AKTUALITATEA


| 2021-06-25 12:18:00

Eusko Jaurlaritzaren arabera, datozen egun edo asteetan hasiko da Kontxa azpiko tunela zulatzeko bigarren saiakera. Gogoratuko denez, zati horretako lanak bertan behera geratu ziren 2020ko ekainaren 5ean, Zubieta kalean lehen zuloa eragin zutenean. Ondoren, beste bi zulo agertu ziren, azkena oso handia, Kontxako kabinen azpian, lehenbizikotik 30 metro baino gehiagora. Berriki, bigarren saio hori ABEE berri bati esleitu zaio. Oraingoz, proiektuaren hasierako aurrekontuarekiko % 56ko gainkostua du, eta 2025era arte atzeratu da, gutxienez. Une honetan, UTE berria zulaketa-lanei berriro ekiteko prestatzen ari omen da.

Berriz ere zulaketa lanak hasten direnean gerta daitekeenagatik Zubieta kaleko bizilagunen, eta donostiar gehienen, kezkarekin bat dator EH Bildu. Gaur egun inork ezin du ziurtatu obrek eragindako istripu berririk ez dela gertatuko. Are gehiago, Mirakontxa-Easo tartearen eraikuntza-proiektu berriak onartzen du trazaduratik oso urrun dauden eraikinen osotasunari ere kalte egin ahal zaiola, argi eta garbi. Izan ere, zuloz, harez eta urez betetako inguru geotekniko ezegonkor batean, horrelako zulaketak egitea oso arriskutsua da.

Gainera, ETSren lan-metodoak ere ez du laguntzen herritarrak lasaitzen. Behin baino gehiagotan, obren jarraipenerako Udal Batzordean, nola lan egiten duten azaldu dute: lehenbizi zulatu egiten dute, eta gero ingurunean eragin diren ondorioak ikusi. Ezin da horrela jokatu hiri barruan. Orain, ETSk ziurtatu du eraikuntza-metodo berria lehen lizitaziokoa baino “seguruagoa” dela, baina obrak hasi zirenean adierazi zuten segurua zela eta ez da hala izan.

Bestalde, behar-beharrezkoa da bai Udal Gobernuari bai Eusko Jaurlaritzari eskatzea aurrerantzean gardentasunez kudeatzen has daitezela. Isiluneak, egia erdiak eta gezur osoak amaitu egin behar dira. Ezin dira izan auzotarrak, sindikatuak edo EH Bildu bera obran zerbait larria gertatzen den bakoitzean horren berri ematen dutenak.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk bat egin du Satorralaiak biharko, larunbaterako, eguerdiko 12:00etan Kontxa pasealekuan, Londres hotelaren ondoan, metro-pasantearen obrak gelditzeko eskatzeko egingo duen kontzentrazioarekin.