Hartu dugun erantzukizunetik eta herritarrekiko konpromisotik abiatuta, EH Bilduk aste batzuk daramatza buru-belarri lanean EAJ-PSEren Udal Gobernuak mahai gainean 2025erako jarri duen Aurrekontuen proposamena zuzendu eta hobetzeko. Eskuartean dugun eta aurkeztera gatozen aldaketa inoiz baino beharrezkoagoa da, proposatutako aurrekontuak ez baitira gai Donostiak dituen erronka nagusiei aurre egiteko, besteak beste, etxebizitza, belaunaldien arteko kezka nagusia.
Aurrekontu batzuk, edozein dela, aurkezten dituenaren borondate politikoaren isla dira. Baina hortik harago, eta edukiarekin bat etorri ala ez, eska dakieken gutxienekoa kontu sinesgarriak izatea da, ezin dira, kasu honetan bezala, existitzen ez diren eta egongo ez diren diru-sarreretan oinarritu, edo egingo ez diren inbertsioak baieztatu. Adibidez, duela gutxi, EAEko Auzitegi Nagusiak epai bat eman zuen Illarran aurreikusitako hirigintza-proiektua eteteko. Epaiaren arabera, ezingo dira 2025ean espero ziren 13,5 milioi euro jaso eragiketa honengatik. Gogoan izan behar da Eneko Goiaren Gobernuari EH Bildutik galdetu geniola horri buruz, eta baieztatu zitzaigula ez zegoela aurreikuspen hori zuzentzeko asmorik, nahiz eta jakin ezinezkoa zela 2025ean ingresatzea. «Arduragabekeria iruditzen zaigu Gobernuaren aldetik hala jokatzea», adierazi du Juan Karlos Izagirrek.
Donostiako Udalean EH Bilduren bozeramaileak agerraldia egin du ostegun honetan Jabi Vitoria eta Garbiñe Alkiza zinegotziekin batera, osoko zuzenketaren eta alderdi soberanistak proposamena hobetzeko aurkeztu dituen 166 zuzenketa partzialen berri emateko.
«Gobernuak bi aukera zituen -baloratu du-. Lehenengoa, 13,5 milioi euroko zuzenketa egitea, egoki iritzitako gastuak murriztuz, edo, bigarrena, aurrekontu berriak proposatzea, ezinezkoa den diru-sarrera hori zuzenduz. Eta ez du ez bata ez bestea aukeratu, eta, gure ustez, arduragabekeria larria erakutsi du, muzin egin diolako».
Bigarren arrazoi bat ere badago aurrekontu hauek sinesgarriak ez direla esateko: zenbait diru partida aurreikusten ditu, 2025ean gauzatzen hasiko ez direla aldez aurretik onartu arren. Eta hainbat adibide daude: Groseko Miserikordia kaleko puntu kritikoa edo Anoeta inguruko urbanizazioa. Horiek ezin izango dira hasi Adifek edo ETSk 2026rako aurreikusitako obrak amaitu arte. Sorlekuren kasua nabarmenduko dugu: 2024ean aurreikusitako partida ez da exekutatu, eta 2025era pasa da, nahiz eta onartu ez dela nahikoa izango parkea egiteko. Gobernuak berak onartu du hau azken batzordeetan.
Kontuak kontinuistak dira eta ez dute lidergorik, eta herritarren arazoak konpontzeko tresna baino gehiago progapaganda tresna baten antza dute. Horregatik guztiagatik, osoko zuzenketa bat aurkeztu dugu, proposamena itzultzeko eskatuz eta berri bat egin dezan. Era berean, 2 zuzenketa erregistratu ditugu Aurrekontua Betearazteko Arauaren aurka, eduki ekonomikorik gabeko beste 15 zuzenketa eta eduki ekonomikoa duten 166 zuzenketa. Horietatik gehienak, 135, Udalaren kontuetan eragiten dute, eta beste batzuk udal sozietate eta entitateetan: Etxegintza (8), San Sebastian Turismo (7), Dbus (6), Donostia Kirola (4), Sustapena (4) eta Donostia Kultura (2).
