AKTUALITATEA


| 2020-04-03 11:39:00

TXOSTENA

COVID-19 pandemia krisi honen aurrean hartutako hezkuntza irtenbideak diseinatzerakoan familia eta ikasle prototipo zehatz batean pentsatu da, egoera txarrean dauden kolektiboak kontuan hartu gabe. EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du neurri zuzentzaileak hartzea, instituzio guztietan eta baita Donostiako udalean ere. Inguruko udalek egoerari aurrea hartzeko eta behar dutenei ordenagailuak eta Interneterako sarbidea eskaintzeko gaitasuna izan dute. Donostiako Udal Gobernua, Covid19ren krisi honetan beste neurri batzuk hartzerakoan bezala, berandu doa jada, baina horrek ez du esan nahi guztiz beharrezkoak diren hainbat neurri hartzeko garaiz ez gaudenik.

Ildo horretan, EH Bilduk ekimena hartu du, eta sortutako egoera aztertzen duen dokumentu bat egin dugu. Bertan, guztiz gauzagarriak diren hainbat neurri proposatzen ditugu, eragile sozial eta politikoen eta Donostiako hezkuntza-komunitatearen artean adostu beharko liratekeenak, eta, nolanahi ere, osasun-berme guztiekin gauzatu beharko liratekeenak, birusaren hedapenari eustea baita oraindik ere gizarte osoaren lehentasuna.

Bestalde, auzoetan sortu diren boluntariotza eta zaintza sareekin ere harremanetan gaude, ikasleei laguntzeko formulak aztertzeko. Auzoetako sare horietan 600 boluntario baino gehiago parte hartzen ari dira eta, orain arte, adinekoei laguntza ematen ibili dira. Orain, berriz, prest agertu dira Donostiako ikasleen arteko desberdintasunak arintzeko eta hezkuntzarako eskubidea bermatzeko neurriak hartzeko.

Udal Gobernuaren konpromisoa lortzea falta da, baliabide materialak eskaintzeko (kultur etxeetan eta liburutegietan, esaterako, erabiltzen ez diren ordenagailuak) eta baita giza baliabideak ere (haurtxokoetako eta gaztelekuetako langileak …). Udal gobernuaren ardura da inplikatutako eragileen artean koordinazio lanak egitea, hezkuntza-komunitateak, Hezkuntza Saila, zaintzako boluntarioen sareak, Udaltzaingoa, etab.

EH Bilduren aldetik hainbat hezkuntza-komunitaterekin harremanetan jarri gara dagoeneko, haien egoeraren berri izateko, eta egiaztatu ahal izan dugu arazo larria dela Donostian ere.

Eustat-en arabera (2019), seme-alabak dituzten EAEko familien % 91,2k ordenagailua du etxean. Hau da, seme-alabak dituzten familien %8,8k ez dute ordenagailurik. Donostiako datu ofizialen faltan, EH Bildu zuzenean ari gara informazioa biltzen ikastetxeetatik, eta ziurta dezakegu Donostian eremu batzuetan ordenagailurik eta Interneterako sarbiderik eza uste baino zabalduago dagoela. Ehunka dira etxean ordenagailurik ez duten Donostiako haurrak.

Bestalde, gurasoen esku utzi da ikastetxeek bidalitako etxeko lanen jarraipena, baina kasu askotan, hori erraz egitekoa ez dela ikusi da. Alde batetik, guraso askok telematikoki egiten dute lana, beraz ezin laguntzen egon uneoro, eta batzuetan horietako batzuek ez dute izango, ez hizkuntza aldetik, ez ulermen aldetik haurrei laguntzeko mailarik, eta aurrek ezin izango dituzte lanak aurrera eraman.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak jantoki-beka duten ikasleei jantoki-zerbitzua etenda dagoen bitartean laguntza horiek mantentzea erabaki badu ere, laguntza horiek zuzenean familietara ez iristea gertatu daiteke.

Laburbilduz, COVID-19 pandemia krisia dela eta, haurrak etxean geratzeko agindua eman eta EAEko Hezkuntza sailak hezkuntza presentziala eten du. Honek, praktikan, esan nahi duena da ikasleak etxetik egingo dutela “lan” eta irakasleek on-line (emaila, barne sareak, sare sozialak) bidaliko dietela egin beharreko lana. Gainera, ikasleak ezin direnez ikastetxeetara joan, bertako zerbitzu guztiak eten egin dira. Tartean, oinarrizkoa: jantoki zerbitzua. Ondorioz, gabeziak eta desberdintasunak sortzen ari dira, batez ere Interneterako sarbide faltagatik. Eta ikasle askoren hezkuntzarako eskubidea urratzen ari da.