AKTUALITATEA


| 2021-11-12 14:20:00

2022rako aurrekontu proiektua aurkeztu zuen Eneko Goiak joan den urriaren 25ean, eta abenduaren 20rako finkatu zen tramitazio osoaren amaiera. Horretarako, azaroaren 24a ezarri da aurrekontuari zuzenketak aurkezteko azken eguna, eta prozesu horretan, aste honetan zehar udal batzordeak egin dira arlo bakoitzari dagozkion partidak aztertzeko.

Halere, nahiz eta udal-aurrekontuen genero eraginari buruzko txostena funtsezko tresna izan aurrekontuak egiteko prozesuan, oraindik ere ez zaie aurkeztu udal-taldeei. Txosten hori Udal Gobernuarentzat funtsezko tresna da - izan behar luke -, bertan jasotzen diren irizpide teknikoen arabera aurkeztutako proiektua zuzentzeko. Eta zer esanik ez oposizioko taldeentzat, dokumentu hori funtsezkoa da, alde batetik, proiektua bere osotasunean aztertzeko eta, bestetik, zuzenketak ezarritako epean aurkeztu ahal izateko.

Txosten hori Gobernuari eskatu genionetik arrazoizko epe bat igaro da, baina zuzenketak egiteko epeak aurrera doaz eta udal talde honek bere lana egin ahal izateko funtsezko elementu hori ez dauka.

Hiri gisa dugun erronka handienetako bat Berdintasuna lortzea da. Hala ere, Eneko Goiaren alkatetzan ez zaio gai honi duen lehentasunik eman. Adibidez, Berdintasun sailaren aurrekontuei dagokienez, 2022rako aurreikuspenak iazkoen antzekoak dira: 2021ean finkatutako aurrekontuaren % 0,250 izatetik 2022an % 0,254 izatera igaro dira. Alegia, 2022ko berdintasun-aurrekontua elaboratzerakoan ez da kontuan hartu pandemiak emakumeen egoeran izan duen eragina eta, gainera, ez da hobekuntzarik aurreikusten (adibidez, Emakumeen Etxea berritzea).

Ildo horretatik, gogoratu behar da 2021eko genero-eraginaren txostenak argi uzten zuela gabezia larriak zeudela aurrekontuetan. Hobekuntzarik ez dela egin eta aurten aurrekoen bidetik jarraituko dela ikusita, 2022ko txostena ere oso argia izango dela aurreikus daiteke. Zentzuzkoa da pentsatzea atzerapen hori horren guztiaren ondorio dela.

Baina bakoitzaren lehentasun politikoak alde batera utzita, ikuspegi legalari dagokionez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikuluak xedatzen duenez, “administrazio-arau edo -egintza bat egiten hasi aurretik, hura sustatzen duen administrazio-organoak ebaluatu egin behar du zer eragin izan dezakeen proposamenak emakumeek eta gizonek kolektibo gisa bizi duten egoeran. Horretarako, arau edo egintza administratiboan proiektatutako jarduerak emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko helburu orokorrean ondorio positiboak edo kontrakoak izan ditzakeen aztertu behar du”.

Are gehiago, aipatutako Legearen 20. artikuluak honako hau agintzen duenean: "Egindako eraginaren ebaluazioaren arabera, arau-proiektuan edo administrazioegintzan neurriak sartu behar dira, kolektibo gisa hartzen diren emakumeen eta gizonen egoeran izan dezaketen eragin negatiboa neutralizatzeko, antzemandako desberdintasunak murrizteko eta sexuen arteko berdintasuna sustatzeko".

Kontuan hartuta azterketa hori nahitaezkoa dela, eta udal taldeei emandako dokumentazioaren artean txosten hori ez dagoela, txosten hori ahalik eta lasterren bidaltzeko eskaera erregistratu dugu gaur eguerdian, 2022ko aurrekontuak onartzeko prozeduraren tramitazioa eta zuzenketak aurkezteko epeen kontaketa bertan behera utzita, 2022ko aurrekontuen zirriborroa genero-ikuspegitik aztertzeko nahitaezko txostena izan arte.