Aurkeztutako zuzenketak
EAJ-PSEren Gobernuak historikotzat jo ditu kontu hauek; ordea, diru-sarrera batzuk ez dira iritsiko eta inbertsio batzuk ez dira egingo. Gainera, ez da urratsik emanten berdintasunean, zerbitzuen publifikazioan, larrialdi klimatikoan edo hiri integratzaileago eta anitzago baten alde migrazioa eta kulturartekotasuna bezalako alderdi garrantzitsuak indartuz. Jabi Vitoria zinegotziak aipagarrienetako batzuk azaldu ditu.
1.- ETXEBIZITZA
Etxebizitzari dagokionez, EH Bildutik esan dezakegu «urte galdua» izan dela. Vitoriak zehaztu duenez, Kanpandegi, Infierno, Illarra eta Diario Vasco, ekitaldi honetarako eta hurrengoetarako aurreikusitako garapenak berriro aurrekontuan sartu eta datorren urteetara atzeratu dira.
1.1 – Eduki ekonomikorik gabe:
• Babes Publikoko Etxebizitzen (BPE) % 50 eskatzea lurzoru pribatuko bizitegi-hazkunde berrietan. Etxebizitzaren prezioaren arloan hiriak duen arazo larria ikusita, interes publikokotzat jotzen da, eremu pribatuetan HAPO aldatzeko edozein eragiketatan, babes publikoko etxebizitzetarako (BPE) gordetako ehunekoa gutxienez % 50ekoa izatea.
• Lurzorua kalifikatzeko teknika erabiltzea. Udalak, HAPO berria onartzeko lanen barruan, etxebizitza babestuetarako lurzorua edo sabaia kalifikatzeko estrategiaren ezarpena aztertzea erabakiko du honako kasu hauetan: lokalak etxebizitza bihurtzeko, eraikinak altxatzeko, etxebizitza handiak azpizatitzeko, bizilagun kopurua areagotzeko eta/edo eraikuntza berriko edo birgaitze handiko bizitegi-jarduera handiak egiteko.
• Hirigintza-eragiketen azterketa ekonomiko-finantzarioetan jasotako salmenta-prezioak kontrolatzeko mekanismoak indartzea. Udalak onartu beharreko hirigintza-eragiketen azterketa ekonomiko-finantzarioetan jasotako higiezinen salmenta-prezioen estimazioa merkaturatze-prezio errealekin bat datorrela egiaztatzeko ezarri beharreko neurriak aztertu eta adostuko dira, eta, horrela, horien artean alde nabarmenak egoteak dakartzan kalteak saihestuko dira.
• Eusko Jaurlaritzarekin adostea Amara kaleko udal-titulartasuneko lurzatiak lagatzea. Eusko Jaurlaritzarekin adostea Amara kaleko udal-eraikinak zeuden 3 lurzatietatik 2 lagatzea babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak berak egindako eskaerei erantzunez.
1.2 - Eduki ekonomikoarekin:
• Zuzenketa batzuk aurkeztu ditugu Amara kaleko lurzatien salmenta eragiketa berrantolatzeko. Eragiketa hori bere osotasunean Udal Gobernuaren 2025erako aurrekontu proiektuan agertzen da eta ez gaude ados. Eneko Goiaren Gobernuaren planteamendua Amara kaleko partzelak 7,5 milioi eurotan saltzea baita, eremu horretan etxebizitza librea soilik eraikitzeko. EH Bildu udal taldearen planteamendua da 3 lurzatietatik 2 Eusko Jaurlaritzari lagatzea, eremu horretan BPEak alokairuan eraikitzeko.
• Zuzenketa bat proposatu dugu Etxegintzari urte anitzeko 4,5 milioiko (1,5 milioi 3 urtez) ekarpenarekin lurzorua edota eraikin degradatuak erosteko.
