zaie etxebizitza hauei? Eztabaida publikoan jar daitezkeen eta jarri behar diren galderak dira. EH Bildutik hori egitera dei egiten diegu gainontzeko alderdiei. Hirigunean bertan edo kosta-lerrotik gertu hotel izan asmo zutenak luxuzko etxebizitza bihurtzea egitate bat da, eta horren aurrean zein politika publiko sustatzen diren eta zer neurri hartzeari uzten zaion galde daiteke. Bestela esanda: egiten uzten zaio. Eta hori borondate politikoa ere badela ohartarazi du Ormazabalek.
Eliteentzat eta ez herritarrentzat pentsatutako hirigintza-sustapenek kezkatzen gaituzte. Etxebizitza esklusiboa ere baztertzailea delako. Une honetan martxan daude: San Martzial 29, 940.000 eurotik gorako prezioekin; Residencial Rodil, 36 etxebizitza dituen sustapena, bi logelako pisuekin 740.000 eurotik gorako prezioekin; Aldamar 1, non 790.000 eurotik gorako 3 logelako hamar etxebizitza aurreikusten diren; Harribitxi Donostia Gipuzkoa plazan, Elkano kalearekin, milioi bat eurotik gorako prezioekin; eta Ijenteako 2. ataria, 2eta 3 logelako 26 etxebizitza esklusiborako lizentziarekin.
Udal eskumenak
EH Bildutik berriz ere azpimarratu nahi dugu beharrezkoa dela politika publikoak aktibatzea etxebizitza babestuak sortzeko, eta, garrantzitsua dela lurzorurik ez dagoelako eraiki ezin diren auzoetan sustatzea, hala nola Parte Zaharrean, Erdialdean, Grosen edo Egian, non gazte askok alde egin behar izan duten. Eliteentzat pentsatutako sustapen horiei dagokienez, EH Bilduren proposamena ekarri dugu gogora: kalifikazioa (Udal Etxebizitza Planean txertatzea proposatu genuen etxebizitzaren merkatu tentsionatua deklaratzeko eskaerarekin batera). Tresna hori Bartzelonan aplikatzen da, eta dagoeneko eraikita dagoen bloke berean etxebizitza librea eta etxebizitza babestua uztartzeko aukera ematen du.
«Hirigintzako eskumenak eta horien erregulazioa udalen eskumenekoak dira, eta kalifikatutako etxebizitzen ehunekoa ezar dezakete, eta, horien barruan, horietako batzuen prezioa Babes Plubikoko Etxebizitzena izatea ezar dezakete», azaldu du Burutaranek.
Zinegotziaren iritziz, bi eredu kontrajartzen dira: etxebizitzen parke eraikian esku-hartzeak txertatzea prezioa mugatuz edo guztiak luxuzkoak izatea ahalbidetzea. «Gainera -erantsi du-, etekinak handitzeko baimendutakoa betetzen den ala ez egiaztatzeko egin beharreko kontrolak bete gabe». Eta, ildo horretan, aipamen laburra egin behar zaio Ijentea kaleko 2. atariko lanen kasuari. Lizentziak 26 etxebizitza aurreikusten ditu eta gutxienez 27 eraikitzen ari dira. Zer kontrol dago eraikuntza-enpresa eta promotore handien gainean? Nora begira ari da EAJ-PSEko Udal Gobernu hau? Udal Gobernuari etxebizitzaren arazoari aurre egiteko ikuspegi integrala falta izan zaiola eta zaiola egiaztatzen dugu, etxebizitza babestuaren eraikuntzan soilik oinarrituz. Turismorako ustiatu ezin izan diren blokeen
gaineko kontrolik ere ez da egin, merkatua gehiago higatu duten sustapenetan bilakatu direlarik.
Kontuan hartu beharreko beste elementu garrantzitsu bat da promozio-mota horiek zer eragin izango duten laster Donostiara etorriko den kontu batean: etxebizitzaren erreferentzia-prezioen indizeen argitalpena «Indizeak finkatzen direnean, eremu bat hartuko da kontuan. Zer gertatuko da eremu horretan milioi eta erdi euroko etxebizitzak badaude?», galdegin du.