AKTUALITATEA


| 2024-08-08 12:22:00

EH Bilduko Udal taldeak azken hilabeteetan Donostian izandako jarrera arrazista eta faxistak salatu eta arazoari irtenbide integral bat emateko deia egiten du. Horretarako, segurtasunaren adiera osoa aldarrikatzen dugu, hori soilik esku-hartze polizialaz lantzen duen posizioaren aurrean. Ildo honetan, EH Bilduk hainbat proposamen egin dizkio azkenaldian Udal Gobernuari segurtasun falta eta migrazioa lotzen dituzten posturak mozteko eta guztiontzat segurua izango den hiria sustatzeko, baina Gobernuak ez ditu kontuan hartu. Gaiak eskatzen duen irmotasunarengatik adierazpen instituzional bat proposatu dugu gaur, Udaleko Bozeramaile Batzordean eztabaidatzeko.

EH Bildu Udal taldeak bat egin zuen atzo Alderdi Ederren elkartu diren norbanako zein eragile sozialekin, Donostian ematen ari diren jarrera arrazista, klasista eta faxistak gaitzesteko.

Eragile hauek adierazi duten bezala, azkeneko hilabeteetan hiriko pertsona arrazializatuak eta, bereziki, bazterkeria egoeran zein etxerik gabe dauden pertsonen aurkako biolentzia eta kriminalizazioa areagotzen ari da. Era berean, arlo sozialean pertsona horiekin lan egiten duten profesional zein eragileek mehatxuak eta presioak jaso dituzte, haien lana eta funtzio soziala betetzeagatik. Honekin batera, segurtasunaren kontzeptu zehatz bat erabiliz, pobrezia edo zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen aurkako jazarpena justifikatzen da eta egungo ezegonkortasun sozialaren arrazoiak albo batera uzten dira (baliabide publikoen murrizketak, etxebizitzaren garestitzea, Atzerritarren legearen mugak, etab.).

Argi dugu, egun, segurtasuna herritarren kezka dela, eta herritar orok segurtasunez bizitzeko eskubidea eta bermeak behar dituela aldarrikatzen dugu, segurtasunaren adiera integralaz ari garelarik.

Beraz, segurtasuna ongizate fisiko eta emozional oinarrizkoaren parametroetan ulertzen dugu, horrek berarekin dakartzan gutxieneko eskubide eta betebeharrekin. Horrela, segurtasunaren bandera diskurtso xenofobo eta eskuindarretan altxatzen den honetan, segurtasun integralaren aldarrikapena egiten dugu guk: gure auzoetan segurtasunez biziko gara, pertsona orok bertan gutxieneko ongizate kuotetan bizitzeko aukera badu.

Horregatik, segurtasuna soilik esku-hartze polizialaz eta ikuspegi zigortzailez lantzen duen posizioaren aurrean, pertsona orok bere bizi proiektua garatzeko dituen bermeez ari gara segurtasunaz ari garenean. Etxebizitzara sarbidea izateko eskubidea, osasunerako eta hezkuntzarako eskubidea, zaintzeko eskubidea, baita kalean lasai egoteko eskubidea ere. Bide horretan, segurtasunaren eta beldurraren diskurtsoak ezin du ekarri egoera zaurgarrienean (eta ez seguruenean) bizi diren horien kriminalizazioa areagotzea. Horren aurrean, erakunde publikoei dagokigu segurtasun falta eta migrazioa lotzen dituzten posturak moztea eta guztiontzat segurua izango den hiria sustatzea, eta horrek, esan gabe doa, zaurgarrien diren gizarte taldeekin lanketa berezia eskatzen du.

EH Bilduk segurtasunaren hirugarren alderdi bat lantzea beharrezkoa irizten du zaintza komunitario gisa, segurtasunari eraso egiten dioten gertakarien aurrean gizarte-harremanak eta elkartasun kolektiboa indartzeko. Zentzu horretan, gure babes osoa adierazi nahi diegu lan komunitario hori egiten ari diren SOS Arrakazakeria, Hiritarren Harrera Sarea edo Kaleko Afari Solidarioak bezalako ekimenetan ari diren langile eta donostiarrei.

Horretan sinetsita, gure Udal taldeak hainbat proposamen egin dizkio azkenaldian Udal Gobernuari eta arlo sozialean lan egiten duten profesionalen zein eragileen saretzean parte hartu du, hiriak bizi duen errealitate honi erantzun integral bat emateko asmotan. Lan hori diskrezioz egiten saiatu gara, barneko elkarrizketa politikoaren bidez, baina orain arte Udal Gobernuak ez ditu adostutako hainbat neurri hartu, eta gaiak eskatzen duen irmotasunarengatik adierazpen instituzional bat proposatu dugu gaur, Udaleko Bozeramaile Batzordean eztabaidatzeko.

Adierazpenean gutxieneko neurriak proposatzen ditugu, talde politiko guztien adostasuna bilatuz eta egun Udalak dituen estrategiak betetzeko eskatuz, esate baterako: Donostian gertatu diren ekintza xenofoboen aurkako arbuioa irmoki erakustea, gizarte inklusiboa, aniztasunari errespetua eta kulturartekotasuna sustatzea; jarrera eta diskurtso xenofobo eta arrazistak ekiditea etorkin eta errefuxiatuekiko aurreiritzi eta estereotipoak hautsiz eta kulturarteko begirada oinarri izango duten politika publikoak garatzea.