2.- MUGIKORTASUNA
2.1 – Eduki ekonomikorik gabe:
• Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza GI-20 saihesbidea eraldatzeko. Errepide hori eraldatuta, GI-20an liberatutako lurzoruaren izaera berria zehaztu beharko da, eta auzoetan sortzen den ‘lubaki-efektua’ gainditu. Azken batean, GI-20 errepideari izaera berria eman nahi zaio, bide-lotura galdu gabe. Udal Gobernua, foru erakundearekin lankidetzan, saihesbidea eraldatzeko eman beharreko urratsak zehazten has dadila proposatzen dugu (adibidez, lursailak lagatzeko modua, mugikortasun-aldaketen azterketa) eta, horretarako, erakundeen arteko egitura bat sor dezala.
• Udal Gobernuak Mugikortasun Bertikalaren Plan Zuzentzailea berrikusi, onartu eta argitaratzea. Indarrean dagoen Mugikortasun Bertikaleko Gida Plana 2017an onartu zen. Ordutik, igogailu gutxi eraiki dira. Gainera, batzuetan ez zaio eutsi bertan ezarritako ordenari, eta horrek egoera txarrak eragin ditu zenbait auzotan. Hiriko Mugikortasun Jasangarriaren Planak bere ekintza-planean, zehazki 1.7 puntuan, aurreikusten zuen 2024an Mugikortasun Bertikalaren Plan Zuzentzailea berrikustea eta onartzea.
2.2 – Eduki ekonomikoarekin:
• Lurpeko aparkalekuen emakidadunekin negoziatzen hastea, Emisio Baxuen Eremuaren barruan dauden txanda-plazen erabilera aldatzeko.
• Zentroko parkinetan txandakako plazen liberazio horrekin batera, hiriaren kanpoaldean disuasio-aparkalekuak instalatzeko urte anitzeko inbertsioa proposatzen dugu: milioi bat euro 2025ean, 400.000 euro 2026an eta 400.000 euro 2027an.
• Ategorrieta inguruko trafikoa arintzeko azterlana (biribilgunea eta galtzada zaharra), tokiko trafikoa berrantolatzeko eta oinezkoentzako eta txirrindularientzako guneak lehenesteko. 50.000 euroko partida proposatzen dugu.
• Bidegorri berriak. 1.200.000 euroko partida ekonomikoa proposatzen dugu, besteak beste, Mirakruzen, Martutene-Sarroetan eta Igaran dauden beharrei erantzuteko. Urte anitzekoa da, eta 2025ean (800.000 euro) eta 2026an (400.000 euro) gauzatuko da.
3.- BERDINTASUNA
3.1- Eduki ekonomikorik gabe:
• Udal Gobernuak auzoz auzo puntu kritikoak identifikatzeko eta eraldatzeko prozesuei ekitea, zonalde bakoitzeko eragileen parte-hartzea sustatuz. Segurtasuna kezka den garaiotan, ikuspuntu desberdinetatik esku-hartzerik egiten ez bada, herrenka ibiliko gara. Alde horretatik, oso garrantzitsua da segurtasunari arreta jartzea hirigintzaren eta auzoetako sare komunitarioaren ikuspegitik. Segurtasuna, ikuspegi polizialetik bakarrik jorratu beharrean, esku-hartzea osatu behar dugu, segurtasunaren pertzepzioa beste ikuspegi batzuetatik hobetzeko. Horregatik guztiagatik, hiri osoaren hedadura kontuan hartuko duen prozesu bat behar dugu, auzoz auzo puntu kritikoak identifikatu eta esku-hartzeak diseinatu, auzoko eragileak inplikatuz. Jakina, diseinu horiek gauzatzeko planak datozen urteetan jarri beharko lirateke aurrekontuan.
• Udal Gobernuak Emakumeen Etxeak kokapen berriari buruz hartutako erabakia errespetatzea, haiek ezarritako baldintzak eta lehentasunak kontuan hartuta.
• Gizonezkoen kirol txapelketetan emakumezkoen lehiaketa ere egotea. Udalak antolatzen dituen kirol-deialdi guztietan parekotasuna bermatuko da eta hori gauzatzeko plangintza egingo da. EH Bilduren proposamena pixkanaka-pixkanaka kirol guztietan parekidetasuna egotea da. Pilotarekin hastea proposatzen dugu, zehazki, 2025eko Donostia Hiria Torneoan ere emakume profesionalen lehiaketa egotea iradokitzen dugu.
