AKTUALITATEA


| 2021-09-14 11:34:00

2021eko maiatzaren 11n, 970/2020 Errege Dekretua sartu zen indarrean; horren bidez, Estatuko hiri guztiak abiadura-muga berriak eta “30. eremuak” ezartzera behartzen ziren. Nahiz eta data zehatza duela hilabete asko ezagutu, eta urteetan zehar neurri hori iritsiko zela iragarri arren, Donostiako Udal Gobernuak, beste hiri batzuek ez bezala, ez zituen etxeko lanak egin, maiatza iritsi zen eta, esan ohi den bezala, zezenak harrapatu zuen.

Gai honetan erakutsitako inprobisazio eta kudeaketa negargarriak erakusten du Donostiako Udal Gobernuak klima-aldaketaren aurkako borrokan eta mugikortasun jasangarri baten alde duen konpromiso-maila. Emisioak murrizteko asmoz gure inguruko hirietan ezartzen ari diren mugikortasun-ereduaren aldaketekin alderatua, Donostia oso atzean geratzen ari da.

Udal Gobernuaren planifikazio txar horrek izan dituen beste ondorioez gain, autobus-zerbitzuak dira kaltetuenetako bat. Izan ere, abiadura-muga berriek dBus-en linea batzuetan ordutegiak betetzeko zailtasunak eragin dituzte. Hori dela eta, Donostiako Udaleko Mugikortasun Sailak eta Dbus-ek hainbat neurri ezarri dituzte. Neurri horietako batzuek zerbitzuak murriztea ekarri dute, bereziki hiriaren ekialdeko zerbitzuetan, eta aldaketa horiek eragina izan dute inguruko bizilagunen mugikortasunean eta garraio publikoaren erabileran.

Murrizketa handiena jasan duena 31. linea izan da, Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza lotzen dituena. Diseinu berriarekin Renfe Herrera, Pikabea, Santa Barbara, Nerecan, San Martzial eta Martillum geltokiak 31. lineatik kanpo geratuko dira. Dbusek geltoki horien erabiltzaileentzako bestelako aukerak eman arren, ordezko zerbitzu horiek eremu honetako bizilagunen mugikortasuna zailtzen dutelakoan gaude, eta ez dutela garraio publikoaren erabilera errazten. Horrek guztiak auzotarren kezka eragin du, eta ekialdeko hainbat elkartek egoera honi soluzioa emateko sinadura bilketa bat jarri zuten, Ekialdeko bizilagunen 660 sinadura bilduz.

Azkenik, hiri barneko abiadura moteltzeko aitzakia baliatuta, Udal Gobernuak ez du Bidebietako auzotarrei osasun etxera iristeko aukera emango zien 38. linearen geltokia ezarriko.

Laburbilduz, murrizketa hauek arazoak gehitzea besterik ez dute egiten lehendik ere aski makala zen Udal Gobernuaren Ekialdeko Barrutirako mugikortasun politikari: bidegorri sarerik ez izatea, bizikletaren sustapen eskasa, DBizi ekialdera zabaltzeko atzerapenak, Topoaren Altza-Galtzaraborda egitasmoa lehentasunezkoa ez izatea, bulebarizazioak eta auzoetan oinezko bideak egiteko asmorik ez izatea....

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk hainbat ekimen jarri ditu martxan sortu duten egoera hori zuzentzeko asmoz. Alde batetik, Pilar Arana mugikortasun-zinegotziaren agerraldia eskatu genuen Ekialdeko Barrutiko mugikortasun lantaldean. Agerraldia hilaren 8an egin zen, eta Udal Gobernuaren ordezkariak murrizketak defendatzera mugatu zen, auzotarrek azaldutako kexei jaramonik egin gabe eta bestelako irtenbiderik eskaini gabe.

Era berean, bihar, irailaren 15ean, egingo den Ekialdeko Barrutiko Udal Batzarrari begira, EH Bilduren ordezkariek, Garbiñe Alkizak eta Zigor Etxeburuak, akordio-proposamena erregistratu dute, bihar bertan ebatzi beharko dena. Esan beharra dago Barrutiko Batzordeak mugikortasun arloko eskumena duela.

Hauxe da, hitzez hitz, EH Bilduk erregistratutako akordio-proposamena:

  1. Arloko zinegotzi delegatuari edo dagokion arduradunari eskatzea Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza 31. lineak egun eskaintzen duen zerbitzua edo haren parekoa izan daitekeena mantendu ahal izateko behar diren baliabideak ezartzeko.

  2. Arloko zinegotzi delegatuari edo dagokion arduradunari eskatzea Ekialdeko Barrutiari dagozkion Dbuseko lineei buruzko azterketa bat egin dezan Mugikortasun Saila, Dbus eta Ekialdeko Barrutia osatzen duten eragileekin batera, Ekialdeko bizilagunen mugikortasun beharrak ezagutzeko eta izan ditzaketen arazoak konpondu ahal izateko.