AKTUALITATEA


| 2024-02-23 21:48:00

EH Bilduk, Udal Gobernu honen 2024rako Aurrekontu proiekta sakon aztertu ostean, osoko zuzenketa aurkeztea erabaki du eta hala erregistratu dugu, emendakinak aurkezteko epea amaitzen den honetan.

Hala egiteko bi arrazoi nagusi daude oinarrian. Lehena, ez dela inolako borondaterik egon Gobernu honen aldetik akordio batera iristeko eta, bigarrena, Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenak, bere horretan, ez diela erantzuten hiri honek dituen arazo eta erronka nagusiei.

Iragan urtarrilaren 24an publiko egin genuen, agerraldi bidez, EH Bilduren ustez Donostia hobea egiteko aurrekontu hauek jaso beharko lituzkeen aldaketak. Hiri honek dituen erronka eta arazo handiekin zerikusia duten zazpi proposamen ekonomiko aurkeztu genituen: etxebizitza, urte anitzeko partida batekin, etxebizitza publikoen parkea handitzeko baina eraikitakoa ardatz hartuta; turismoa, urte hauetan kaltetuenak izan diren auzoetan hainbat inbertsio eginez; mugikortasuna, GI-20 errepidean esku hartuz eta hiriguneko lurpeko aparkalekuen erabilera berriak planifikatuz; trantsizio energetikoa, komunitate energetikoak babestuz eta lagunduz; gizarte politikak eta zaintzak, partidak handituz; berdintasuna, aurrekontua bikoiztuz eta Emakumeen Etxeari urte anitzeko partidak esleituz; eta kudeaketa pribatutik publikora jauzia emateko aukera ondare eta zerbitzu batzuei dagokienez, hau da, publifikazioan sakondu.

Eduki ekonomikorik gabeko beste bi proposamen ere jarri ditugu mahai gainean, Donostiak dituen erronka nagusiei erantzun asmoz: etxebizitza babestua sustatzea eta etxebizitzak bizitzeko erabilerara bideratzekoak. Hau, turismoarekin lotuta dago.

«Osoko zuzenketa hau aurkezteko lehen arrazoia da gobernuak ez diela proposamen hauei erantzun, ez da bilerarik izan, ezta honi buruz hitz egiteko dei bakar bat ere. Hortaz, begibistan da, beren aldetik akordioren bat lortzeko borondate politikoa baliogabea izan da. Harrigarria da hiri honetako bigarren indar politikoaren negoziazio eskaintzaren aurrean gobernuak entzungor egitea», tamaldu da Juan Karlos Izagirre EH Bilduren udal taldeko bozeramailea, eskainitako prentsaurrean.

Jabi Vitoria eta Garbiñe Alkiza udal taldeko bozeramaileez lagunduta, Izagirrek osoko zuzenketa aurkezteko arrazoietan sakondu du, erantsiz: «Aztertu dugu Gobernuak egindako proposamena eta konturatu gara ez direla jasotzen guk egindako proposamenak. Are gehiago, neurri batzuk kontrako norabidean doazela. Adibidez, Amara kalean dauden hiru partzela, udalarenak direnak eta, beraz, jabego publikoa dutenak, saldu egin nahi dituzte etxebizitza libreak egiteko, guztiak».

«Aurrekontuak aurrekoen luzapen bat dira, eta ez dute irudikatzen azken urteetako politikengandik gutxieneko aldaketa bat. Aurrekontu honek, beraz, azken urteetako egiteko moduak betikotzen ditu, eta propaganda-izaera argia dute; izan ere, zenbakiak ez datoz bat herritarren eskaerei erantzuten dieten diskurtsoekin», esan du Izagirrek.

Guztira 79 zuzenketa partzial aurkeztu ditugu; hemen, batzuk:

Aurrekontu proiektu honek ez ditu politika egiteko moduak eta norabidea aldatzen eta ez die erantzuten Donostiak eta donostiarrok ditugun beharrei, egunero jasotzen ditugun arren herritarren aldetik mezuak. Mezuak hain begi bistakoak izan arren, Udal Gobernuak ez die heltzen benetan donostiarrak kezkatzen dituztenei.