3.2 – Eduki ekonomikoarekin:
• Apustua argia da. Berdintasunerako aurrekontua 1.088.726 eurokoa da, eta urte hauetan ez da aldaketa esanguratsurik izan: Udalaren eta bere sozietateen aurrekontuaren % 0,21 baino ez da, EAEko Berdintasunerako Legeak ezartzen duen % 1etik oso urrun.
• Uste dugu garrantzitsua dela sail hau indartzea 3 lanpostu berrirekin, Emakumeen Etxean zeharkako arreta eta koordinazioa indartzeko eta gainerako sailetan eragiteko. Gabezia horren erakusgarri da aurtengo aurrekontuan, aztertzen diren programetatik, gastu eraldatzailerik ez duten programak daudela oraindik, eta udal-programa guztiak ere ez direla genero-ikuspegitik aztertzen. Horregatik, oso beharrezkoa da sail honetako plantilla indartzea (135.000 euro).
• Iazko aurrekontuetatik pobreziaren feminizazioaren eta prekarietatearen aurkako estrategiari eutsi zaio. Ikerketan ez ezik, estrategiaren ezarpenean ere jartzen dugu arreta. 26.500 €-tik 176.500 €-ra igo dugu partida.
• Mariren Alabak elkartea. 60.000 €, lekurik ez dagoenerako eta baldintzak betetzen dituen lokal bat erosteko (+60.000€).
• Txiki Txoko proiekturako partida handitzea proposatzen dugu (+75.000 €). Guraso bakarreko familia migratzaileei babesa emateko eta seme-alabak zaintzen eta kontziliatzen laguntzeko ekimena da.
• 800.000 €-ko partida, datorren urtean Emakumeen Etxea egiteko. Gure ustez, Emakumeen Etxea birkokatzeko konpromisoak aurrekontu-itzulpena izan behar du. Udal Gobernuak kokapen berri bat eman nahi badu, horretarako dirua jarri behar du; ez da nahikoa aurten ere lerro honetarako ekarpen bakarra proiektua gauzatzeko partida izatea (+800.000 €). Guztira, 1.416.000 euroko zuzenketak aurkeztu ditugu programa honetan 2025 eta 2026an.
4.- GIZARTE POLITIKAK
4.1- Eduki ekonomikorik gabe:
• Aurrekontua betearazteko araua aldatzea, gizarte-gastua blindatzeko. Gizarte-politiketara bideratutako aurrekontuak gizarte-politiketan inbertitzen direla bermatzeko eskatzen dugu honakoa. Izan ere, aurrekontuaren zati bat erabili gabe geratzen denean, beste partida batzuetan ‘kreditua aldatuz’ erabil daiteke. EH Bilduren proposamena da Gizarte Politiketan aurreikusitakoa gai honetan erabiltzea, eta, nolanahi ere, gerta daitezkeen kreditu-aldaketak, Osoko Bilkuran adostea, eta ez Tokiko Gobernu Batzarrean, prozesua gardenagoa eta partehartzaileagoa izan dadin. Aurrekontuak betearazteko arauari bi zuzenketa aurkezten dizkiogu.
4.2 -Eduki ekonomikoarekin:
• 2025erako 1.190.000 euroko balioa duten gizarte zuzenketak aurkeztu ditugu, gastu soziala handitzeko eta benetan ‘inor atzean gera ez dadin’ lortzen saiatzeko. Zehazki, higienezerbitzua duen jantoki sozial bat gaitzeko, urte anitzeko 1.000.000 euroko partida bat proposatzen dugu, 600.000 euro 2025erako eta 400.000 euro 2026rako.
• 300.000 eurotan handitzea Gizarteratzeko partida, negu osoan La Sirena aterpetxean elikadura-zerbitzuarekin kaleko egoeran dauden pertsonen arreta bermatzeko.
• Zaintzaren sektorea. 100.000 euro etxeko langileei aholkularitza eta laguntza emateko programarako.
• Kultura-aniztasuna. Segurtasun-itun integral baterako (50.000 euro), donostiar berriei harrera egiteko (50.000 euro) eta arrazismoaren eta gorroto-delituen aurkako protokoloa egin, onartu eta ezartzeko proiektua (50.000 euro).
