AKTUALITATEA


| 2021-09-13 12:30:00

Kontxa azpiko tunela egiteko bigarren saiakeraren bezperetan, Zarautz hiribideko eta Zubieta kaleko zenbait bizilagunek euren kezka azaldu diote EH Bilduri, metro pasanteko bi obra-zatietako ABEEetako ordezkariek eskuz eta oso modu bortitzean emandako gutun baten inguruan.

Zarautz hiribidean bizi den bizilagun bati emandako gutun bat publiko egin da azken egunetan. Gutun honen bidez, 1100 euroko kalte-ordaina onartzera gonbidatzen dute, metroaren obrek bere etxebizitzan eragindako kalteengatik. Era berean, etorkizunean, kontu honengatik obraren arduradunei ezer gehiago ez erreklamatzeko exijitzen diete, ez aldi baterako enpresa-elkarteari ez eta Eusko Jaurlaritzari ere.

Badakigu antzeko gutun bat jaso dutela Benta Berriko bizilagun gehiagok, baita Zubieta kaleko bizilagunek ere. Hau da, metroaren obretan gorabehera gehien izan dituzten eta herritarrentzat arrisku gehien eragin duten bi eremuak. Kalte-ordainak Zubieta kaleko eta Zarautz etorbideko zenbait eraikinetan agertutako pitzadurei dagozkie, baita Zarautz etorbidearen atzealdean 2019ko azaroan izandako lur-jausiagatik ere.

Baina gutunaren edukia bera baloratu aurretik, kontu bat aipatu nahi dugu: Metroaren obrek Zarautz hiribideko etxebizitzetan kalterik eragin ez badute, zergatik onartzen du orain ABEEk kaltetutako pertsonei milaka euro ematea?

Gogoratuko denez, 2019ko azaroan, lur-jauzi bat gertatu zen Zarauzko Hiribidearen atzeko hegaletik, hainbat etxebizitzatan sartzeraino. Bizilagunek EH Bilduri baieztatu zioten metroaren obren ondorio zirela, nahiz eta Eneko Goiak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ukatu egin zuten hasieratik, Zubieta kaleko lehen zuloarekin egiten saiatu ziren bezalaxe. Izan ere, Zarautz hiribidean hilabeteak zeramatzaten bibrazioak, pitzadurak eta obren beste ondorio batzuk jasaten. Nahiz eta gero txosten tekniko batek ondorioztatu luizia euriteen ondorio izan zela, bizilagunek sinetsirik jarraitu zuten metroko obrek jauzia eragin zutela.

Ia bi urte geroago, bizilagun horiei kalte-ordaina eskaini diete bere garaian jarritako erreklamazioengatik. Berriro diogu: metroko obrek ez bazuten zerikusirik etxebizitza horietan agertutako pitzadurekin, zergatik orain, pertsona horiei milaka euroko kalte-ordaina eman nahi diete, ABEEk eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakunde publikoak erantzukizunik ez bazuten? Bertsio ofiziala desegiten ari da. Beste behin ere.

Zentzu honetan, Eneko Goia alkatea interpelatu nahi dugu, metroko obrekin zerikusia duen orotan bere rola errotik alda dezan. Orain arte, obren arduradunak justifikatu eta babestu izan ditu beti. Bada garaia metro pasantearen obrek kaltetutako donostiarrak babesten hasteko. Aukera paregabea du gutun horien bidalketatik desmarkatzen.

Bizilagunen kezka ulergarria da. Aipatutako balorazioez gain, EH Bildutik salatu behar dugu, ABEEak eta Jaurlaritza ahalegin handia egiten ari direla bizilagunek kalte-ordainekin batera klausula bat onar dezaten: ez diezaietela gehiago erreklamatu etorkizunean “kontu honengatik”, eraikuntza lanen arduradun diren enpresei eta erakunde publikoei.

Hau da, etorkizuneko kalte-ordainak saihestu nahi dituzte, kosta ahala kosta. Honek talka egiten du administrazio publikoek obra erabat segurua dela eta istripu gehiago ez dela izango eman nahi duten itxurarekin.

Era berean, “kontu honengatik” ez erreklamatzeko eskaerak indefentsio handia eragiten die kaltetutako pertsonei. Orokorregia da, are gehiago arazo berriak sor daitezkeela onartzen dutenean. Eta gogorarazi behar dugu lanak ez direla bukatu eta lurrazpia zulatzen jarraituko dutela. Adibidez, demagun Zubieta kaleko etxebizitza batean aurretik agertutako leku berean agertzen direla pitzadura berriak, edo demagun Zarautz hiribidean beste lur-jausi berri bat dagoela: kaltetuek ezingo liokete ezer erreklamatu Administrazio Publikoari? Ezin da halakorik eskatu.

Gainera, gaur gaurkoz inork ezin du ziurtatu ABEEak orain arte onartutako kalteak egonkortuta daudenik, eta denborak aurrera egin ahala pitzadura horiek ez direla gehiagora joango. Orduan, bizilagunek ere ezin izango dute erreklamatu lehendik sortutako arazoak larriagotzen badira? Ez da inolaz ere onargarria.

Eta aipatutakoaz gain, ezin ditugu onartu Eusko Jaurlaritzaren menpeko ETSk eta ABEEek kaltetutako pertsonekin erabilitako moduak. Izan ere, beren interesen aurkako zerbait sinatzera behartu nahi izan dituzte. Xantaia eta presio horiek berehala ezabatu behar dira euskal administrazio publikoaren jarduteko moduetatik.

Ez dakigu eraikuntza-enpresa pribatuen artean horrelako eskaerak ohikoak diren, baina EH Bildutik ezin dugu inola ere onartu ETS bezalako erakunde publiko bat, Eusko Jaurlaritzaren mende dagoena, jarduteko modu horretan sartuta egotea. Onartezina da herritarrei kalte-ordaina kobratzeko klausula hori sinatzera behartzea, are gehiago erakunde publiko baten aldetik. Erakunde publiko baten jardueraren ondorioz herritarrei gerta dakiekeenaren gaineko erantzukizuna ezin baita inola ere saihestu.

Gutun honi eta modu hauei buruzko azalpenak eskatuko dizkiegu Eusko Jaurlaritzari eta Eneko Goiari. Alde horretatik, Unai Fernández de Betoñok hainbat ekimen aurkeztu ditu gaur Eusko Legebiltzarrean, horri buruzko informazio guztia biltzeko: zenbat gutun bidali dituzte? Zenbat onartu dira? Zer parte-hartze izan du Eusko Jaurlaritzak gutunak egiten? Zenbateraino zekiten beren izenean akordio-proposamenak egiten ari zirela?

Metroko pasantearen obrek ez dute onartzen akats tekniko edo politiko gehiagorik.