EH Bilduk ekitaldi politiko bat egin du gaur Garibai kalean, Donostian pairatzen ari garen etxebizitza larrialdiari buelta ematen hasteko ezinbesteko diren bost neurri aurkezteko. Ekitaldi honen bidez, azken asteetan burutu dugun dinamika politikoari amaiera eman diogu. Hitzaldi, bisita gidatu eta abarren bidez, definitu ditugun proposamen hauek eztabaida sozialera eraman ditugu, kalera. Egoerak gehien kalteturiko pertsonei entzun diegu eta beste hiri batzuen esperientzietatik ikasi dugu
Ekitaldian, Reyes Carrere Donostiako EH Bilduren bozeramaileak azaldu duenez, Eneko Goiak bere agintaldian aurrera eramandako etxebizitza politikak «ez du balio izan egoerari buelta emateko. Are gehiago, Goiaren politikek, egin duenagatik eta, batez ere, egiten utzi duenagatik, arazoa larriagotu dute».
Carrerek gogorarazi du Goiari etxebizitzaren arazoaz galdetzen diotenean «beti gauza bera esaten duela, Donostia beti garestia izan dela eta berak ezer gutxi egin dezakeela». Eta alkatearen esaldirik ezagunenetako bat gogoratu du («Zahartu nahi izatea zure auzoan bertan pixka bat exkisitoa da»): «Esaldi honetan laburtzen da nola ikusten duen Goiak hiriaren etorkizuna». Eta gaineratu du: «Imajinatzen al duzue gure inguruko edozein herri edo hiritako alkate batek gazteei esanez etorkizuna bere herritik urrun dagoela? Bada, horixe da Goia jaunak pentsatzen duena, esaten duena eta egiten duena».
Horren aurrean, Reyes Carrere-k defendatu du beste mota bateko etxebizitza-politika publikoei aukera eman behar zaiela: «EH Bildun badakigu oso arazo konplexu baten aurrean gaudela eta ez dagoela barita magikorik arazoa konpontzeko. Baina oso argi daukaguna da ezin dugula gure hiriaren etorkizuna merkatuaren gorabeheren esku utzi, edota inbertsio-funtsen eta espekulatzaile profesionalen esku. Jendea lehen lerroan jarriko duten politika publikoak behar ditugu. Etxebizitza eskubideak espekulatzeko eskubidearen gainetik egon behar du».
Ekitaldiaren lehen zatia aldarrikapenez beteta egon da. Bigarren zatian, Donostiako EH Bilduko kide diren Izar Hernandok eta Maria Irigoienek identifikatu ditugun bost urgentziak azaldu dituzte:
1 - Alokairuaren prezioa mugatzea. Donostia da alokairuaren prezioagatik arazo gehien dituen euskal hiria. Goia alkatea denetik, %35 garestitu da alokairua, eta goraka jarraitzen du. Legearen bidez prezioak mugatu behar dira, jendea bere auzoetatik bota ez dezaten.
2 - Stop etxegabetzeak! Martxoaren 22an, Azorak bere lehen maizterra kaleratu zuen Donostian. Iñakik ezin izan zion aurre egin inposatutako %33ko gehiegizko igoerari. Itxura guztien arabera, kaleratze gehiago egongo dira. Donostiak «etxegabetzerik gabeko hiria» izan behar du berriro.
3 - Funts Putreak kanpora! Egoera okertu egin da etxebizitzarekin espekulatzea helburu duten inbersio-funts horiek Donostiara iritsi zirenetik. Gure hirira espekulatzera etortzea, eta lotsarik gabe adieraztea, elkarbizitzaren aurkako eraso zuzena da.
4 – Alojamendu turistiko berriak izoztu! Goiak onartu egin du 45 hotel inguru ireki direla bere agintaldian. Gainera, lehen solairutik gorako ehunka pisu turistiko legeztatu ditu. Eta horrek guztiak eragin negatibo handia izan du etxebizitzaren prezioan.
5- Etxebizitza soziala bermatu! Milaka donostiar daude etxebizitza publiko baten zain, eta askok kanpora joan behar izan dute bizitzera. Alokairuko etxebizitza publikoen parkea handitu behar da, etxebizitza hutsak eraikiz, birgaituz eta etxe hutsak merkatura ateraz.
Dinamikaren amaiera ekitaldia egin dugu Garibain, kale honetan, lehen bizitzeko erabiltzen zen eraikin bat apartamentu turistikoen bloke bihurtuko delako. Gainera, proiektu hori izan zen lizentzia eman zioten lehena, Goiak beste lizentziarik emango ez zuela iragarri zuenetik bi egunera, 2021eko azaroan. Donostian gertatzen ari denaren adibide paradigmatikoa da hau.