AKTUALITATEA


| 2022-04-05 12:11:00

Beste behin ere, salatu behar dugu EH Bilduren ekimenez biltzen dela bi hilean behin biltzeko konpromiso esplizitua duen udal batzorde hau. Izan ere, azken bilera abenduaren 9an izan zen, eta, nahiz eta metro-pasantearen obrek alarma sozial handia sortzen jarraitzen duten Donostian, eta Altzarekin lotzen duen adarraren obrak hasi berri diren, Eneko Goiaren gobernuak uko egiten dio Batzorde hau bere ekimenez deitzeari. Pasantearen obrekin zerikusia duen guztiaren gardentasun faltaren beste adibide bat.

Kontxa azpiko tunelaren obrei dagokienez, oraindik ez da jakinarazi 2020ko ekainaren 5ean Zubieta kalean lehen zuloa agertu zenean bertan behera geratu ziren zulaketa lanak berrartu diren edo ez. Hasiera batean, obren ardura zuen ABEEa aldatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak berehala ziurtatu zuen zulaketak 2021eko ekainean hasiko zirela. Jarraian, jakin zen obrek ez zutela Kosta Ministerioaren baimenik, eta zulaketa lanak atzeratu egiten zirela ministerioak eskatutako aldaketak proiektuan txertatu arte. Baimen hori azaroaren 8an iritsi zen eta ETSk berriro ziurtatu zuen zulaketa lanak “hurrengo asteetan” hasiko zirela berriro.

Izan ere, abenduaren 9ko udal batzordearen aktan hitz hitz jasota dagoen moduan, Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendariak ziurtatu zuen Kontxa azpiko «hondaketa-lanei 2022ko urtarrilean ekingo» zitzaiela.

Harrezkero, lau hilabete igaro dira eta ez dute zulaketen berrabiaraztearen jakinarazpen ofizialik egin. Langileen iturriek duela egun batzuk baieztatu zioten EH Bilduri Kontxa azpian ez zirela zulaketak egiten hasi eta lurra indartzeko injekzioekin jarraitzen zutela.

Kontxa azpian zulatzeko bigarren saiakeraren atzerapen metatua 10 hilabete ingurukoa da. Osteguneko Batzordean EH Bilduk berriro galdetuko du atzerapen horren arrazoiez, gaizki konpondutako akats zaharrengatik edo akats berriengatik den. Era berean, galdetuko dugu ea atzerapen berri horrek zer gainkostu ekartzen duten, eta ea aldatu ote duten metro pasantea martxan jartzeko data (azken data 2025eko hasiera zen).

Altza-Galtzaraborda zatiaren obren hasierari dagokionez, uste dugu beharrezkoa dela inguruko herritarrei informatzea obren nondik norakoei buruz, bere iraupena, aurrekontua, arriskuak eta abar. Horri guztiari buruz galdetuko diegu ETSko arduradunei.

Izan ere, pasa den astean, Ekialdeko Barrutiko bileran jorratu zen Altza-Galtzaraborda zatiaren obren hasieraren gaia eta bizilagun batzuek informazio falta eta kezka agertu zuten. Horren aurrean, EH Bilduk konpromisoa hartu zuen bere kezka ETSko batzordera eramateko eta Udal Gobernuari eskatzeko Altzan bilera publiko bat egiteko.

Altza-Galtzaraborda adarraren eraikuntzak Altzako geltokiko zaku-hondoarekin amaituko du eta, metro-pasanteak ez bezala, tren maiztasuna handiagoak ahalbidetuko ditu (7:30 minutuero). Hau da, obra hau funtsezkoa da lurraldeko erabiliena den Irun-Donostia ardatzaren mugikortasun-eredua eraldatzeko, jasangarriagoa izan dadin eta zerbitzu publikoaren kalitatea hobetu dadin.

Aurrekontuari dagokionez, indar politiko guztiok Altza-Galtzaraborda zatiarekin konprometituta gaudela da proiektu honen beste indarguneetako bat. Oso garrantzitsua da hau ziurgabetasun eta krisi garai hauetan, aurreikusten baita proiektu batzuk atzeratu egin beharko direla finantzaketa faltagatik. EH Bilduk argi dauka – beti esan dugu – Altza-Galtzarborda lehentasunezkoa dela beste azpiegitura batzuen gainetik: AHT, Marrutxipiko «pintxazoa» eta, jakina, metroaren pasabidea baino askoz garrantzitsuagoa.