AKTUALITATEA


| 2022-01-24 12:05:00

Duela egun batzuk, hiriko eragile sozialetan parte hartzen duten hainbat boluntariok eskaera bat aurkeztu zuten Udalean, idatziz eta telematikoki, Donostiako kaleetan lo egiten duten etxerik gabeko dozenaka pertsonarentzako aterpeak irekitzeko eskatuz. Izan ere, gure hiriko kaleetan gero eta etxerik gabeko jende gehiago dago, edonork ikus dezakeen bezala, eta Eusko Jaurlaritzak egindako azterketen eta pobrezia-inkestek baieztatzen duen bezala. Udal Gobernuak berak zenbait txostenetan onartu du gero eta pertsona gehiago daudela kalean, eta jantoki sozial pribatuetako plazak itxi edo murriztu direla.

Donostiako Udalak baliabide hauek ditu etxerik gabeko pertsonentzat, genero-indarkeriaren biktimentzat eta egoera zaurgarrian dauden familientzat eta pertsonentzat.

54 plaza harrera-gune iraunkorrean.

22 plaza Gaueko Aterpean.

21 plaza tutoretzapeko etxebizitzetan.

84 plaza harrera-pisuetan.

Kontua da baliabide horiek guztiak ez direla nahikoak. Gainera, erroldatu gabeko pertsonek edo egoera administratibo irregularrean daudenek ezin dituzte zerbitzu hauek erabili. Hala, Donostian pertsona asko ikusten ditugu edozein txokotan edo pabiloietan bizirauten. Eta gogoratu behar da, era berean, leku horietatik ere etengabe kaleratuak izaten direla (Infernuko fabrika, Mundaiz...).

Aipatutako zerbitzu horietaz gain, Udalak beste baliabide bat du, tenperatura zero gradutik jaisten denean edo kostaldean izozteak izateko arriskua dagoenean aktibatzen dena: La Sirena aterpetxea (Ondarreta).

Urtarrilaren 14an, 100 pertsona hartzeko gaitasuna zuen errekurtso hori ireki egin zen, herritarren eta eragile sozialen salaketa ugarien ondoren, nahiz eta irekiera-protokoloak eskatzen dituen muturreko hotz-baldintzak betetzen ez ziren. 14, 15, 16 eta 17ko gauetan 57 pertsona joan ziren baliabide horretara. Hilaren 18an, berriz, Udal Gobernuak La Sirena itxi zuen, eta pertsona horiek guztiak berriz ere kalera itzuli ziren. Gero, urtarrilaren 20an ireki zen berriro errekurtsoa, eta atzo itxi zen berriro, hotz handia egin arren.

EH Bildun errekurtso horren irekiera puntuala ongi baloratzen dugu, baina ez gatoz bat hain modu arbitrarioan ireki eta ixtearekin. Izan ere, itxita egon den egun hauetan (gaur gauean, adibidez) ere hotz handia egin du. Gure ustez, martxoaren bukaera arte irekita egon daitekeen udal baliabidea da, borondate politikoa izanez gero.

Azpimarratu nahi dugu kalean lo egitea ez dela erabaki pribatua eta pertsonala, eta erakundeok egoera horiei erantzun integrala eman behar diegula. Errealitate horien aurrean, ez da nahikoa adabakiak jartzea, gau jakin batzuetan aterpetxe bat irekiz. Gainera, azpimarratu nahi dugu baliabide horiek genero-ikuspegia izan behar dutela. Izan ere, emakumeentzat zaila da beraientzat egokituta ez dauden espazio horietan gaua pasatzea, baina behartuta daude eta egoera zaurgarriak sortzen dira.

EH Bilduk bat egiten du kolektibo sozial ugarik eta Donostiako Hiritarron Harrera Sareak egindako eskaerarekin. Horrela, La Sirena aterpetxea martxoaren bukaera arte irekita eduki ahal izateko, eta bertara joaten diren pertsonekin lan integrala egin ahal izateko, behar diren baliabide pertsonalak bidera ditzala eskatzen diogu Udal Gobernuari.

Gogora dezagun konfirmamendu garaian frogatu zela Udala gai dela lan hori bera gain hartzeko, gauero etxerik gabeko 100 pertsonak baino gehiagok pasatu baitzuten gaua bertan. Eta gogoratu behar da, era berean, Arartekoak zerbitzu hori ematen jarraitzea gomendatu zuela konfinamendua igaro ondoren, zerbitzu horrek pertsona horien bizitzan eta gizartean sortu zuen onura argudiatuz.