AKTUALITATEA


| 2020-01-15 12:09:00

Gorren errealitatea ikusezina izateari utzi behar dio, haien eskubideak errespeta daitezen, eta gorren kolektiboari, oro har, eta zeinu-hizkuntzari eta horiek erabiltzen dituztenenei buruzko ezjakintasunari, borondate faltari edo aurreiritziei aurre egiteko.

Euskal gizartean, hainbat erakunde dira pertsona gorren erabateko gizarteratze eta parte-hartzea lortzearen alde lan egiten dutenak, eguneroko bizitza zailtzen dituen komunikazio oztopoak gainditu nahian. Horietako batzuk dira Euskal Gorrak Federazioa, Gipuzkoako Gorrak elkartea, Gainditzen Tolosako gorren elkartea, ASOCIDE pertsona gor-itsuen elkartea eta ARANSGI Gipuzkoako Pertsona Gorren Familien elkartea.

Elkarte hauen guztien helburua da euskal pertsona gorren ahalduntzea, erabateko autonomia lortzea eta gure hiri honetan parte aktibo izatea, eta EH Bilduk bat egin du haien eskaera eta eskubideak ekarriz Donostiako Udalera.

Gorrak gure hiriaren parte aktiboa izan behar dute, eta horretarako, guztiontzako irisgarria izango den Donostia bat sortu behar dugu. Udaletxe honetatik eta udal honek antolatzen dituen ekimen publikoetatik hasita.

Hori horrela, adierazi behar dugu, legealdi hau hasi denetik, EH Bilduk harremana mantentzen duela aurretik aipatutako elkarteekin eta haien eskaerei esker hainbat ekimen bideratu ditugula Donostia Kulturarekin batera:

  • Donostiako Liburutegi guztietan zeinu-hizkuntzako liburuen ezarpena

  • Olentzeroaren desfilean aurten zeinu-hizkuntza interpretea izatea

Bestalde, aipatu behar da, datorren haur danborradari begira, aurten Aitor Ikastolak egingo duen hitzaldiak ere zeinu interprete bat izango duela, Ikastolaren beraren ekimenez.

Baina, bidea hasita, Udal Gobernu honi adierazi nahi diogu, gorren komunitatearen eskaera gehiago ekarriko ditugula udal honetara. Lehenengoa hilabete honetako batzordeetan aurkeztuko dugun proposamena da, baina beste proposamena batzuk ekarriko ditugu atzetik.

Hilabete honetako iradokizunean hau da Udal Gobernu honi egiten diogun eskaera:

  • Donostiako Udalak, instituzio publiko gisa, interpreteak izan beharko lituzke pertsona gorren eskaerak eta beharrak erantzuteko.

  • Donostia Kulturako ikastaroetako batzuk, zeinu-hizkuntza interprete baten laguntzaz eskaintzea.

  • Donostia Kulturak antolatzen dituen urteko ekintzetako batzuetan, zeinu-hizkuntza interpreteak jartzea eta horrela adieraztea komunikabide eta katalogoetan, ekimena ezagutzera emateko.

  • Musika jaialdietarako motxila bibratzaileak erostea, gorrek musikaren bibrazioak sentitu dezaten (horren adibide dugu Pontevedrako udala)

EH Bilduren proposamen hauek aniztasunarekiko, kulturarekiko, nortasunarekiko eta gor komunitatearekiko, zeinu hizkuntzarekiko errespetutik abiatzen dira. Desberdintzen gaituenari eta batzen gaituenari. Aniztasunaren aberastasunean sinesten dugu, gorrok gizarteari egiten diote ekarpena barne, eta Udal Gobernu honek iradokizun hauek kontuan hartuko dituelakoan gaude.