Pilar klinika zaharra zegoen tokian, Intxaurrondon, 44 etxebizitza eraiki dira. Horien artean, 14 etxebizitza tasatu daude eta kudeaketa Donostiako Etxegintzaren esku dago.
Bada, joan den ekainaren 14ko Tokiko Gobernu Batzordean 14 etxebizitza tasatuen prezioak ezarri ziren, eta babestutako etxebizitzak izateko, prezioak benetan neurrigabeak dira, 398.544 eurotara iritsiz.
Ikusten den bezala, legez babes publikoko etxebizitzatzat hartu arren, etxebizitza tasatu horiek ez daude etxebizitza bat behar duten donostiar gehienen eskura.
Horregatik, EH Bilduk Udal Gobernuari eskatzen diogu tramitatzen ari diren etxebizitzen sustapen berrietan etxebizitza tasatuen kopurua minimiza dezala eta babes sozialeko etxebizitzen kopurua (lehen VPO) maximiza dezala.
EH Bilduren ustez, beharrezkoa da Donostian sustatzen diren ekimen pribatuko hirigintza-proiektu guztietan, gutxienez, %50a babes sozialerako gordetzea. Hain zuzen, EH Bilduren bi zuzenketei esker, lortu genuen ehuneko horretara arte gehitzea Ilarran zein Infernuan aurreikusitako babestutako etxebizitza kopurua.
Baina horrekin ez da nahikoa: ahalik eta babestutako etxebizitza gehien bermatzeaz gain, horietako gehienek babes sozialekoak izan behar dute (lehen VPO zirenak), eta tasatuak ahalik eta gutxien eskaini behar dira, eta, ahal den neurrian, etxebizitza sustapenetatik ezabatzen joan sustapen batzuetan.
Jakina denez, etxebizitzen sustapen berri orok, legez, gutxienez, aurreikusitako etxebizitzen %40 gorde beharko du babes publikoko etxebizitzetarako. Ehuneko horren barruan, erdia, gutxienez, babes sozialeko etxebizitzetako (lehen, VPO) izan behar du, eta gainerakoa, etxebizitza tasatuak izan daitezke, aipatutako %40ra iritsi arte. Hau da, legeak ezartzen du gutxieneko bat, eta Udalak erabaki dezake nola banatu portzentajeak.
Donostia da etxebizitza politikarekin arazo gehien dituen euskal hiria. Horren guztiaren ondorioa, zoritxarrez, oso ezaguna da: donostiar asko, batez ere gazteak, euren auzoetatik kanporatuak izan dira, eta inguruko herrietara joan behar izan dute bizitzera. Adibidez, Grosek 1.300 biztanle galdu ditu azken hamarkadan, biztanleen %8. Fenomeno horren atzean daude, besteak beste, pisu turistikoen eta hotelen ugaritzea, funts putreak eta baita ere babestutako etxebizitzen falta (Grosen ez dago bat ere, adibidez). Azken finean, espekulazioa da nagusi gure hirian.
Egoera benetan larria da eta gero eta eragile gehiago Donostian dagoeneko «etxebizitza larrialdian» gaudela salatzen ari dira. Baina, hala eta guztiz ere, Udal Gobernu honek ez du salbuespeneko egoera honi aurre egiteko txokezko planik ezarri eta, gaur egun, ez dago indarrean inongo politika publiko eraginkorrik etxebizitzaren prezioak gure hirian sortzen dituen arazo larriei aurre egiteko.
Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, estrategia integrala ezarri behar da Donostian, hainbat neurri zehatzak erabiliz: etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko, pisu turistikoak eta hotelak mugatzeko, alokairuaren prezioei tope bat jartzeko… Eta, baita ere, babes publikoko etxebizitzen udal-parkea handitzeko, batez ere babes sozialeko etxebizitzak alokairuan, horiek baitira eskatuenak.
Baina argi esan behar da, babes publikoko etxebizitzei dagokienez, Goia alkatearen helburua legez ezarritako gutxienekoak betetzea dela. Bistan da orain arte ez duela egoera larriak eskatzen duen ezohiko neurririk ezarri. Datorren astelehenerako EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeek behartu dugun etxebizitzaren inguruko osoko bilkura berezian, Alkateak beste aukera bat izango du bere politikak aldatu nahi dituela adierazteko.