Zortzi urte bete ditu Ekialdeko Barrutiak, Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta auzoak barnebiltzen dituen entitateak. Asmoa herritarrentzat erreferentziazko instituzioa bilakatzea zen eta bertatik bertara aipatutako hiru auzoetako bizilagunen bizitzak hobetuko zituen proiektuak martxan jartzea eragileekin eta elkarteekin batera. Bi legealdi baino gehiago igaro dira eta etsipena nagusitu da, tamalez. Egoera honen aurrean, iragan maiatzean publikoki EH Bilduk salatu zuena berresten dugu gaurkoan: denbora galdua izan da Udal Gobernu honek oztopoak ez ezik, konpromiso falta izugarria erakutsi duelako Ekialde Barrutiarekiko.
Udararen atarian 100 eguneko epea eman genion presidente berriari eta Insaustiren Udal Gobernuari bere borondatea zein zen erakutsi zezan. Bada, emandako ‘konfiantzazko’ epea igaro da eta egoerak okerrera egin duela baiezta dezakegu.
Gaur arratsaldean, Ekialdeko Barrutiaren ohiko batzarra dago, eta bertan egongo da Jon Insausti alkatea. Irailean Udal Gobernuak 2026eko udal aurrekontuen kredituak egokitu eta zenbait diru sail ez erabilgarri deklaratu zituen. Kreditu horien artean 2023tik gaur arteko hainbat Ekialdeko Barrutiko diru sail izoztu zituen.
Hori dela eta, egituraketa lantaldeak, Garbiñe Alkiza EH Bilduko ordezkaria buru duen organoak, alkatearen agerraldi eskaera erregistratu zuen egoeraren azalpenak eskatzeko gaur bertan.
Gogoratu behar dugu 2023. urteaz geroztik Ekialdeko Barrutiko hainbat proiektu geldiaraziak dituela EAJ eta PSEren Udal Gobernuak, eta aurten gainera txikiagoa da Ekialdeko Barrutiari esleitutako aurrekontua. Azken aurrekontuetan, zehazki, 400.000 euro soilik esleitu dira Barrutian proiektuak gauzatzeko: 200.000 euro partaidetzako proiektuentzat eta beste 200.000 Ekialdeko Barrutiko batzarrak esleitzeko.
EH Bildurentzat balantzea txarra da: erabaki gunea beti egon da baldintzatuta EAJ eta PSEren Udal Gobernuari. Proposamen asko ezerezean gelditzen dira eta Donostian hainbat erabaki hartzen dira Barrutian horren berri izan gabe. Are gehiago, eta larria dena, maiz Barrutiaren irizpidearen edo iritziaren aurka.
EH Bilduk ez du aldaketarako borondaterik ikusten, izan ere ehun egunak igarota, ez da urrats bakar bat eman eraginkorra ez zena aldatzeko eta benetako parte hartzea eta entzuketa elikatu eta sustatzeko. EH Bilduk behin eta berriz esan du, eta berriro dio: Barrutiak eskumena izan behar du aurrekontuak bertan kudeatzeko Udal Gobernuaren oniritziaren zain egon gabe.
Gauzak aldatzeko, eta Ekialdeko Barrutiari behar duen norabidea emateko, sustraitik aldatu behar dute EAJ-k eta PSE-k. Tamalez, uste dugu beranduegi dela. Eragile, elkarte eta bizilagunek behin eta berriz eskatu arren, ez dute behar bezala babestu. Finean, EH Bilduren ustez, ez dutelako Barrutian sinisten.