AKTUALITATEA


| 2019-01-11 12:58:00

ALDIZKARIA IKUSI 

Alokairuaren prezioaren etengabeko gorakadak markatu du bukatzear dagoen Eneko Goia eta Ernesto Gascoren legealdia. Salmenta prezioa, gainera, “burbuila inmobiliarioaren” garaiko erritmoan igotzen ari da, eta azken hilabetetan Bartzelonari kendu diogu Estatuko hiribururik garestiena izatearen lekua. Hala ere guztiz ere, udal gobernuak alokairuaren prezioak leuntzeko neurririk ez ditu hartu, ezta etxebizitza eskubidea bermatzeko ezohiko neurririk edo programa berezirik.

Hiririk garestiena izatearen ondorioa da, hain zuzen, hemen inon baino zailagoa dela etxebizitza bat eskuratzea. Eta horren aurrean, udal gobernu batek egoerari aurre egiteko egin beharko lukeena da beste inon baino bitarteko gehiago erabiltzea eta inon baino programa berezi gehiago martxan jartzea.

Eta arlo instituzionalean dagoen hutsunea ikusita, Donostiako EH Bilduk hilabeteak daramatza soluzio berriak lantzen. Gaur aurkezten ari garen hamar neurri hauek zentzu komunean oinarrituak daude, guztiz egingarriak dira, eta legezkoak.

Neurri hauek helburua bikoitza dute: alde batetik, epe motz eta ertainean egoerari aurre egiteko eta herritarron egoera leuntzeko balioko duten neurriak daude (hutsik dauden etxebizitzak alokairuen merkatura ateratzea, pisu turistikoak mugatzea, babestutako etxebizitza gehiago egitea...). Eta beste aldetik, epe luzera begira, egoera errotik aldatuko duten neurriak proposatu ditugu (adibidez, alokairuzko parke publiko handi bat osatzea Donostian).

Aldizkari honetan 10 neurri aurkeztu ditugu, baina askoz gehiago izan daitezke, Donostiak soluzio integral bat behar duelako. Hau da, Donostiak behar duena da donostiarron etxebizitza eskubidea bermatzeko diseinatuta egongo den etxebizitza politika berri bat.

Hurrengo egun eta asteotan eskuetan ditugun 10 neurri hauek partekatuko ditugu. Herritarren iritzia jakin nahi dugu, eta beren ekarpenak jaso. Horretarako, hasiera batean, etxez etxe 80.000 ale banatzen ari gara eta, hurrengo fasean, solasaldiak antolatuko ditugu.

 

ALDIZKARIA. https://issuu.com/ehb-donostia/docs/donostia_etxebizitza