5.- TURISMOA
5.1 – Eduki ekonomikorik gabe:
• Hiria eta auzoak bizigarri egiten dituzten funtsezko aldagaiak identifikatzea eta horietako bakoitzaren karga turistikoaren ahalmena zehaztea. Prozesu horrek ezinbestean eskatzen du hiriaren ikuspegia, eta, beraz, ahalik eta adostasun handienarekin egin behar da, esparru politikoa, turismoaren sektorea eta, batez ere, gizarte zibila elkarrizketan jarriz.
5.2 – Eduki ekonomikoarekin:
• Turismoa sustatzeko aurrekontuan jasotako gastua murriztea (800.000 euro).
Auzoak biziberritzeko zuzenketak
Beharrezkoa den norabide aldaketa markatzen duten eta laburbildu berri ditugun proposamen esanguratsuenak alde batera utzita, EH Bildutik zuzenketak proposatu ditugu zenbait auzoetan ehobekuntzak egiteko 2,6 milioi eurogatik. Zehazki, 600.000 euro Bidebietan Kultur Etxea egiteko; zalantzarik gabe, zor historikoa. Halaber, 300.000 euroko partida bat industrialdeak hobetzeko eta egokitzeko lanetarako, hala nola Martuteneko 27. poligonoko udal-lurzatiaren aparkalekua eta ekipamendua egokitzeko.
Era berean, atzetik datorren EH Bilduren proposamen bati eutsiz, Intxaurrondo auzoaren barruan bidaiarien garraio zerbitzua egiteko mikrobus bat erostea proposatu dugu auzo mailako konexioak hobetzeko, mugikortasuna, irisgarritasuna eta komunikazioa bermatuz (+400.000 euro).
Gainera, eduki ekonomikoa duten 175.000 euroko zuzenketak proposatzen dira Parte Zaharrean, auzokomunitateetan instalazio elektrikoak berritzeko laguntzak abian jartzeko eta lokalak erregulatzen dituen araudia aldatzeko proiektu baterako.
Isabel II .aren berrurbanizazioarekin amaitzea ere proposatzen dugu, urte anitzeko 800.000 eurorekin 2025ean eta 2026an egiteko, eta 75.000 euroko partidarekin Donostiako Fomenton, Amara Berrin merkataritza-ardatzen proposamen pilotu bat abian jartzeko. Ideia hau ez da proposatzen dugun lehen aldia, izan ere bultzatu genuen merkataritzari buruzko Osoko Bilkura monografikoa sustatu genuenean.Ekimena merkataritzaren federazioarekin eta merkatarien elkarteekin elkarlanean egingo litzateke.
Azkenik, Gobernu Zibilaren eraikinaren erabilera lortzeko formula negoziatzea proposatzen dugu. 2018an Amara Berri auzoko auzotar talde batek Gobernu Zibila Kultur Etxe plataforma sortu zuenetik, asko izan dira eskaera horren alde agertu diren ahotsak: Pio XII plazan dagoen Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaren eraikina auzoarentzako kultur zentro bihurtzea. Gogoan izan behar dugu eraikin hori 1954an eraiki zela, udalak Gobernu Zibil berria eraikitzeko emandako orube batean.
Bestalde, Añorgan eskola zaharrak egokitzea proposatzen da, bizilagunen beharrei erantzuteko, 250.000 euroko inbertsioarekin. Eskaera hori lehentasunezkotzat jo dugu EH Bildutik, Plazatik dinamikarekin auzora egin berri dugunn bisitan halaxe egiaztatu genuen: auzoarentzat lehentasunezko premia bat da. Horren berri eman digute añorgatarrek eragileekin, merkatariekin, hezkuntzakomunitatearekin eta elkarteekin izandako bileretan.
Azkenik, Ekialdeko Barrutiko Batzarraren eskaerari erantzunez, gastua gehitzeko zuzenketa bat proposatzen da, Ekialdeko Barrutiko Administrazio Unitatea eratu ahal izateko eta barrutiaren jarduera eta kudeaketa eraginkorragoak egin ahal izateko.