Jakina denez, Donostiako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko prozesua abiatu du, eta ezin dugu ahaztu Plan Orokor oro hiri-eredu jakin baten ispilu dela. Izan ere, Plan Orokorrak hiriaren egitura fisikoan (naturguneak, gune libreak dituen hirigunea, bideak eta eraikinak, publikoak eta pribatuak) soilik eragiten duen arren, honek eragin zuzena du udalerriaren ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-garapenean. Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, beraz, hiri-eredua definitu eta garatzeko tresna garrantzitsua da, garrantzitsuena ez bada.
Plan Orokor berriak esplizituki komunikatu beharko luke lortu nahi duen hiri eredua, eta zentzu honetan, dagoeneko abian den Donostiako HAPO berritzeko prozesua aukera ezin hobea da hiri bezala zer behar eta nahi dugun elkarrekin hausnartzeko.
EH Bildun oso argi dugu: Donostiako hiri-ereduak herritarrak jarri behar ditu erdigunean, interes orokorra kontuan hartu gabe onura propioa bilatzen dutenen gainetik, eta politika publikoak helburu horren lortzera zuzendu behar dira.
Hala ere, agerian geratu da EAJ-PSEren Udal Gobernuak gauzak orain arte bezala egiten jarraitzeko duen asmoa. Izan ere, garatzen dituzten politikek gaur egun indarrean dagoen hiri-eredua sakondu besterik ez dute egiten.
Eta hiri-eredu honek nekez erantzun ahal die ate joka ditugun erronkei. Krisi ekologikoa, energia-krisia, desoreka sozialak... Baina Udal Gobernu honek beste aldera begira jarduten jarraitzen du, oinarri edo printzipio gidariak izan beharko luketenak, lelo edo slogan huts gisa erabiliz. Beraz, zentralizazioaren aldeko apustua egiten jarraituko dute, ez dute inolako talka-neurririk hartuko etxebizitzaren prezioaren igoera geldiarazteko, Donostia masifikazio turistikora eramaten duen eredu bera defendatzen jarraituko dute, eta CO2 isurketak murrizteko eta ibilgailu pribatuak zentrotik ateratzeko neurri zehatzik hartuko dutenik ere ez dago argi, diskurtso antzuetatik harago.
Aldiz, «15 minutuko» hirirantz urratsak eman eta logela-auzoekin amaitzea; hiri-eredu zentralista gainditzea, auzoetan proiektu ekonomiko traktoreak ezarriz; mugikortasun iraunkorraren eta CO2 emisioen murrizketaren aldeko apustu irmoa egitea; etxebizitza eskubidea bermatzea, hori baita donostiarron arazo nagusia; edo berdeguneak artifizializatzeari uztea. Bost ardatz hauek, besteak beste, bat egiten dute EH Bilduk defendatzen duen hiri-ereduarekin. Baina hauek egikaritzeko neurriak behar dira ezinbestean, eta hori izango da EH Bilduren egiteko nagusia Donostiako HAPO berritzeko prozesuan: hitzak ekintza bilaka daitezen lan egitea.
Aldi berean, Udal Gobernuari eskaera zuzen bat egiten diogu: hiriko hamaika eragilek eta elkartek, nahiz askotariko norbanakoek, parte hartze prozesuari egindako kritikak aintzat hartu ditzala, eta egoera zuzentzeko beharrezko bitartekoak sortu eta garatu ditzala. Hirigintza funtsezko elementua da hiriaren eraikuntzan, eta, beraz, guztioi dagokigu horri buruz hausnartzea eta erabakiak hartzea. Azken finean, donostiarron bizi-kalitatea dago jokoan.
Testuinguru horretan, Donostiako 40 eragile eta auzo elkarte baino gehiagok manifestazioa deitu dute biharko, ekainak 18, larunbata, "Donostia Berreskuratu! Hiri Eredua Aldatu!" lelopean. Hitzordua 18: 00etan da Araba parkean. Donostiar guztiok animatu nahi ditugu manifestazioan parte hartzera eta, bide batez, zer hiri eredu nahi eta behar duten hausnartzera.