AKTUALITATEA


| 2022-09-21 12:08:00

Hainbat eragilek eta EH Bilduk urteak daramatzagu adierazten Donostian pairatzen ari garen hotelen, pisu turistikoen eta gainerako turismo alojamenduen kontrolik gabeko hazkundeak ondorio negatiboak dituela. Denbora horretan guztian zehar ikusi dugu gero eta donostiar gehiagok bat egiten dutela salaketa horiekin, gehiengo batek nahikoa dela esan arte.

Izan ere, Goiaren Udal Gobernuak ere iragarri behar izan du formula berri bat aztertzen ari direla hotel berrien irekiera mugatzeko. Eta ez hori bakarrik, aste honetan bertan, Udal Batzordean, Hirigintzako zinegotziak baieztatu egin du pisu turistikoen baimen berriak ere mugatzea aztertzen ari direla. Zehaztasun gutxiko iragarkiak dira, eta berandu iristen dira, orain arte garatutako politiken ondorioak nabarmenak direlako gure bizimoduan. Nolanahi ere, gero eta argiago geratzen da EAJ-PSEren Gobernuak badakiela donostiarrek nahikoa dela esan dutela.

EH Bilduren iritziz, aurrerapauso bat eman behar da, eta inplikatutako eragile guztien artean (instituzioak, auzo-elkarteak, alojamenduen sektorea...) adostu behar da gutxienez Gros, Erdialdea eta Antigua jarduera turistikoz saturatutako eremuak izendatzea. Eta, bien bitartean, moratoria ezarri behar zaie baimen berri guztiei.

Alde horretatik, inork ez du ulertzen Turismo-zinegotziak hiria oraindik ez dagoela saturatua adierazi izana. Saturazio-ratioa %8koa dela dio, baina bere burua engainatzen ari da, hiri osoa hartzen duelako erreferentzia gisa, ia hotel, pentsio, pisu-turistiko eta bestelako alojamendu guztiak Erdialdean, Grosen, Parte Zaharrean eta Antiguan daudenean. Hau da, auzo horietan dauden turismo-plaza kopurua han erroldatutako biztanleen %20-25 da, eta hori gehiegizkoa da. Eta igotzen, gainera.

Eta pisu-turistikoei dagokienez, dagoeneko hasi behar dugu pentsatzen nola hasiko garen gaur egun dauden baimenen kopurua murrizten. «Baimenen iraungipena» izan daiteke bide bat. Orain arte, pisu turistiko batek betirako lortzen zuen baimena, baina jarduera honek hirian duen eragina ikusita, erabiltzen ez diren baimenak kentzeko garaia da.

Izan ere, berandu gabiltza, eta erabakiak hartu gabe pasatzen den egun bakoitzak arazoak okertu egiten ditu. Gobernu honek urteak daramatza pisu turistikoen hazkundeak alokairuko etxebizitzen merkatuan eta horien prezioan eragina izango zuela ukatzen, eta ez ditu kontuan hartu bizilagun-komunitateetan sortzen dituen eragozpenak. Gobernu honek ehunka pisu turistiko legeztatu ditu, hasiera batean HAPOa ez betetzeagatik EAEko Auzitegi Gorenak baliogabetu zuen Ordenantza baten bidez, eta, ondoren, HAPOaren «ad hoc» aldaketa baten bidez. Betiere helburu berarekin: lehen solairutik gora dauden erabilera turistikoko ehunka etxebizitzaren jarduera baimentzea.