Donostiako Udalak Eusko Jaurlaritzari helarazi berri dio Easo-Amarako trenbidearen eremua antolatzeko egin duen hasierako proposamena. Honek, bertako bizilagunen eta auzo-elkarteen artean egonezina sortu du; izan ere, herritarren iritzia “entzuteko” eta eremuari eman beharreko erabilerak “eztabaidatzeko” parte hartze prozesua jarriko zuela abian iragarria zuen Udal Gobernuak. Baina, azkenean, hasierako proiektua aurkeztu dute, herritarren iritziak entzun gabe eta erabilerei buruz eztabaidatu gabe.
Iragarritako entzute-mekanismorik abian jarri gabe aurkeztu du Eneko Goiak bere proiektua eta, beraz, ez dago bizilagunen beharretan oinarrituta. Donostiako EAJ-PSEren gobernantza eredu bertikalaren beste adibide baten aurrean gaude.
Badirudi, orain, Udal Gobernuak herritarren parte-hartzeari dagokionez legeak eskatzen duen gutxienekoa egitea baino ez duela planteatzen. Proiektua Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatzeko prozesuan sartuko da, eta prozesu horretan parte hartze legezko mekanismo batzuk aurreikusten dira. Baina hasierako proiektua herritarrei entzun aurretik aurkeztuta egoteak asko mugatzen du bizilagunek hobekuntzak egiteko dituzten aukerak.
Beraz, orain galdera da herritarrek zer neurritan egin ahal izango dituzten ekarpenak, zer neurritan aldatu ahal izango den Udal Gobernuak aurkeztutako proiektua eta nola hartuko diren erabakiak oso proiektu desberdinak aurkezten badira. Bestela esanda, Udal Gobernuak argitu behar du ea parte hartze mekanismo zuzenen bat ezarriko duen erabakiak hartzeko (adibidez, herri-kontsulta bat, Durangoren kasuan bezala, oso antzekoa dena) edo Udal Gobernuak berak izango duen aurkezten diren proposamenen gainean erabakitzeko ahalmen esklusiboa.
Hauek horrela, datorren asteleheneko udal batzordeetan, Donostiako EH Bilduk galdera bat egingo dio Udal Gobernuari. Zehazki, EAJri eta PSEri galdetuko diegu ea zergatik ez duten aintzat hartu Amara eta Morlanseko bizilagunen iritzia bere egitasmoa aurkeztu aurretik eta, beste aldetik, galdetuko diegu ea ba al duen Udal Gobernuak asmorik aurretik ere iragarritako bestelako partaidetza bitartekoak garatzeko.
Gogoratu behar da pasa den otsailaren 22an aurkeztu zuela Udal Gobernuak aipatutako egitasmoa. Hoz Fontan arkitektoen estudioak idatzi du proposamena, 36.350 m2ko antolaketa eremua zehazten du eta, bertan, etxebizitza garapena – 450 eta 500 etxebizitza berri– zein ekipamendurako zazpi eraikin egitea aurreikusi du.
Ez da lehenengo aldia proiektu honen inguruko partaidetzaz hitz egiten dela. 2019ko urtarrilean, esaterako, udal hauteskundeak ate joka ari zirela, orduko Partaidetza zinegotzi Duñike Agirrezabalagak “herritarrek parte hartzeko prozesu bat irekitzea” iragarri zuen.
Bestalde, 2019. urte amaieran Eusko Trenbide Sareak (ETS) zabaldutako kanpainak ere zeresana eman zuen. Lurperatzearen ondorioz libre geratuko den espazioa Donostia eta donostiarrentzat izango dela zioen donostiar guztien etxeetara bidalitako eskuorriak. Baina, aldi berean, Easoko urbanizazio proiektuaren inguruko lehen xehetasunak jasotzen zituen, eta bertan, besteak beste, ETSk 500 etxebizitza baino gehiago eraikitzea aurreikusi zuen.
Hori dela eta, Amara Berri, Morlanstarrak eta Amara Bai auzo elkarteek ETS eta Udala mezu desberdina ematen ari zirela nabarmendu eta bi erakundeon jokabidea salatu zuten. Izan ere, 2019ko urriaren 29an elkarteok bilera bana eskatu zieten Donostiako Udalari eta Euskal Trenbide Sareari, Easoko trenbidearen urbanizazioaren inguruko informazioa jasotzeko. Ez zuten erantzunik jaso. Aldiz, bilera eskaerak egin eta hilabetera atera zituen ETSk eskuorriak. Hiru elkarteek batzea erabaki zuten auzotarrek urbanizazio proiektuan parte hartze aktiboa izan dezatela eskatzeko, eta prentsa-ohar bat bidali zuten hedabideetara. ETSren kanpainak piztutako eztabaidaren ondotik, Udal Gobernuak berriro ere baieztatu zuen partaidetza prozesu bat sustatuko zuela Easoko trenbidearen etorkizuna herritarren bidez erabakitzeko.
Bi urte geroago, 2022ko otsailean, Udal Gobernuak bere egitasmoa aurkeztu du “eremuan bizi diren herritarrekin” inolako hartuemanik izan gabe.