AKTUALITATEA


| 2023-05-02 13:37:00

Duela hemezortzi urte, hainbat elkartek eta eragilek ekimen bat abiatu zuten Donostia ekialdean barruti bat sortzeko, Altzako, Bidebietako eta Intxaurrondoko bizilagunok pairatzen genituen gabeziak eta desberdinkeriak leuntzen eta orekatzen hasteko. Hamar urte geroago onartu zen Donostiako Barrutien Organo Araudia, eta amaitzear den 2019-2023 laurtekoa izan du lehen jardun osoa Ekialdeko Barrutiko Batzarrak; tira, ezta osoa ere, Covid-19ak eta Eneko Goiaren erabaki okerrek urtebetez inpase egoeran utzi baitzuten.

Ekialdeko Barrutiaren jarduerako lau urteok nahi eta ezin baten kronika izan dira, besteren artean funtzionamendua ez delako operatiboa izan, Udaleko organo zentralek ez dutelako aintzat hartu, eta ez duelako izan esleitu zaion aurrekontua zuzenean kudeatzeko ahalmenik. Batzarreko elkarteek ezinegona adierazi izan dute horregatik, eta kezka horrekin bat eginik, EH Bilduk ekimenak bideratu ditu Barrutiak garapen eta eraginkortasun osoa lortzeko, lehenbailehen.

Baina Alkateak uko egin dio eskuduntzak delegatzeari, hau da, erabakiak hartzeko ahalmena emateari, horretarako aukera baduen arren, Udaleko idazkari nagusiak txosten batean berretsi bezala; are, ez ditu izendatu, ezta diruztatu ere, badagozkion langileak, eta horrek hainbat ekintza ez garatzea ekarri du, tartean Berdintasuneko lantaldeak proposatutako batzuk. Oztopo teknikoak ere izan dira, udal sailek izan baitute Batzarrak proposatutako ekintza bakoitzaren inguruko azken erabakia; are, nabaria izan da Udaleko sail askok Barrutia eta bere jarduera ez dituztela ezagutzen, eta urruntasun handia sumatu izan dugu. Sarritan, ekimenen proposatzaileok ere ez dugu jakin izan zertan ziren onartutako proiektuak. Jakina, horrela uler daiteke osorik ez erabili izana aurrekontuetako bat bera ere, Barrutia abian jarri zenetik. Gainera, zenbaitetan, Udal Gobernuak instrumentalizatu egin izan du Barrutiaren jarduera, bere izenean iragarrita Barrutikoak ziren zenbait ekimen (adibidez, Bidebietako bidegorria edota Ekialdeko Barrutitik aldizkaria). Gabezia horiei guztiei irtenbidea ematen saiatu garelarik, eztabaida bera ere ukatu izan digu Udal Gobernukoa den lehendakariak; gainera, Batzarrak adostutako lanak eta zerbitzuak zuzentzea eta bultzatzea zegokion arren, ez du aski ekimenik erakutsi horretan, ezta horiei jarraipena egiten ere.

Adierazitakoek erakusten dute Eneko Goiak ezarri nahi izan duela Ekialdeko Barrutiaren hondatze programatu moduko bat; abanta, eta ez abante. Artikulu hau sinatzen dugun hiru zinegotziok, aitzitik, bertakoak gara eta uste osoa dugu Barrutia tresna egokia izan daitekeela Altzako, Bidebietako eta Intxaurrondoko bizilagunontzat, baldin eta aldaketa esanguratsuak egiten bazaizkio: erabakitzeko ahalmena ematea, langile taldea esleitzea, baliabide ekonomikoak handitzea eta komunikazio lan egokia egitea. Barrutiko elkarteek bezala EH Bilduko zinegotziok ere horretan indar handia egin dugu, eta horren adibide ere badira proposatu ditugun ekimen eta aztergai garrantzitsuak ere (adibidez, aurrekontuetarako proposatutako 33 ekintzak, edota gizarte gaiak aztertzeko lantaldea sortzea). Horri esker, uste dugu denon artean lortu dugula udal politika Donostiako ekialdera, hau da, Altzara, Bidebietara eta Intxaurrondora begira jartzea, hein batean bederen.

Ekialdeko Barrutia eratzeak esperantza berri bat piztu zuen bertako bizilagunongan, pentsatzen baitugu Altzarekin, Bidebietarekin eta Intxaurrondorekin Donostiak duen zor historikoa kitatzeko garaia dela, eta gure beharrei eta arazoei irtenbideak bertatik bertara emanda egokiago gobernatuko ditugula gure buruak. Sinetsita gaude lo leku baizik ez izatera kondenatzen gaituzten egungo politikek goia jo dutela; aldaketa behar dugu gure auzoak ekonomiaren eragile bihurtzeko, goi mailako hezkuntza bertan izateko, gure beharrak bertan asetzeko aski zerbitzurekin eta azpiegitura duinekin, bertako bizilagunon bizi maila eta bizi kalitatea gutxienez gainerako auzoen parera hazteko, eta komunitate bizitza betea sustatzeko, belaunaldi, genero eta kultura ezberdinen arteko sinbiosi egoki bat bultzatuta. Beraz, abante aldaketaren alde!