AKTUALITATEA


| 2021-04-27 14:05:00

Aldaketa puntual honek hirigintza neurri desberdinak biltzen ditu, baina denak batera bozkatu beharko dira. Horien artean, gogoratu behar da azken orduko neurri bat sartu zuela Udal Gobernuak, epaitegiek pisu turistikoen ordenantza bertan behera uztearen ondorioak saihesteko.

Pisu turistikoen ordenantza 2018ko martxoan aprobatu zen, zalantza legal handienen artean. Izan ere, EH Bilduk orduan ohartarazi zuen bezala, ordenantza honen ibilbidea oso laburra izan da, HAPOn zehaztutakoaren aurka talka egiten zuelako. Hau da, ordenantzak aldatu eta malgutu egiten zituen Donostian pisu turistikoak kokatzeko irizpideak eta lehen solairuko araua de facto ezabatzen zuen. Hala eta guztiz ere, EAJk eta PSEk aurrera jarraitzea erabaki zuten, eta horrela lortu egin zuten ordura arte legez kanpokoak ziren 500 eta 600 pisu turistikoak legeztatzea.

2019ko otsailean aurkeztu zuten EAJk eta PSEk HAPOko aldaketa puntual hau. Prentsaurreko hartan adierazi zuten aldaketaren helburua zela, besteak beste, etxebizitza handiak berezitu ahal izatea. Baina orduan ez zuten ezer planteatu pisu turistikoen erregulazioaren inguruan. Eta 2019ko abenduan Ordenantzaren aurkako lehen epaiak iristen hasi zirenean Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako 3. Epaitegian, Eneko Goiak pisu turistikoen araudia abian zegoen HAPOren aldaketan sartzea planteatu zuen.

Horrela, 2020ko urtarrilaren 16an Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Ordenantza erabat deusez deklaratu zuenean, Goiak bi erabaki hartu zituen: 1) errekurtso bikoitza jartzea EAEko Justizia Auzitegi Nagusian eta TSn, epaia irmoa izan ez zedin, eta lehenengo solairutik gorako pisu turistikoen jabeek euren jarduerarekin jarraitu ahal izateko. Eta 2) Udal Gobernuak iragarri zuen etxebizitza turistikoak HAPOko hirigintza-arauen bidez arautzea, martxan zegoen aldaketa partzialean txertatuz. Udal Gobernuaren aurreikuspena zen HAPOren aldaketa behin betiko onartuta egotea TSPJVren azken epaia ezagutu baino lehen. Laburbilduz, ingeniaritza juridikoko bi maniobra jarri zituzten abian helburu bakarrarekin: lehenengo solairuaren gainetik kokatu dauden pisu turistikoek irekita jarrai dezaten. Beraz, izen-deiturak dituzten pertsona batzuen interesak asetzera bideratutako neurri baten aurrean gaude. Ez da inolaz ere herritarren interes orokorraren aldeko neurria, guztiz kontrakoa baizik. Izan ere, etxebizitza turistikoen gorakadak eragin nabarmena du etxebizitzaren prezioen garestitzean.

Bestalde, Udal Gobernuak ostegun honetako osoko bilkuran onartu nahi dituen beste neurri urbanistikoei dagokienez, EH Bildu ados dago hainbat punturekin, hala nola etxebizitza handiak bereiztea errazteko neurriarekin edo balkoirik ez dituzten etxebizitzetan balkoiak irekitzeko aukera ematearekin. Era berean, ez dugu begi txarrez ikusten bizitegi-eraikin bat hotel bihurtzeko tramitazio berri bat eskatzea (Plan Berezi bat onartzearen beharra), nahiz eta uste dugun gehiago murriztu zitekeela.

Azkenik, auzoetako dendei hainbeste kalte egiten dieten merkataritza-gune handien antolamenduari dagokionez, deigarria da Eusko Legebiltzarrak aho batez onartutako 10/2019 Legean xedatutakoa betetzeko beharrari buruzko zuzeneko aipamenik ez egitea. Izan ere, HAPOren aldaketa partzial honetan, Udal Gobernuak merkataritza-gune handiak ezartzeko mugak kentzea planteatzen du, eta, horretarako, auzitegiek 2015. urtean Donostialdeko LPSa bertan behera utzi izana aipatzen du. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostenak berak gogorarazten dio Udalari, LPSa baliogabetuta geratu ondoren, Eusko Legebiltzarrean beste lege bat onartu dela, 2.500 m²-tik gorako azalera duten merkataritza-zentro berrien ezarpena mugatzen duena. Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritzak ohartarazi dio Udalari HAPOren aldaketak aipatutako muga horiek ezabatzen dituela.