Gure hiriaren kirol motorra kirol entitateak eta elkarteak dira, dudarik gabe, urtea joan eta urtea etorri kirola sustatzen aritzen dira eta. Urtetik urtera lizentzia gehiago dago, eta kirol-jarduera dugu Donostiaren nortasunaren ezaugarrietako bat. Izan ere, badira pertsona batzuk —beren borondatez aritzen direnak, gehien-gehienak—, era askotako ekitaldiak antolatzen dituztenak urte guztian, esparru federatutik kanpo, eta, askotan, ekitaldi horiek izaten dira, hain zuzen ere, erakunde horien ekonomikoari eusten laguntzen diotenak.
Ekitaldi horietako batzuk eragin eta inpaktu handikoak dira (Behobia, nazioarteko txapelketak, lehen mailako kirol-topaketak...); beste batzuk txikiagoak dira (herri-lasterketak, zikloturisten martxak, kirol-jokoak...), eta badira jai eta gizarte izaera duten jarduerak ere, hiriko klubak finantzatzeko ezinbestekoak direnak (garagardo azokak, jaietako txosnak, elikagai azokak, merchandising saltokiak, jaialdiak, etab.).
Ekitaldi horiek egin ahal izateko, ordea, espedienteak eta baimenak bideratzeko diren kasuak eta konplexutasunak jakin behar izaten dituzte kudeatzaileek. Izan ere, ekitaldi bat antolatzeko, Udaleko sail bati baino gehiagori eskatu eta bidali behar zaizkio agiriak. Ekitaldiaren neurriaren edo beharren arabera, sail hauen aldeko txostena izan behar da:
Mugikortasun Departamentua
Hiri Mantentze Departamentua
Osasun departamentua
Hondartza Departamentua – Kostak
Beste erakunde batzuk (San Markoko Mankomunitatea, Donostia Kirola...)
Era berean, baimen horiek eskatzeko, beste agiri mordo bat prestatu behar izaten da, eta, askotan, oso konplexua izaten da hori (planoak, homologazio-ziurtagiriak, autobabeserako planak, aseguruak...).
Gaur egun, baimen horiek telematikoki bideratzen dira “GUNE PUBLIKOA”n —teorian leihatila bakarraren lana egiten baitu hark—, eta inprimaki batzuk bete eta lehen aipatutako dokumentazio guztia erantsi behar izaten da. Gertatzen dena da, ordea, benetako “aditua” izan behar dela haren funtzionamendua eta eskakizunak jakiteko, eta, maiz, dagokion sailera bideratzen zaituzte zuzenean, eskaera izapidetzera (osasuna, hondakinak...).
Beraz, denboraldian egin behar izaten dituzten kudeaketa lan ohikoez gainera (federazioekiko harremana; lizentziak, ordutegiak, baimenak eta kuotak bideratzea; partidak eta joan-etorriak antolatzea; talde, kirolari eta entrenatzaileena kudeatzea; babesleak aurkitzea; Udalarekiko, Patronatuarekiko edo beste erakunde batzuekiko harremanak, eta abar), ohiz kanpoko gestio batzuk ere egin behar izaten dituzte gure hirian diren klubek, ekonomikoki eta sozialki aurrera aterako badira.
Udal Gobernuari zailtasun horiei guztiei buruz interpelatu eta zera erantzun zigun Kiroletako zinegotzi ordezkariak: Ez dugu zerbitzu espezifiko bat sortzeko aukerarik aurreikusten.
Gure taldeak, ordea, uste du oso garrantzitsua dela kirol leihatila bakarra martxan jartzeko aukera aztertzea, ekitaldi horiek antolatzea samurtzeko klubei; zerbitzu bat, izaten diren eskaerak koordinatuko dituena, aholkularitza eta behar den informazio guztia emango diena klubei libre diren egun, toki eta instalazioez, baimenak bideratuko dituena, edota sinergiak bilatuko dituena ekitaldi handiagoak sortzeko eta diren baliabideak optimizatzeko.
Horiek horrela direla, hauxe da biharko udal batzarrean Reyes Carrerek aurkeztuko duen mozioa:
“Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio azterketa bat egin dezala kirol leihatila bakarra sortzeko modua izateaz, Donostia Kirolarekin batera jardun eta gure hirian kirol ekitaldiak egiteko egin behar diren kudeaketak egitea zentralizatu, erraztu, arindu eta optimizatu dituen leihatila.”