AKTUALITATEA


| 2023-07-20 13:14:00

Aste honetan, Udal Gobernuari galdetu diogu Garapen eta Lurralde Plangintza Batzordean Udal honek Etxebizitza Legea aplikatzeari buruz. Lege hori Madrilen onartu zen, EH Bilduren babesarekin.

 

Jasotako erantzunek gure kezka areagotu baino ez dute egin. Argi dago gai hori ez dela lehentasuna, nahiz eta donostiarrek etxebizitza bat eskuratzeko duten zailtasuna frogatuta egon. Gaur bertan, hedabide batean, gaiaren larritasuna berresten duten datu batzuk agertzen dira: Donostiako etxebizitzen prezioa EAEko hiriburuetako bikoitza da, eta 18 eta 44 urte bitarteko pertsonen % 70ek emantzipatzeko zailtasun handiak dituzte.

 

Batzorde horretan, EAJk eta PSEk osatzen duten Udal Gobernuak Etxebizitzaren Legea gauzatzeko epeetan dituen aurreikuspenen eta atzerapenaren arrazoiei buruzko interesa agertu genuen, izan ere, Lege horrek donostiarrei etxebizitza bat eskuratzeko aukera erraztuko lieke.

 

Edukitzaile handien zerrendari buruz ere ez dakigu ezer, eta etxebizitza hutsen errolda oraindik ez da existitzen. EH Bildutik azpimarratu nahi dugu gobernatzen ariko bagina, Lege hau errealitate bat izango litzatekeela Donostian, egoerak hala eskatzen baitu, eta berehala, gainera. Oso erraza da. Adibide onena Errenteria da, EH Bildu buru duen herria, bere aplikaziorako lehen urratsak eman dituena, etxebizitza eskubidea indartuz, alokairuak topatuz eta ‘tentsiopeko eremu’ izendatzeko konpromisoa hartuz.

 

 

Era berean, larria da EAJk batzordean adierazi izana lege hori «akatsa» dela, eta ondorio kaltegarriak izango dituela adierazi izana, hala nola alokairuak garestitzea eta alokairurako etxebizitzen parkea murriztea. «Nola aplikatuko du alkate batek kaltegarritzat jotzen duen lege bat ?».

 

Baieztapen horiek, nahasmena sortzeaz gain, faltsuak dira. «Horri buruz egindako azterketarik sendoenak 18 hilabetez jarraian merkatuak izan duen bilakaera aztertu du Bartzelonan, eta ondorioek teoria horiek desmuntatzen dituzte, etxebitza eskaintzak gora egin zuela eta prezioek behera egin zutela frogatu baita», adierazi du Juan Karlos Izagirrek, Ricardo Burutaran zinegotziarekin batera egindako prentsaurrekoan.

 

Arazo nagusia da hemen, gure hirian, alokairu iraunkorrera bideratutako etxebizitza sektore turistikora bideratu dela. Asko, gainera, moratoria noiz amaituko zain daude, horretarako gaitzeko.

 

Eperik ez izateak kezka sortzen digu, interesik eza adierazten du, eta are okerrago, erabateko ekimenik eza. «EAJk lege horren aurka bozkatu zuen, baina arduragabekeria da donostiarrentzat hain onuragarria den tresna hori ez erabiltzea. Herritarren interesak eta eskubideak defendatuko dituen alkate bat behar dugu», eskatu du Izagirrek.

 

Udal Gobernu honen ekimen faltaren aurrean, EH Bilduk iniziatiba eta lidergoa hartu ditu premiazko erantzunak emateko. Azaldutakoagatik guztiagatik, eta gure konpromisoa eta erantzukizuna betez, uztailaren 27an mozio bat aurkeztuko dugu Osoko Bilkurara, Donostiak Legea aplikatzeko eta tentsiopeko hiri izendatzeko baldintzak betetzen dituela justifikatzen duten txostenak egiten has daitezen eskatzeko.

 

Urrats horiek eman ondoren, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko arau horrek jasotzen dituen neurri guztiak aplikatzeko eskatuko dugu.

Espero dugu etxebizitzaren alde Osoko Bilkuran gehiengoa
dugunok, alegia, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin alderdiek, mozioa babestea.