AKTUALITATEA


| 2024-04-10 11:28:00

Bretxari buruz EH Bildutik, EAJrekin eta PSErekin batera, adostu ditugun erabakiak publiko egin ondoren, ohar honen bidez gertaeren lehen balorazioa eta  irakurketa plazaratu nahi ditugu:

• Lehenik eta behin, adierazi nahi dugu EH Bilduko udal taldea pozik dagoela Euskadiko Aholku Batzorde Juridikora (EABJ) Bretxa kudeatzeko aurkeztu den espedientearekin, hasieratik negoziazio-mahaiean EH Bilduk egindako proposamenari erantzuten diolako: Udalak eraikin horien kudeaketa zuzena berreskuratzea.

• Bigarrenik, ziur gaude formula hori dela onuragarriena bai herritarrentzat bai udalarentzat berarentzat, eta interes orokorrak lehentasuna duela partikularraren gainetik. Eta hainbat arrazoirengatik:

1.- Zuzeneko kudeaketa eraginkorragoa da.

2.- Zuzeneko kudeaketa diru-iturri egonkorra da toki-administrazioarentzat.

3.- Zuzeneko kudeaketak aukera ematen du espazioak Parte Zaharreko auzoaren beharretara egokitzeko, bai gaur egungoetara, bai etorkizunekoetara.

• Hirugarrenik, komeni da gogoratzea EH Bildu beti egon dela Bretxa kudeaketa publikora itzultzearen alde, azpiegitura hori auzoaren eta auzotarren zerbitzura jartzeko, 2011-15 legegintzaldian frogatu genuenez.

• Laugarrenik, EH Bildutik uste dugu hemen eta orain ez dela ezer amaitzen. EABJ-ko espedientearekin eta egungo kontzesiodunarekin “kontratua  iraungitzeagatik” etenda, prozesuak aurrera jarraitzen du. EABJ-k iritzia eman eta horri buruzko ebazpena jendaurrean jarri ondoren, EH Bildutik lanean jarraituko dugu zuzeneko kudeaketa horrek Bretxaren jatorrizko nortasuna eta izaera bultzatzeko eta berreskuratzeko: merkatu tradizionala eta hurbileko merkataritza. Auzoa egiten du, sareak ehuntzen ditu eta komunitatea indartzen du. Zerbaiten parte izatearen sentimendua zaintzea eta sustatzea ez da kontu txikia, are gutxiago gaur egungo garaietan.

• Ezin da ukatu, eta ezkutatzen zaila da, 2015etik aurrera hartutako erabaki okerren segida eta gestio txarra, kudeaketa pribatuari lehentasuna eman baitzitzaion berriro, Udalak emakidadun pribatuaren nahiaren arabera zaindu behar duen espazio eta interes publikoa baldintzatuz. Hartutako erabakiak, eta EAJ-PSEren lehen legegintzalditik aurrera kudeaketa pribatura itzultzeak eragin zuen atzeraldia, ez dira norabide egokia. Hausnarketa hori hasieratik planteatu dugu, eta beharrezkoa da autokritika egitea.

• Lan handiko hilabeteak izan dira, diskretua eta lankidetzakoa. Agertoki posibleen aurrean, elkarrizketen hasieratik defendatu genuen aukera ona zela bi eraikinen kudeaketa publikoa zuzenean berreskuratzea. Eta hala egin genuen azkenean gauzatu den eta gaur jendaurrean jarri dugun proposamena aurkeztuz.

• EH Bildu izan da irtenbidearen gakoa: kudeaketa publikoa da bidea. Gure ustez, ez dago beste modurik.

Guztion ongizatea izango da beti EH Bilduren helburua, eta, alde horretatik, Parte Zaharra eta Erdialdea bezalako auzoek historikoki aldarrikatu dituzten eskaerei erantzutea da gure betebeharra, baita gure konpromisoa ere. Horren erakusgarri da Bretxa. Esaten duguna egiten dugu, eta egiten duguna esaten dugu.