AKTUALITATEA


| 2023-05-15 12:53:00

Donostiako EH Bilduk plazaratu ditu gaur zaintzaren arloko proposamen programatikoak. Olaia Duarteren hitzetan: «Donostiarrok gure bizitza zikloan zehar behar ditugun zerbitzu desberdinak indartu behar ditugu, haurtzarora bideratutako zerbitzuetatik hasita, adineko pertsonen baliabideetara. Baina zaintza sistema indartzeko bide bakarra da urrats sendoak ematea kalitateko zaintza sistema publiko baterantz».

«Posible da bide honetan aurrera egitea, eta halaxe demostratu genuen Donostia gobernatu genuenean», esan du Duartek, gogora ekarriz 2011-2015 legegintzaldian prezio publiko bat jarri zela lehen aldiz Udalaren etxez etxeko laguntza zerbitzuan, «donostiarrek zerbitzuagatik ordaintzen zutena gutxituz».

Baina gauzak aldatu egin ziren Goia Alkatetzara iritsi zenean: «Azken 8 urte hauetan atzerapausoak eman dira Udal gizarte zerbitzuetan eta herritarren eskubideetan, batez ere etxez etxeko laguntza zerbitzua ez delako egokitu herritarren egungo beharretara eta okertu egin direlako auxiliarren lan-baldintzak, azken urteotan ELZko langileek egin behar izan dituzten bi grebek erakusten dutenez. Eta etxeko langileei dagokienez, ez da lanik egin etxeko zaintzaileen lan-baldintzak hobetzeko eta kontratatu nahi dituzten familiei laguntzeko».

Hurrengo urteetarako, Duartek adierazi du EH Bildu gobernatzen duenean «beharrezko baliabideak bermatuko dituela etxean zainduak izatea nahi duten adinekoek modu egokian egin dezaten», baina ohartarazi du «horrek ez duela inola ere esan nahi zaintza lanak emakumeengan soilik eroriko direnik, orain arte bezala».

Hauek dira EH Bilduren lau neurri nagusiak, udalaren eskumenen esparruan, zaintza sistema publikoa indartzeko norabidean:

  • Etxez etxeko zerbitzua 65 urtetik beherako pertsonei eskaintzea. Mendekotasuna era zabalean ulertzen dugu, aldi baterako edo permanentea den zerbait bezala ulertuta. Zerbitzu berriak eskaini eta arreta orduak zabalduko ditugu, sektoreko langileen lan baldintzak duinak bermatuz.

  • Bestetik, Usurbilen egin duten bezala, Donostiako zaintza estrategia munizipalista gorpuzteko, Zaintzaren Kontseilu Sektoriala sortzea proposatzen dugu (eragileek eskatu duten bezala) eta Donostiako zaintzen mapa egingo dugu Donostiako eragileekin batera: etxez etxeko laguntza zerbitzua (SAD), kontraturik gabe zaintza lanetan dabiltzan langileak (migratzaileak, haietako asko), etxeetako langileak, Emakumeen Etxea eta abar. Zaintzaren sektorea traktore ekonomiko oso garrantzitsua da gaur egun Donostian, eta gero eta garrantzitsuagoa izango da gure hiriaren zahartze-prozesuagatik; beraz, ikuspegi estrategiko partekatua behar da.

  • Hirugarrenik, dependentziaren legeak araututako dirulaguntzekin zaintzaileak kontratatu diren etxeetan, Udalak etxeko zaintzaileen lan balditzen jarraipena egingo du, prekarietate egoerak saihesteko eta zaintzak duintzeko.

  • Etxean zahartu ahal izateko, oztopo tekniko eta urbanistikoak gainditzeko laguntzak emango ditugu.