AKTUALITATEA


| 2023-06-17 15:08:00

Ekainaren 17 honetan eratu da Udalbatza berria eta EH Bilduk bigarren posizio egonkor eta indartsu batetik egingo du lan datozen lau urteotan. Zortzi zinegotzirekin, aurreko legealdian baino bi gehiagorekin alegia, lanerako gogoa eta konpromisoa berretsi dute kide guztiek goizean ospatu den saioan.

 

EH Bilduk iragan maiatzaren 28an inoiz jaso duen uztarik oparoena izan du Donostian: 23.387 boto. Hau da, donostiarren ia %27k eman dio bere konfiantza alderdi subiranista eta ezkertiarrari, gauzak beste modu batean egin daitezkeela sinetsita. «Guk ere hala uste dugu eta horretan jardungo gara datozen lau urteotan», berretsi du Juan Karlos Izagirrek.

 

Alkate ohiak bere hautagaitza aurkeztu du eta gogora ekarri du herritarrek utzitako mezua argia dela: hiriak azken aroan hartu duen norabidearekin ez daude ados, ezta eta Udal Gobernutik hartu diren erabakiekin. Moduekin ere desadostasuna begi bistakoa dela azpimarratu du. «Bide beretik jarraitzeko borondatea somatzen dugu; EAJ ez da aldaketaren bermea», iritzi du. Zentzu horretan, hala mintzatu da Izagirre: «EH Bildu da norabide berrirako bermea eta politika beste modu batean egin daitekeenaren froga».

 

Izagirrek alkate izateko bere hautagaitza aurkezteko arrazoiak azaldu ditu Udalbatzaren eraketan. «Ez dugu gauzak aldatzeko borondaterik ikusten EAJ-ren aldetik, Donostiak eskatu duen bezala. Gu gara bermea gauzak beste modu batean ez ezik, beste norabide batean egiteko», esan du.

 

«Hasiera hasieratik» bi gauza garbi utzi nahi izan dizkio Izagirrek Udal gobernuari. «Donostiak emandako mandatua jarraituz egiten diren proposamenek, aurkezten diren proiektuek eta hartzen diren erabakiek gure babesa izango dute. Ildo honetatik lan eginez gero, gure disposizio guztia jarriko dugu mahai gainean, elkarlanerako».

 

«Ordea -erantsi du Izagirrek-, zuek ez baduzue horrela egiten, hau da, bizkarra ematen badiozue donostiarrek esandakoari, ez dugu bidea zuekin egingo, eta guk geuk hartuko dugu ardura eta lidergoa egin beharreko lanak egiteko. Helburua, norabide berrirantz ekitea da baina herritarrekin batera, hala behar du. Eta ez izan zalantzarik horrela egingo dugula».

 

23.387 botorekin, Izagirrek gogora ekarri du bigarren indarra are eta sendotuagoa duela EH Bilduk Donostian. Emaitzek argi diote: EAJ-rekin apenas mila boto eta zinegotzi bateko aldea dago; oso gertu gaude. Eta hirugarren indar politikotik, PSEtik, oso urrun (16.166 boto). «Honek exijitzen du errespetua indar politiko honi eta EH Bilduk ordezkatzen dituen donostiar guztiei. Ordezkaritza horrek isla eduki beharko du korporazio honek hartzen dituen erabaki guztietan», eskatu du bere hitzartzearen amaieran Juan Karlos Izagirrek.