EH Bildutik pertsonen bizitzak hobetu eta hiri bizigarriago bat egiteko konbikzioarekin erregistratu ditugu zuzenketak. Hemen azpimarratzeko batzuk:

1.- ETXEBIZITZA

1.1 Eduki ekonomikorik gabekoak:

* Etxebizitza babestuaren portzentaia gutxienez %50ekoa izatea bizitegi-berrietan lurzoru pribatuetan.

* Lurzoru publikoetako etxebizitza babestuen ehunekoa maximizatzea.

* Lurzorua kalifikatzeko teknika erabiltzea: Udalak, HAPO berria onartzeko lanenbarruan, etxebizitza babestuetarako lurzorua edo sabaia kalifikatzeko estrategia ezartzea aztertuko du, kasu hauetan: lokalak etxebizitza bihurtzea, eraikinak jasotzea, etxebizitza handiak azpibanatzea, gizarte-areagotzea eta/edo bizitegi jarduketa handiak, eraikuntza berriak edo birgaitze handikoak.

1.2 Eduki ekonomikoa dutenak:

* Zuzenketa bat proposatzen dugu hainbat urtetarako 4,5 milioiko ekarpena jasotzen duen partida batekin (1,5 milioi 3 urtez) Etxegintzari lurzorua eta/edo eraikin degradatuak erosteko.

* Hiri Lorategia-ren eremuan alokairuko 64 etxebizitza babestu eraikitzeko proposamena nabarmendu behar da, 2025., 2026. eta 2027. urteetan gauzatzeko.

* Zenbait zuzenketa aurkeztu ditugu Amara kaleko lursailen salmenta-eragiketa berriz planifikatzeko, Udal Gobernuaren aurrekontu-proiektuan sarrera gisa agertzen dena.

Eta hemen, gure desadostasuna nabarmendu nahi dugu, izan ere Udal Gobernuaren asmoa da Amara kaleko lursail publikoak 7,5 milioi euroren truke saltzea, eremu horretan soilik etxebizitza librea eraikitzeko.

EH Bildu udal-taldearen asmoa da 3 partzeletatik bakarra saltzea, eta, lortutako guztiarekin, Etxegintza finantzatzea, toki horretan babes ofizialeko 20 etxebizitza eraiki ditzan, eta, gainera, kokapen horretan Emakumeen Etxea egokitzea, lokal egoki batekin, eta, horrez gain, auzoaren premietarako lokalak jartzea erabilgarri dauden etxabeetan. Zuzenketak jasotzen du proiektua aurten egitea, eta 2025ean eta 2026an partida bana obra eta finantzaketa lotu eta gauzatzeko.

2.- MUGIKORTASUNA

2.1 Eduki ekonomikoa ez dutenak:

* HAPOaren lanketan GI-20 saihesbidea eraldatzeko aukerak aztertzea.

* PIO XII plaza baretzeko azterlana egitea bertako trafikoa berrantolatzeko eta oinezkoentzako espazioak berreskuratzeko.

* Hiriaren erdialdeko aparkalekuetako emakidadunarekin azterlanak eta negoziazioak hastea, txandakako plazak aldatzeko.

2.2 Eduki ekonomikoa dutenak:

* Txofreko aparkalekua kudeaketa publikora itzultzeko zuzenketa aurkeztu dugu, Dbuseko udal-sozietatea arduratuko litzateke kudeaketaz. Udalaren ekarpena murrizten lagunduko luketen urtero Dbusentzat diru-sarrera arrunten iturri izan daitekeelako.

* Bidegorri berriak sortu. Milioi bat eta erdi, gutxi gorabehera.

3.- PUBLIFIKAZIOA

Une honetan eremu pribatutik kudeatzen diren hainbat zerbitzu edo ekipamendu kudeaketa publikora itzultzeko aukera mahai gainean jartzea egokia ikusten dugu. Udal Gobernuaren aldetik, ordea, ez dago zerbitzuak eta ekipamenduak publifikatzeko aukerak aprobetxatzeko diru lerrorik, ezta borondate politikorik. Izan ere, aurten, esleituta dauden hainbat kontratu iraungi egingo dira.

