AKTUALITATEA


| 2021-03-18 11:55:00

Metro pasantearen lanak jarraitzen du iluntasuna, arriskuak, inprobisazioa, gainkostuak eta atzerapenak pilatzen. Jakina denez, Easo-Mirakontxa tartearen bigarren lizitaziorako lehiaketa publikoa irekita dago une honetan, eta %130 gainkostua dauka dagoeneko. Gainera, Zubieta kaleko zuloak agertu ondoren, hasiera batean, ETSk 2022tik 2024ra atzeratu zuen metro-pasantea martxan jartzea, baina orain Arriola sailburuak atzeratu egin du berriro, oraingoz, 2025era arte.

Bi zulo horiek agertu izanak - zorte hutsagatik ez dute biktimarik eragin - inflexio-puntua ekarri zuen proiektuan. Ondoren hartu dituzten erabakiek eta arduradunek erakutsi duten jarrerek eragin dute gaur egun proiektuak hasieran zuena baino zilegitasun sozial txikiagoa izatea.

Izan ere, Zubieta kalean lehen zuloa agertu zenetik bederatzi hilabete baino gehiago igaro direnean, oraindik inork ez du bere gain hartu zulo horiek eragin dituen planifikazio txarraren ardura politikoa. Bigarren lizitaziorako egindako eraikuntza-proiektua irakurtzen duen edonork ikus dezake Eusko Jaurlaritzak argi eta garbi onartzen duela Kontxako eremuak “baldintza geotekniko oso txarrak” dituela, eta, beraz, tunel bat azpitik egiteak ura iragaztea eta harea mugitzea eragingo zuela. Ez da sinesgarria, beraz, lehenengo Arantxa Tapiak eta ondoren Iñaki Arriolak ez jakitea Kontxaren azpian “harea eta ura” dagoela, bigarren lizitazioa justifikatzeko esan zuten bezala.

Gertatzen ari den guztiari eman nahi dioten normaltasun itxurak talka egiten du Donostiako gizartearen zentzu komunaren kontra. Eta hori ondo baino hobeto dakite EAJk eta PSEk, eta isiltasun-estrategia bat ezarri dute metro pasantearen inguruan, beste proiektu batzuetan duten propaganda erakustaldiekin kontrastean. Instituzioetan oposizioko taldeen galderei erantzutera behartuta daudenean bakarrik hitz egiten dute metroaz. Hala, Eneko Goiak dagoeneko hartu du EH Bilduk metroari buruz egiten dizkion galderei ez erantzuteko erabakia. Bere esanetan, ez da bere “eskumena”, azken urteetako egitasmorik handiena hiriaren eta alkatearen agenda politikoan protagonista izan behar ez balu bezala. Bide batez, esan behar da Eneko Goiak ez dituela erantzun nahi bere eskumenekoak diren galderei ere, hala nola pertsonen segurtasunari buruzkoak.

Baina, nahi ala ez, entzun egin beharko gaituzte, erakundeetan eta kalean. Guztiz beharrezkoa da EAJri eta PSEri metroarekiko jarrera aldatzeko eskatzea. Oso gai larriei buruz ari gara. Herritarren eta langileen segurtasunari buruz ari gara. Gainera, guztion artean ordaintzen dugun egitasmo oso garestiari buruz ari gara, pandemia baten erdian, eta gutxi batzuen interesen aurrean segurtasuna lehenesteko eskatzeko eskubide osoa dugu.

Beraz, datozen egunetan hainbat ekimen martxan jarriko ditugu, bai instituzionalak bai mobilizatzaileak:

Alde batetik, datorren osteguneko osoko bilkurari begira (martxoak 25), Satorralaiak taldeak eskatuta, Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk mozio bateratua aurkeztuko dugu, erakunde independente batek metro pasantearen obrak hirigunean eta erakinetan izan ditzakeen ondorioei buruzko azterketa geoteknikoa egiten ez duen bitartean bigarren lizitazioa geldiarazteko eskatuz.

Eta, bestalde, Donostiako EH Bilduk kontzentrazio bat deitu du datorren martxoaren 28an, igandea, eguerdiko 12:30ean, Kontxako erlojuetan, “EZ HANDITU ZULOA. PNV-PSE: no hipotequéis más a la ciudadanía donostiarra” lemapean.