Duela urte batzuetatik abandonatuta dago Donostiako Etxaide Borda eraikina (Parada baserria, 48), Estatuko Meteorologia Agentziaren (AEMET) Euskal Herriko Lurralde Ordezkaritzaren egoitza izan zena. Estatuaren titulartasuneko eraikin hori, Estatuko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrean AEMETi atxikita agertzen da, eta 2015ean itxi zen, Lan Ikuskaritzaren ebazpen baten ondoren, Agentziaren lanerako egitura- eta osasungarritasun-baldintza egokiak betetzen ez zituelako.
Eraikina ixtea, erabilera alternatiborik eman gabe, kaltea eragiten die Intxaurrondoko bizilagunei. Alde batetik, zonalde hau erabilera publikoko espazioak eta ekipamenduak handitzeko azpiegitura izan daitezkeelako, eta, bestetik, arrisku-egoerak sortzen dituelako. Izan ere, 2023ko urriaz geroztik, gutxienez bi sute izan dira eraikinaren barruan, azkena, joan den irailean. Egoera horrek kezka piztu du inguru horretatik gertu bizi diren pertsonen artean, eta, aldi berean, Donostiako hiriari espazio horrek emango lizkigukeen aukerak azpimarratu dituzte, proiektu jakin bati eta haren aprobetxamenduari forma emango balitzaio.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduk, Olaia Duarte senatariaren eskariz, mozio bat aurkeztu du Senatuko Ogasun Batzordean (Duarte Donostiako Udaleko zinegotzi ere bada). Mozio horretan, Espainiako Gobernuari eskatu dio, inplikatutako administrazio publikoekin lankidetzan, eraikina doan lagatzeko Udalari, interes publikoko xedeetarako.
Azken urteotan hainbat erabilera-aukera planteatu eta aztertu dira. Hala ere, orain arte ez da inolako akordiorik lortu besterentzeko, ez eta doan lagatzeko ere. Izan ere, Ogasun Ministerioak orain arte izan duen irizpidearen arabera, eraikina harrera etxebizitzetarako erabiliko denean bakarrik egin daitezke doako lagapenak, egoera ahulean dauden pertsonentzat, aldi baterako – premia dagoen aldira mugatuta – eta doan.
EH Bilduk Eneko Goiaren Udal Gobernuari eskatzen dio eskura dituen baliabide guztiak martxan jar ditzala eraikinari irtenbide bideragarri bat emateko, orain arte lagapena gauzatzea eragotzi duen zailtasuna konponduz, eta, horrela, lursaila donostiarren gozamenerako eskainiz.