*Udal eraikinen garbiketa zerbitzua, gaur egun, kanpoko enpresa baten bidez egiten da. Eta uste dugu unea heldu dela kudeaketa Udalak bere gain hartzeko aukeraren gainean hausnartzeko, izan ere aurten iraungitzen da kontratua.

* Txofre aparkalekuaren kudeaketa zuzena.

4.- BERDINTASUNA

Apustua argia da. Berdintasunerako aurrekontua 1.078.736 eurokoa da eta urte hauetan ez da aldaketa nabarmenik izan: Udalaren eta bere sozietateen aurrekontuaren % 0,22 baino ez da, EAE-ko Berdintasunerako Legeak ezartzen duen %1etik oso urrun oraindik.

Gure apustua da legegintzaldi honetan pixkanaka helburu horretara iristea, eta ildo horretatik zuzenduko ditugu gure zuzenketak. Garrantzitsutzat jotzen dugu sail hau indartzea 3 postu berrirekin, Emakumeen Etxeko arreta eta zeharkako koordinazioa indartzeko eta gainerako sailetan eragiteko. Gabezia horren erakusgarri da urteko ekitaldi honetan ere ez direla udal-programa guztiak genero-ikuspegitik aztertzen. Horregatik, oso beharrezkoa da plantillan sartzea.

Gastu arrunteko atal honetan, 1,3 milioi gehitzea proposatzen dugu, partida %100 baino gehiago handitzea da hori.

Inbertsioen kapituluan, Amara kaleko lurzatietan Emakumeen Etxea birkokatzeko konpromisoaren aurrekontua egiteko zuzenketak ere sartu dira. Guztira,  programa honetan 0,8 milioi euroko zuzenketak aurkeztu ditugu 2025ean eta 2026an, eta aurten aurreikusitako 50.000 euroei eutsi diegu.

5.- GIZARTE POLITIKAK

Gizarte arloan 400.000 euroko zuzenketak aurkezten ditugu gastua handitzeko.

Eduki ekonomikoa ez duten neurriei dagokienez, Gizarte politikei zuzendutako aurrekontuak gizarte politiketan inbertitzen direla bermatzea eskatzen dugu. Izan ere, aurrekontuaren zati bat erabili gabe gelditzen denean, aukera dago ‘kreditu-aldaketa’ bidez beste sail batzuetan erabiltzea. EH Bilduren proposamena da Gizarte Politiketan aurreikusitakoa Gizarte Politiketan erabiltzea, eta, edonola, eman daitezkeen kreditu-aldaketak, Udalbatzan erabaki daitezela eta ez Tokiko Gobernu Batzordean eskatzen dugun, prozesua gardenagoa eta parte hartzaileagoa izan dadin. Horretarako, aurrekontua betearazteko arauari zuzenketa bat egin diogu.

6.- TURISMOA ETA AUZOEN ARTEKO DESOREKAK

Turismoaren neurrigabeko hazkundearengatik kaltetuen izan diren auzoetan planifikazio berezirik egitea ere ez da jaso eta periferiako auzoetan egiten diren inbertsio asko ez daude zuzenean erlazionatuta bertan dauden zerbitzu eta ekipamenduen beharrekin.

900.000 euroko diru lerro bat proposatu dugu auzo batzuek duten zor historikoa konpentsatzeko inbertsioen bitartez.

7.- ENERGIA

Komunitate energetikoak kontuan hartu dira, baina apustuak askoz sendoagoa behar duela uste dugu.

200.000 euroko zuzenketa aurkeztu dugu energia-komunitateei dirulaguntzak eta laguntzak emateko partida handitzeko. Gai honetan udal plantilla indartzeko zuzenketa bat ere aurkezten dugu, gai honetan arreta eta aholkularitza espezializatua emango duen teknikari batekin.