AKTUALITATEA


| 2026-10-08 11:27:00

EH Bilduk Ekialdeko Barrutiarekin eta Altza, Intxaurrondo eta Bidebietako auzoekin duen konpromisoa berretsi nahi du. Azken urteotan EAJren eta PSEren Udal Gobernu honek instituzio honekiko erakutsi duen utzikeria urrutiegi joan da eta gaur egun egoera delikatua da. Testuinguru horretan eman genion presidente berriari eta Jon Insaustiren Udal Gobernuari ehun eguneko epea, iragan maiatzean. Egoera zuzendu eta partaidetza aktibatzeko saiakera zen. Ordea, ez da posible izan. Horregatik da erabat ulergarria iragan astean eragile eta elkarteek hartutako erabakia: alkateari planto egitea.

EH Bildurentzat ere urrats bat emateko garaia da eta herritarrei eman genien hitza berresteko momentua. EH Bilduk Ekialdeko Barrutiaren baitan lan egiteko modua aldatuko du, ez da bertatik desagertuko, baina utzi egingo dio foro horretan Udal Gobernuari egitea dagokion lana egiteari. EH Bildu izan da lantalde guztietan presente egon dena beti eta proaktiboa, hau da, proposamenak eta ekimenak bultzatzen eta garatzen eragileekin batera, teknikariekin harremanak izaten, lantaldeetako erreferenteak izaten… Gure lana kalean indartuko dugu, Altza, Intxaurrondo eta Bidebietako auzoetan, bertan hartzen diren erabakiei beste modu batean bide ematen saiatzeko.

Agerraldian egoeraren azalpenak eman dituzte Garbiñe Alkizak eta Mikel Osinaldek, Ekialdeko Barrutian EH Bilduko ordezkariak. Zinegotziak hala argitu du: «EH Bilduk Ekialdean lanean jarraituko du, Barrutiko lantaldeetan parte hartuko du, baina ez orain arte bezela; hau da, ez du gidaritzarik hartuko, ez erreferiantzaltasunarik Udal Gobernuak Ekialdeko Barrutiarekiko jarrera aldatzen ez duen bitartean.

EH Bilduk Ekialdeko 3 auzoetan lanean jarraituko du bertako eragile eta auzo elkarteekin, auzo hauek bizigarri egiten, proiektuetan, baina beraiekin batera, kalean eta behar denean Udalean ere».

Ordezkariek salatu dutenez, 100 egun hauetan, ez Jon Insausti Alkateak, ez EAJk, ez PSEk, ez dute Ekialdeko Barrutiarekiko ardurarik, ez konpromisorik bete. «Azken finean EAJk eta PSEk ez dutelako Ekialdeko Barrutian, ez eta bertako partaidetzan sinisten eta hortaz legealdi honetan etengabeko errespetu falta egon da Barrutiarekiko eta bertako kideekiko».

Alkizaren hitzetan, «horren adibide da» Ekialdeko Barrutiko azken batzarrean gertatutakoa. Insausti alkatea Ekialdeko Barrutiko batzarrera «etxeko lanak egin gabe» joan zen eta ez zuen Batzarrak eskatutako informaziorik eman, ez zuen aurrekontuetan izoztutako proiektuen zehaztasunik eman. Are gehiago, orain jakin ahal izan dugu, 2023tik partaidetzako hainbat proiektu geldiarazita dituela Udal Gobernuak, besteak beste, Buenavista parkeko argiztapena eta oinezkoen pasabide goratua Txaparrenen. Baina 2023ko partaidetza aurrekontu hauez gain, 2025eko Herrerako pasealekuko argiztapena eta Otxoki pasealekuaren eta Sagastiederren arteko bidegorria proiektuak ere geldiarazita ditu.

Batzarra aukera galdua izan da Alkatearentzat urrats bat aurrera eman eta akatsak zuzentzen hasteko. Partaidetza organo bat da Ekialdeko Barrutia eta EAJ-PSEren Udal Gobernuak ez dio behar duen errespeturik ez sinesgarritasunik eman. «Azken batzarrean eragileek eta elkarteek batzarra utzi zuten egungo egoera konpondu arte, eta guk, EH Bilduk, babesten dugu erabakia. Galdera orain da: zer egingo du Alkateak egoera hori konpontzeko, zer egingo du Ekialdeko Barrutiko partaidetza bermatzeko eta sinesgarri izateko?».

Adierazi dugunez, entitate honen funtzionamendua Ijentea kaletik baldintzatzen eta oztopatzen den bitartean ezinezkoa izango da aurrera egitea eta auzotarren eskariz onartuta dauden proiektuei bide ematea. Udal Gobernuak ez du aintzat hartzen Ekialde Barrutiaren Batzarra horretan sinisten ez duelako, eta erabateko errespetu falta izan da bere diru sailak blokeatzea Batzarrari kontsultatu eta jakinarazi gabe. Edonola, ez da diru sailak izoztea bakarrik, Barrutiaren jarduera bera ere izoztu nahi du Udal Gobernuak, jarduerarik gabe utzi, eta porrotera kondenatu.

Irailean Udal Gobernuak 2026eko udal aurrekontuen kredituak egokitu eta zenbait diru sail ez erabilgarri deklaratu zituen. Kreditu horien artean 2023tik gaur arteko hainbat Ekialdeko Barrutiko diru sail izoztu zituen. Gogoratu behar dugu, gainera, 2023. urteaz geroztik Ekialdeko Barrutiko hainbat proiektu geldiaraziak dituela EAJ eta PSEren Udal Gobernuak, eta aurten gainera txikiagoa da Ekialdeko Barrutiari esleitutako aurrekontua. Azken aurrekontuetan, zehazki, 400.000 euro soilik esleitu dira Barrutian proiektuak gauzatzeko: 200.000 euro partaidetzako proiektuentzat eta beste 200.000 Ekialdeko Barrutiko batzarrak esleitzeko.