AKTUALITATEA


| 2021-10-20 12:08:00

Markel Ormazabal

EH Bilduk “Aski da!” ozen bat adierazi nahi du zentzugabekeria berri horren aurrean, jasanezina baita Donostian hotel gehiago eraikitzea, ez hiri-ereduaren ikuspegitik, ezta klima-aldaketaren aurkako borrokaren ikuspegitik ere. Eta, gainera, kasu hau are larriagoa da, dagoeneko arriskuan dagoen Antondegi inguruan egin nahi dutelako.

Eneko Goiak bultzatutako garapen-ereduaren enegarren adibidea da hotel hau. Alkate bezala daramatzan 6 urtetan, hotel berriak bata bestearen atzetik iragartzen ari dira. Denbora honetan, Donostia neoliberalismo gogorrenaren aitzindari bihurtu da. Izan ere, ekainean, ordura arte Goiak dagoeneko 30 baimen berri baino gehiago eman zituela ohartarazten bagenuen ere, azken asteetan azeleragailua zapaldu du eta, abian diren proiektuak tramitatzen jarraitzeaz gain (Mariaren Bihotza eta Pio X, esaterako), lizentzia eman zaio Garibaiko hotelari eta Arte Ederretako hotelari, eta, orain, gaur publiko egiten ari garen hotel berri honi. Berriro diogu: nahikoa da! Donostian aspaldi ez da beste hotel bat ere sartzen. Kontrolik gabeko ugaltze horren ondorioak oso ezagunak dira. Beste hiri batzuetan gertatu dena ikusi besterik ez dago.

Krisi ekologikoari dagokionez, hotel berri hau are ulergaitzagoa da, ibai baten ertzean kokatu nahi dutelako. Erakunde publiko eta pribatu guztietatik, NBEtik, Eusko Jaurlaritzatik edota Foru Aldunditik, klima-aldaketaren ondorioez ohartarazten ari direnean, eta, besteak beste, ibaiertzak gizakiak ez okupatzearen beharraz ohartarazten dutenean, badirudi Donostian batzuek beste alde batera begiratzen jarraitu nahi dutela, klima-aldaketa haiekin joango ez balitz bezala. Eta larriagoa dena: 2020ko martxoan, Donostiako Udalak larrialdi klimatikoaren egoera aldarrikatu zuen, non, beste neurri batzuen artean, “lurralde berrien okupazioa murriztea eta 2010eko Plan Orokorrean lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutako batzuk egiteari uko egitea” eskatzen zuten. Neurri hau eremu batean aplikagarria bada, hori Antondegi da.

Azkenik, aurrekoarekin lotuta, beharrezkoa da Antondegi babestea. Ezin da onartu halako biodibertsitatez betetako berdegune bat arriskuan jartzea, zertarako eta surf-park bat eta hotel berri bat eraikitzeko.

Garbiñe Alkiza

Esan bezala, Antondegi inguruko hainbat bizilagun EH Bildurekin harremanetan jarri dira eta hotel berri honen berri eman digute. Horrekin batera, udalak abandonatuta sentitzen direla adierazi digute. Izan ere, egoerak okerrera egin du azken hilabeteetan Eremuan egin nahi duten aldaketa urbanistiko askoren berri eman die Udalak, den-denak Surf-park eta hotela azpiegitura turistikoen beharrak asetzeko pentsatuak, inoiz ez haien bizimodua hobetzeko.

Eneko Goiak bultzatutako garapen ereduaren beste adibide bat da hau: herritarren benetako beharrei erantzun ordez, interes pribatu jakin batzuk lehenesten ari dira, beste behin ere.

Horregatik guztiagatik, EH Bildutik honako hau salatu nahi dugu:

Hotel berri honek Donostiako Larrialdi Klimatikoaren Adierazpenaren aurka talka egiten du, lursail berriak hartuko dituelako eta eremu berde batean, Antondegin, egin nahi dutelako.

Hotelak ugaritzeak alarma guztiak piztu ditu donostiarren artean. Azken aste hauetan hainbat proiekturi eman zaie argi berdea: Arte Ederrak, Garibai, Sagues, Gros, Erdialdea… eta orain Antondegi. Dirudienez, Eneko Goia buru duen Udal Gobernuak ez du inolako asmorik hiri honentzat hotelak egitetik pasatzen ez dena.

Eta Urumea ibaiertzean egin nahi izatea da azken zentzugabekeria. Nori bururatzen zaio ibai baten ertzean hotel bat eraikitzea? Ez al dugu ezer ikasi uraren eremuetan eraikitzearen ondorioez? Leku guztietatik ohartarazi digute klima-aldaketen ondorioez, eta horien artean, ze arriskutsua eta kaltegarria den ibaiertzak okupatzea.

Garaiz gaude, Antondegiko hotela eta surf-parkea gelditu eta ingurua dagoen bezala utz dezagun!