Albisteak

EH Bilduk eskatu dio Udal Gobernuari hartu ditzala Donostian merkatalgune handien irekiera eta zabalkunde berriak mugatzeko neurriak


EH Bilduk mozio bat erregistratu du gaur Udal Gobernuari eskatzeko hirian merkataritza-gune handien irekiera eta zabalkunde berriak mugatzeko neurriak hartu ditzan, eta, aldi berean, auzoetako dendetan kontsumoa sustatzeko baliabide gehiago jartzeko.

| 2021-12-15 12:17:00

Era berean, EH Bilduk salatu nahi du EAJ-PSEk merkataritza-zentro handiei ematen dieten babes politiko eta teknikoa. Babes horren eragin negatiboa ez da konpentsatzen, inola ere ez, Udal Gobernuak tokiko merkataritzari laguntzeko abian jartzen dituen kanpaina urriekin. Izan ere, kanpaina horiek abian jartzen dira, besteak beste, merkataritza-gune handi horiek auzoetako dendetan sortzen dituzten galera ekonomiko eta sozialak konpentsatzeko.

COVID-19 birusak eragindako pandemiak gogor kolpatu du merkataritza txikia. Hala ere, sektore honen gainbehera osasun krisiaren aurretik zetorrela gauza jakina da, eta arrazoien artean, besteak beste, biztanleriaren kontsumo ohiturak edo merkataritza zentro handien zabalpena aipatu izan dira; biak ala biak elkarrekin harreman estuan dauden arrazoiak.

Testuinguru honetan, arreta berezia eragin digu Garbera merkataritza zentroaren irekiera berriak. 2021eko urriaren 29an, “Garbera Revolution” izeneko kanpainaren harira, merkataritza gune honek azaroaren 24an egingo zuen lehen irekiera berrian parte hartzeko gonbidapena jaso genuen udal taldeok. Biharamunean, berriz, Lehen Alkateorde Nekane Arzallus irekiera ekitaldi honetan egon zela irakurri genuen egunkarietan. Halaber, udal teknikariek proiektu honen sorreran egindako lana ere azpimarratu zuen.

Bestalde, eta Garberaren zabalpen honekin batera, hiriko beste eremu batzuetan ere horrelako gune gehiago irekitzeko asmoak bere horretan jarraitzen dute, hala nola, Belartzan.

Eta arreta berezia eragin digula diogu, izan ere, dagoeneko gauza jakina eta frogatua baita Garbera bezalako merkatalgune handiek komertzio txikiari sortzen dioten galera.

Irekiera edo zabalkuntza berri hau justifikatzeko behin baino gehiagotan entzun dugun argudio da bertako komertzio edo ostalaritzak ere lekua izango duela, baina bertatik pasatzea nahiko da ikusteko atzerriko multinazional kate handiak direla espazio berriko paisaian nagusi: McDonald´s, Foster´s Hollywood, Taco Bell edo Kentucky Fried Chicken.

Bestalde, Marisol Garmendiak batzordean Garberaren zabalkundea balioan jarri zuen bertan sortuko diren lanpostuak direla eta. Bada, Donostiak hamarkada batean komertzio txikiaren %22 galdu du, eta Garberaren eragina nabarmena izan den ekialdeko auzoetan, portzentaia hau oraindik eta handiagoa da. Are eta gehiago, Donostia Sustapenak Garberaren zabalkundeak izango zuen eraginari buruz egindako txostenean, besteak beste, zera zion: irekiera honek 24 komertzio txikiren itxiera eta establezimendu hauetan 72 lanposturen galera eragingo zuela. Ahaztu gabe multinazional horietan sortzen den enpleguaren kalitate eskasa.

Bestalde, Udal Gobernuak sustatzen dituen tokiko merkataritzaren aldeko kanpainak daude, berriki aurkeztu direnak bezalakoak: “Oparitzeko. Donostia” edo hiriaren ekialdean Gabonetako erosketak egiteko banatzen ari diren bonoak (15.000 euroetako aurrekontuarekin). Kanpaina positiboak dira, baina ez nahikoak. Eta, nolanahi ere, ez dituzte konpentsatzen EAJk eta PSEk merkataritza-zentro handiei emandako babes esplizituak (baimenak, udal teknikariak eta multinazional horien interesen aldeko botoak udal osoko bilkuretan) sortzen dituen ondorio ekonomiko eta sozialak.

Baina, epe motz-ertainera, datu hauek okerrera egin dezaketela aurre ikustea ez da zaila. Izan ere, etorkizun gertukoan ditugun erronka handiek, hala nola, krisi ekologikoa eta honi lotutako mugikortasun ereduak eraldatu beharra, merkatalgune handi hauetako bideragarritasun sozial eta ekonomikoa zalantzan jartzen dituzte.

Agortutako eredu baten aurrean gaude, eta erabakiak hartzeko garaia da. Donostiarron ongizatea bermatzeko bizitzaren zerbitzura egongo den ekonomia bat behar dugu. Lurraldearen eta komunitatearen beharretara doitutako ekonomia bat, gertukoa, auzo edo herriak dituen baliabideak ahalik eta egokien aprobetxatuko dituena.

Azken batean, auzo edo herri bizitza eta tokiko merkataritzaren osasuna loturik doaz. Bizitasuna, argitasuna eta segurtasuna ekartzeaz gain, egunerokotasunean behar ditugun produktu eta zerbitzuak etxetik gertu eskaintzen dizkigu. Konfiantzazko eta elkarrekikotasun harremanak sustatu eta sare sozialak sendotzen ditu, eta hauek, bizitza asegarria ziurtatzeko ezinbesteko faktorea dira.

Horregatik guztiarengatik, mozio bat aurkeztu dugu datorren asteleheneko osoko bilkuran eztabaidatzeko:

Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio Udal Gobernuari berehalakoan hartu ditzala Donostian merkatalgune handien irekiera eta zabalkunde berriak mugatzeko neurriak, beti ere kontsumo lokala, ekoizpen lokala eta banaketa lokala sustatzeko bitartekoak handitzearekin batera.