AKTUALITATEA


| 2020-02-20 12:11:00

Etxebizitzarena da Donostiako herritarrak gehien kezkatzen dituen arazoa. Ez da harritzekoa, donostiar asko euren auzoetatik "kanporatuak" izaten ari baitira. Kasu askotan, Astigarragara, Hernanira, Andoainera... edo gure inguruko beste udalerri batzuetara alde egin behar izan dute.

Egoera larri honi buruzko hainbat datu:

  • Alokairuko etxebizitzaren prezioak sekulako gorakada izan du azken urteotan Donostian, eta gaur egun hilean 1.200 euro ingurukoa da.
  • Alokairuko etxebizitza eskatzen ari diren donostiarren kopuruari buruz ezagutzen ditugun azken datuen arabera (Txomin-Eneako alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen zerrendetan inskribatuta daudenak) 9.400 inguru dira. Aurten Donostian 162 babestutako etxebizitza baino ez dira eskainiko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 2020rako Txomin-Enean eraiki behar zituen babestutako 146 etxebizitzak ere geldirik daude, eta obrak hasi gabe. Erritmo horretan 60 urte beharko lirateke egungo eskariari erantzuteko.
  • INEren arabera, Grosek 1.000 biztanle galdu ditu azken hamarkadan, eta Erdialdeak eta Parte Zaharrak %6 inguru. Donostiak %1 irabazi du epe berean.
  • Etxebizitza turistikoak: datu ofizialen arabera, aurreko legegintzaldiaren amaieran, 1200 pisu turistiko baino gehiago zeuden Donostian. Joan den astelehenean, Udal Batzordean, Hirigintza zinegotziak adierazi zuen legegintzaldi honetan dagoeneko 128 pisu turistiko ireki direla, bi egunean behin bat. Lau urteko proiekzio hipotetiko batek egingo bagenu, legegintzaldi honetan Donostiak 800 bizitzeko-etxebizitza baino gehiago galduko lituzke, turismora bideratzeko. Baina pisu turistikoak arautzen dituen araudia dagoen segurtasun juridikorik ezak legezko hutsunea sor dezake, eta pisu turistikoen gaineko kontrola are eta gehiago galdu.
  • Hotelak: Bizitzeko eraikinetan hotelak jartzeko moratoria 2021eko martxoaren 25ean amaituko da. Udal Gobernuak datorren astean onartuko duen HAPOren aldaketaren hasiera berriak urtebete baino gutxiagora murriztu du tramitazio guztia egiteko epea. Esperientzian oinarrituta, oso zaila da tramitazio osoa hain hilabete gutxietan bukatzea, eta, beraz, eszenatoki errealista da pentsatzea datorren urteko martxoaren 26an berriz ere posible izango dela Donostiako bizitzeko eraikinetan hotelak irekitzea.
  • Funts putreak: Azora Donostiara iritsi da eta 321 etxebizitza eskuratu ditu Grosen, Erdialdean eta Amaran. Beste aledtik, Blackstonek Antiguan beste 510 etxebizitza ditu. Denera, 831 familia bizi dira espekulazio basatiaren mehatxupean. Egoera honen aurrean, ez dira ulertzen Eneko Goiaren hitz antzuak: "Azorak konpromisoa hartu du kontratuek indarrean jarraitzen duten bitartean prezioa ez igotzeko". Hara! kontrakoa legez kanpokoa litzateke! Baina kontratuak bukatu ahala alokairuak garestitu egingo direla eta etxebizitza batzuk erabilera turistikorako erabiliko direla gauza jakina da. Udal Gobernuak konpromisoa hartu behar du kaltetutako pertsonei aholku emateko eta espekulatzaile profesional horien aurrean defendatzeko.
  • 3/2015 Legea, ekainaren 18koa, Etxebizitzarena, etxebizitza duin eta egoki bat legez izateko eskubide subjektiboa aitortzen du, eta auzitegietan eskatzeko ekintza publikoa ere ahalbidetuz. Tamalez, ia 5 urte geroago legea apenas ez da garatu. Adibide bat jartzearren, oraindik ezin da aplikatu Donostian dauden milaka etxe hutsak ateratzeko neurri oso egoki bat: bi urte hutsik daramatzan etxebizitza alokatzera ateratzera derrigortzeko neurria.

Datu horiek guztiak oso kezkagarriak dira, eta baieztatzen dute EAJ-PSEren etxebizitza politikak ez duela emaitzarik ematen, arazoak egunetik egunera okerrera egiten duen bitartean.

Gure ustez, etxebizitzari buruzko datuek monitorizazio iraunkorra behar dute, une oro Donostian etxebizitzaren arazoa zein egoeratan dagoen zehatz mehatz jakiteko eta une bakoitzean neurririk eraginkorrenak hartu ahal izateko. Hori dela eta, EH Bilduk behin eta berriz esan du beharrezkoa dela Donostian Etxebizitzaren Behatokia martxan jartzea. Eta gogoratu behar da 2018an hiriko udalbatzak aho batez onartu zuela. Hala ere, onarpen hartatik ia bi urte igaro dira, baina Eneko Goiaren gobernuak osoko bilkuraren mandatua bete gabe jarraitzen du. Datorren osteguneko saioan, atzerapenari buruzko Gobernuaren arrazoiak ezagutzeko aukera izango dugu, eta bide batez, hiriarentzat funtsezkoa den arazo hau konponbidean jartzeko zer egiteko asmoa duten jakiteko.

Behatokiak etxebizitzaren portaeraren jarraipen zuzena egin beharko luke, bai prezioaren bilakaerari dagokionez (modalitate guztietan, alokairua eta/edo erosketa), bai eskaintzari dagokionez. Eta baita ere, Udalak ezartzen dituen ekintzek merkatuan dituzten ondorioen eragina neurtuko luke.