AKTUALITATEA


| 2019-09-18 09:48:00

Larrialdi Klimatikoa datozen urte eta hamarkadetako agenda baldintzatzera etorri da, gure ongizatearentzako mehatxu nagusienetarikoa baita, benetako zibilizazio erronka bat. Mundu mailako eta Euskal Herriko egoera eta joerak ez du baikortasunerako tarte handiegirik uzten, are gutxiago geldotasunerako. Gazteentzat dagoeneko kezka nagusi bihurtu da, ez bakarrik larrialdia bera, baita gaiari ematen zaion erantzun politiko eskasa ere.

Azken urte luzeetan komunitate zientifikoak aldaketa klimatikoaren bilakaeraren inguruko abisuak eta jakinarazpenak igorri ditu. Aldaketa klimatikoa, Berotegi Efektuzko Gasen isuri masibo baten ondorioz gertatzen ari da, eta isuri horien arrazoi nagusia, bakarra ez bada ere, gure metabolismo sozioekonomikoa mantentzeko erretzen ditugun baliabide fosilen erabilpenean datza. Aldaketa klimatikoa, beraz, guk eragiten dugu nagusiki, eta dagoeneko ondorioak atzematen hasiak gara.

Urtez urte argitaraturiko txostenetan egoera kaskartzen ari deneko zantzuak ditugu. Nazioarteko hainbat erakunde eta lantaldek argitaratzen dituzten txostenetan gero eta argiago esaten da klima eta energia politiketan, eta ondorioz gure egunerokotasunean, eraldaketa sakon bat, iraultza bat, eman behar dela, baldin eta egoerari aurre egin nahi badiogu eta aldaketa klimatikoaren efektu bortitzenak pairatu nahi ez baditugu.

Hala ere, orain arte emandako pausoak ez dira nahikoa izan, EAEn ere ez, Berotegi Efektuzko Gasen isurketak ez duelako beherantz egin, gorantz baizik, 20 milioi tonako langa gainditzeraino, 2012az geroztik gertatzen ez zena. Datu hauek oso kezkagarriak dira, helburua 2050. urterako karbono neutraltasuna lortzea delako eta, agertoki horretara hurbildu beharrean, urruntzen ari garelako.

Eusko Jaurlaritzak klimaren eta ingurumenaren larrialdi egoera deklaratu du. Neurri zehatz bat ere iragarri du: urteko aurrekontuaren zati bat klima aldaketa arintzeko neurrietara bideratzea, eta aldaketara egokitzeko neurrietara.

Hainbat dira larrialdi klimatiko egoera deklaratu duten hiriek: Frantzian, Irlandan, Erresuma Batuan, Kanadan eta Argentinan, esaterako. Besteak beste, Kataluniak, Sevillak eta Zaragozak ere larrialdi klimatiko egoera deklaratu dute. Donostia, ordea, atzera geratzen ari da, halakorik ez du-eta egin Udal Gobernuak.

Horiek horrela, aitzakiaren garaia agortu dela uste du EH Bildu udal taldeak eta iraileko osoko bilkuran mozio bat aurkeztuko du Donostian ere emergentzia klimatikoa deklaratzeko.