AKTUALITATEA


| 2022-09-26 12:00:00

Etxebizitzaren arazoa gero eta larriagoa da Donostian. Alokairuaren prezioak errekor historikoetan daude, eta salerosketari dagokionez higiezinen burbuilakoen prezioak gainditzen dituen euskal hiriburu bakarra gara. Ondorioz, ehunka donostiarrek kanpora joan behar dute bizitzera, ezinezkoa zaielako hemen beren bizi-proiektua garatzea.

Azkenaldian, funts-putreak, presio turistikoarekin eta espekulazioarekin batera, arazoa larriagotzen ari diren eragile nagusietako bat bihurtu dira. Izan ere, funts-putreak etxe-kaleratzeak egiten hasi dira, joan den maiatzean Ategorrietan gertatu zen bezala.

Datu guztien arabera, egoera, hobera egin beharrean, datozen hilabeteetan okertuko da, tamalez. Horregatik, arazoari aurre egin ahal izateko, premiazkoa da maila guztietan neurriak hartzea. Besteak beste, EH Bildu esku-hartze publikoa eskatzen ari da etxebizitza merkatuan, eta horrek are garrantzi handiagoa hartzen du Donostian.

Eta, ekimen legegileez eta eragile sozialen dinamikez gain, beharrezkoa da erakundeek etxebizitza-eskubidearen aldeko jarrera irmoa erakustea. Azken hilabeteotan beste eragileekin batera burututako dinamikaren bidetik jarraituz (adibidez, uztailean egindako etxebizitzari buruzko ezohiko osoko bilkura), biharko Bozeramaileen Batzordeari begira, EH Bilduk Adierazpen Instituzionalaren proposamena aurkeztu du, Donostiako Udalbatzak funts-putreei mezu argia bidal diezaien: Donostian ez zarete ongietorriak.

Hona hemen Adierazpen Instituzionala, hitzez hitz:

Zioa

Eusko Legebiltzarraren Etxebizitzari buruzko 2015eko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzen duen arren, ukaezina da Donostiak arazo larria duela etxebizitzaren prezioa dela-eta.

Izan ere, etxebizitzaren arloko neurrigabeko prezioek erabat baldintzatzen dute gero eta handiagoa den Donostiako biztanleen sektore baten etorkizuna, bai eta haien bizi-proiektuena ere. Horietako askorentzat, ezinezko bihurtzen ari da Donostian bizitzea.

Ukaezina da Donostian etxebizitzaren prezioaren arazoa ez dela berria, eta, gertakari hori dela-eta, asko eta askotarikoak dira bizitokiaren egoera gero eta larriagoa egin duten, eta oraindik egiten duten, arrazoiak.

Horien artean, bizitegi-etxebizitza produktu nagusiki espekulatibo moduan erabiltzeak prezioen hazkunde esponentziala bultzatzen du. Zentzu horretan, gure hirian inbertsio-funtsak agertu izanak −“putre-funtsak” esaten zaie kalean−, eta haiek bizitegi-etxebizitzak alokairu-erregimenean kudeatzeak, ez du laguntzen mugimendu espekulatibo horiek arintzen.

Horrenbestez, ez da albiste ona, ez hiriarentzat ez etxebizitza bat lortu nahi duten milaka donostiarrentzat. Inbertsio-funts horien kezka bakarra da errentagarritasun-atalase jakin bat ematea, eta ez dute kontuan izaten ez etxebizitza izateko eskubide objektiboa ez haiek kudeatzen dituzten etxebizitzetan bizi nahi duten pertsonen egoera. Maizterrei, askotan, neurrigabeko baldintzak ezartzen dizkiete, eta, horren ondorioz, hauek ezin dituzte alokairu-kontratuak berritu, horien indarraldia amaitzen denean.

Gertakari horrek ehunka etxetan du eragina, Amara Zaharra, Gros eta Bentaberri auzoetan, eta, azken honetan, zentzugabekeriaraino iritsi dira: babes publikoko etxebizitzak kudeatzeraino, alegia.

Horregatik guztiagatik, EH BILDU udal taldeak honako erakunde-adierazpen hau aurkezten du:

ERAKUNDE-ADIERAZPENA

1.- Donostiako Udalbatzak gaitzetsi eta publikoki “non grata” deklaratzen ditu AZORA eta BLACKSTONE inbertsio-funtsak. Biak alokairu-erregimeneko etxebizitzak kudeatzen dituzte Donostian, eta bigarrenak, gainera, babes publikoko etxebizitzak ere bai. Deklarazio horren arrazoia da maizterren alokairu-kontratuak gehienez ere KPIaren igoera aplikatuta berritzeko erakutsi duten konpromiso falta, eta, kontratuak berritzeko orduan, ez dutela eskaintzen legerian ezarritako iraupena.