AKTUALITATEA


| 2024-02-22 10:07:00

Gero eta gehiago dira gure hirian, herritarren ekimenez, beren etxebizitzetan zein auzoetako eraikinetan eguzki plakak jartzeko asmoak. Larrialdi klimatikoa bizi dugun honetan, premiazkoa da neurriak hartu eta energiaren kontsumoaz zein energiaren ekoizpen iturriez hausnarketa egin eta aurrerapausoak ematea, eraldaketarako bidean.

Donostian baditugu bide horri heldu dioten herri ekimenak, hala nola Igeldoko Kooperatiba Energetikoa edo Añorgako Añargi Kooperatiba, eta beste hainbeste auzotan bizilagunak helburu berarekin antolatzen ari dira dagoeneko. Ziur gaude, EH Bildutik, gehiago izango direla. Gu, aurrerapauso hori emateko prest gaude, konbentzituta hori dela norabide egokia. Edonola, erakunde publikoek badute zer esan eta zer egin, eta uste dugu Udalaren betebeharra eta ardura ere badela norbanakoen zein kolektiboen ekimen horiek sustatu, babestu eta laguntzea, sortzen den burokrazia argitu eta balizko arazoak askatzea. Energia gizartearen ongizatea bermatzeko funtsezko ondasuna da, eta, honenbestez, ekimen publikoari dagokio egokitzapen prozesu hau gizartearen interes komunaren zerbitzura gauzatuko dela bermatzea.

Energia gizartearen ongizatea bermatzeko funtsezko ondasuna da. Hala ere, gaur-gaurkoz energia-sektorea irabazi-interesen arabera jarduten duten enpresa eta inbertsio-funts handien esku dago. Eta energia sektorea demokratizatu egin behar da. Premiazkoa da. Bestelakoan, ez da izango energia-trantsizio justu eta iraunkorrik.

Prozesu horretan sektore publikoak, gizarte zibilak, ezagutzaren eragileek eta eragile ekonomikoek batera parte hartu behar dute, eta ekimen publikoari dagokio, prozesua bera gizartearen interes komunaren zerbitzura gauzatuko dela bermatzea. Erronka klimatikoa, aldi berean, erronka demokratikoa baita.

Jakin badakigu Iberdrola Añorgako Añargi energia berriztagarrien kooperatibak behar bezala funtzionatu dezan oztopoak jartzen ari dela. Hala salatu zuten sustatzaileek beraiek urtarrilean. Eta horri heldu otsailekon Udalbatzan, mozio bidez.

Añargiren arazoak ez dira bakarrak

Aipatu komunitatea eta kooperatiba eratu ondotik, 2023ko urrian eguzki plaken lehen instalazioa jarri zuten Ikastolen Elkartearen egoitzaren teilatuan, Errekalden. Proiektua auzoan bertan, Belartzan kokatua dagoen Gisat S.Coop-ek gauzatu du. 76 plakek osatzen duten instalazioak 50.000 euroko kostua izan du eta erdia baino gehiago Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza baten bitartez ordaindu dute.

Hala ere, orduz geroztik, proiektua geldirik dago, Iberdrola energia enpresak jarritako oztopoak direla eta. Inguruko hornitzaile bakarra den aldetik, Iberdrolari dagokio plakek behar duten kontagailua non eta nola jarri zehaztea.

Horretarako, ezer baino lehen, komunitate eskatzaileak txosten bat aurkeztu behar du. Txostena erantzuteko bi hilabete ditu enpresa energetikoak, eta orduan hasten dira trabak. Izan ere, kooperatibako kideek salatu dutenez, «unean bertan konpondu daitekeen akats nimiño» batengatik ere atzera botatzen dute, eta berriz hasi beharra dago. Ondorioz, urrian jarritako instalazioa oraindik ere ezin izan dute erabili. Eta kooperatiba osatzen duten kideentzat premiazkoa da proiektua lehenbailehen abiatzea, plaketan jarri duten inbertsioa dela-eta.

Añorgakoa, ordea, ez da Iberdrolak atzeratu duen lehen kasua, ezta bakarra ere. Are gehiago, jakin dugunez, Donostian bertan ere Udala parte den hainbat proiektu egoera berean daude.

Krisi ekologikoa azkartzen ari da eta klima aldaketaren ondorioak gero eta nabarmenagoak dira. EH Bilduren agendan lehentasunezko lekua du auziak eta horregatik aurkeztu dugu mozioa gaia Udalbatzan eztabaidatua izan dadin. Proposamena onartua izango da, Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSEk bat egin baitute EH Bilduren idatziarekin, zuzenketa bat proposatu ostean.

Hortaz, EH Bilduren ekimenez, Donostiak Iberdrola espresari eskatu dio ez ditzala oztopatu herritarrek zein Udalak berak eguzki plakak instalatzeko dauden eta egongo diren Energi Komunitateen garapenak eta «bete dezala 244/2019 Errege Dekretuaren 16 bis artikulua, zeinaren bidez autokontsumorako instalazioak aktibatzeko denbora ezin baita izan bi hilabetetik gorakoa».

Helburu horrekin jarduten du EH Bilduk. Eta helburu horrekin hain zuzen hainbat dira aurkeztu ditugun ekimenak. Azkena, iazko azaroan, Udalbatzan onartua izan zena gainera: Donostian Udal Energia Bulegoa sortu eta martxan jartzeko eskatu genion Udal Gobernuari.