AKTUALITATEA


| 2021-09-22 12:36:00

Kaiko bizilagunak haserre daude, 2020an gertatu zen moduan Eusko Jaurlaritzak aurten ere arrapala itxi baitu. Eremu horrek erabilera publiko eta komunitarioa izan du eta aspaldidanik erabili izan dute aisialdirako kaiko bizilagunek zein gainontzeko donostiarrek, eta berdin bisitariek ere. Orain, ordea, ikastaroak ematen dituztenek eta bestelako ontziek erabili dezakete soilik.

Kaiaren kudeaketa Donostiako Udalaren eskumena ez dela jakinik ere, 2021eko uztaileko Pertsonentzako Zerbitzuen Batzordean interpelazioa aurkeztu genuen, kaiaren erabilera mugatzen duten neurrien aurrean Udal Gobernuaren jarrera argitzeari begira. Bertan, Kirolako, Herri Segurtasunako eta Herri Babesako zinegotzi ordezkariak adierazi zuen aurreko asteotan hainbat hartu-eman izan zituztela Eusko Jaurlaritzaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzarekin, eta besteren artean, hizketagai izan zutela aipagai dugun gaia. Zinegotzi ordezkariaren hitzetan, jarduera nautikoen segurtasuna bermatzeko ez ezik, COVID-19aren hedapena saihesteko hartu zuen Eusko Jaurlaritzak arrapala ixteko neurria, iazko logika berean.

Baina Parte Zaharreko eta kaiko bizilagunen, eta oro har, kaiko erabiltzaileen kezka aspalditik dator, COVID-19 birusak eragindako osasun krisia baino askoz lehenagotik. Izan ere, arrapala ixteko azken erabakiaren aurretik, kaiko espazioaren erabilerari beste hainbat mugapen ezarri zaizkio azken urteotan.

Eusko Jaurlaritzari dagozkion erabaki hauez gain, ordea, kaiko bizilagunek Donostiako Udalak hartutako beste erabaki batzuen inguruan ere ezinegona agertu dute. Kontxako estropaden egunetan osasun neurriak bermatzeko, Donostiako Udalak kaiko sarbideak mugatu ditu. Hain zuzen ere, hilaren 1eko eta 2ko sailkatze estropadetan, eta lehen jardunaldian itxiturak jarri zituzten kaian. Horrek bizilagunen haserrea areagotu du, eta tentsio uneak sortu dira aipaturiko egunetan. Izan ere, uda “gogorra” eta “luzea” izan da bizilagunentzat, Irutxuloko Hitza hedabideak argitaratu duen erreportajean irakurri ahal denez. Besteak beste, kaleko edanak eragindako zarata eta zikinkeria “gehiegizkoa” izaten ari delako.

Donostiako kaia asko aldatu da azken hamarkadetan. Baina gauzak ez dira jazo, besterik gabe. Kaiko espazioaren eraldaketa ez da gertatu, gauari egunak jarraitzen dion naturaltasunarekin. Diseinatua izan da. Eta horri lotuta dago, hain zuzen ere, kaiko bizilagunen kexa nagusietako bat, bizitokia duten eremuari dagozkion erabakiak hartzean ez dituztela inola ere aintzat hartzen. Baina bizilagunek behin eta berriro adierazi izan dute, eta azkeneko bi urte hauetan argi geratu da, erakunde publikoekin behar bezainbeste bilkura egiteko prest daudela kaiko eremua guztientzako erabilgarri eta bizigarri izaten jarraitu dezan. Arrapalaren kasua argigarria da zentzu honetan, izan ere, bizilagunek nabarmendu dute arrapala espazio publikoa dela eta ikastaroen eta herritarren arteko elkarbizitza bermatu behar dela.

EH Bilduren ustez, beharrezkoa da Udalak kaiko bizilagunek beren bizitokiaren gainean erakunde publikoek hartzen dituzten erabakietan parte hartu ahal izateko bitartekoak sortu eta bideratzea; hala nola, eremuaren kudeaketaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren eta bizilagunen arteko hartu-emana erraztuz. Horregatik, EH Bildu taldeak KAIKO EREMUAREN KUDEAKETARAKO BATZORDE EZ IRAUNKOR BAT SORTZEKO PROPOSAMENA hau egiten du:

- Helburua: kaiko bizilagunek beren bizitokiaren gainean erakunde publikoek hartzen dituzten erabakietan parte hartu ahal izatea, eremuaren kudeaketaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren, Udalaren beraren eta bizilagunen arteko hartu-emana erraztuz.

- Osaera: udal talde bakoitzeko kide bat (botoa haztatua izango da), Lehendakaritza eta Gobernantzara atxikitako zinegotzia, Partaidetzako udal teknikari bat, eta, gonbidatu gisa, kaiko bizilagunen bost ordezkari eta Eusko Jaurlaritzaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzako ordezkari bat, eta Euskadiko Kirol Portuak-eko ordezkari bat.

- Iraupena: 12 hilabete.

- Bileren araubidea: hilean behin.