Etxebizitza eta etxebizitza sarbiderako dauden zailtasun handiak dira, oraindik ere, donostiarren kezka nagusia. Alde handiarekin, gure hiriak aurre egin behar dion arazorik larriena da. Udalak berak egin eta argitaratu berri duen herritarren pertzepzioari buruzko inkestak ere halaxe egiaztatu du zalantza zantzurik gabe: herritarren heren batentzat Donostiak gaur egun eta etorkizun hurbilean duen erronka garrantzitsuena da. Gaur egungo egoerara ekarri azken urteotako politikek huts egin dute, bete-betean: egoera larria da eta sostengaitza.
Inoiz baino garestiagoa da hirian etxebizitza bat eskuratzea, eta auzokide askok hiritik alde egin behar izan dute. Legearen arabera, 2043rako etxebizitza-parkearen % 20ak publikoa izan behar du, eta gaur egun ia ez gara % 4 iristen. Egungo erritmoa mantenduz gero, arrakala hori handituz joango da. Beraz, EH Bildutik proposatzen ditugun politika berriak behar dira, eskura ditugun tresna guztiak erabiliz: legeak, HAPOren berrikuspena, araudiak eta politika fiskalak, besteak beste.
Borondate politikoa izanez gero, egoera arintzen lagun dezaketen hainbat neurri daude: konponbide bat lortzeko lehen urratsak ematen hastea da helburua, eta konponbide hori hainbat formularen bidez erdietsi behar dugu, arazoa poliedrikoa baita. Irtenbideak ez dira eraikuntza berrian oinarritzen, edo ez soilik, inondik inora. Donostia etxebizitza-hiri tentsionatu izendatzeko Eusko Jaurlaritzari eman behar dion dokumentazioaren zati gisa, EAJ-PSEren Udal Gobernuak datozen hiru urteetarako egin duen Udal Etxebizitza Planean aplikatu beharreko 18 neurri aurkeztu genituen EH Bildutik joan den hilabetean. Orduan esan genuen bezala, hasieratik eskua luzatua izan dugu elkarrizketarako, Plana hobetzeko asmo eta anbizio bakarrarekin. Posible delako. Fase hau amaituta, ohartarazi genuean berretsi dugu: udalbatza honetan gehiengo politiko nahikoa dago proposatutako neurriak babesten dituena, eta horrek posible egiten du, jarrera partidistak alde batera utziz gero, etxebizitzaren arloan akordioak lortzea. Heldutasuna eskatzen dugu egoera honi behar bezala erantzuteko. EH Bildun prest gaude.
Hedabideen aurrean egindako agerraldian, Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Donostiako udal bozeramaileak gogorarazi du abuztuan Etxegintzako Administrazio Kontseilua deitzea eskatu bazuen ere proposamen horiek eta egin diren beste batzuk eztabaidatu ahal izateko, iradokizuna atzera bota zela. Ondoren, baieztatu duenez, Etxegintza irailaren 25ean bildu zen, eta guk defendatzen dugun gehiengoa badagoela egiaztatu zen. Orain prest daude eremu tentsionatua izateko beharrezkoak diren txosten guztiak; egun bakar bat ere itxaron gabe, Eusko Jaurlaritzara bidaltzeko eskatzen diogu Udal Gobernuari.
Hiru lan ildo nagusiak
Gure lan-ildo nagusiak hiru izan dira: babestutako etxebizitza publikoen (BPE) ehunekoa handitzea, kalifikazioa BPE parkea handitzeko erabiltzea eta hutsik edo jenderik gabe dauden etxebizitzak mobilizatzea. Egin genituen 18 proposamenetatik, zazpi onartuak izan dira, beste zazpi onartuak izan dira baina aldaketekin eta lau baztertuak izan dira jasotzen duten muina edo duten norabidea «jada aurreikusita» dagoela baloratu delako. Adibidez, babestutako etxebizitza erostea alokairu babestura bideratzeko proposamena onartu da, baita babestutako etxebizitzen tanteo eta erretraktua ere, nahiz eta horrek «aurrekontu-eskuragarritasun efektiboa» exijituko duen. Degradatutako eremuetan lurzorua erostea, Alokabideren bidez alokairu babesturako etxebizitza hutsak erakartzea edo Etxebizitzen Hutsen Kanona «legez aurreikusitako moduan» ezartzeko azterlana ere EH Bilduren ekarpenak dira, eta aipatu planak jasoko ditu.
Aldaketaren batekin onartutako proposamenen artean, etxebizitza publikoaren ehunekoa handitzea aurreikusten da; “kalifikazioaren” figura erabiltzea etxebizitza babestuaren kopurua handitzeko eraikuntza berrien beharrik gabe; kontrara, ezinezkoa litzateke zenbait auzoetan etxebizitza babestua izatea (Gros, Parte Zaharra eta Erdialdea kasu). Loiolako kuartelei dagokienez, legeak ezartzen duen etxebizitza publikoaren minimoa ( % 40) jasotzen zuen eragiketak; orain, EH Bilduk eskatuta, bideragarritasuna ahalbidetuko duen etxebizitza publikoaren maximoa egingo da.
Era berean, «3/2015 Legeak jasotzen duen bezala, Etxebizitza Hutsen Erregistroan inskribatutako etxebizitzen nahitaezko alokairua aplikatzeko modua aztertzea proposatu dugu, baldin eta, inskribatu zirenetik urtebete igaro ondoren, hutsik jarraitzen badute». Helburua da hutsik dagoen etxebizitza eraiki zeneko helburu sozialera bideratzea: etxebizitza-premiari erantzutea edo bertan bizitzea, alegia.
«Pozik agertu nahi dugu, EH Bilduri esker, Planak lehen aurreikusten ez zituen jarduera-ildoak jasotzen dituelako -adierazi du Izagirrek. Positiboki baloratzen dugu emaitza, baina ez gaitu behin betiko gogobetetzen, egindako aldaketek hasierako proposamenak gutxiesten dituztelako eta hobetzeko tarte handia geratzen delako. Baina orain aurkeztuko den Plan hau, EH Bilduren ekarpenen ondoren, Plan hobea da». Hori esanda, ez da lasaitzeko unea, ez dugu egun bat gehiago ere galdu behar Eusko Jaurlaritzari eskaera formala egin ahal izateko: falta zen txostena daukagu. Presazko gaia da eta ez du atzerapen gehiagorik onartzen.
EH Bildutik konprometituta jarraituko dugu lanean azken urteotan aplikatutako etxebizitza-politikak alda daitezen. Politika horiek ez dute arazoa konpondu; aitzitik, gaur egun etxebizitza eskuratzea inoiz baino zailagoa da, alokatzeko edo erosteko prezio astronomikoekin, urteak dira Donostiako gazteek inguruko udalerrietara joan behar izan dutela tamalez egoerak behartuta. Politika horiek ez dute donostiarren etxebizitza-eskubidea zaindu, eta ez dute interes orokorra defendatu. Politika horiek mesede egin diete higiezinen, eraikuntzaren, finantzen eta turismoaren sektoreei.
Amaitzeko, Izagirrek politika berriak aplikatzea eskatu du, ausardiaz eta anbizioz, interes orokorra zainduko dutenak, eta ez beste merkataritza-interes batzuk. «Berriro diogu, gehiengoa dago horretarako».