Gaur Intxaurrondo auzoan egin den mitinean, Juan Karlos Izagirre alkategaiak adierazi du azken urteotan Donostian gertatzen ari dena «larria» dela, eta gaineratu du hau gero eta jende gehiagoren «ardura partekatua» dela: «Donostia bere izaera galtzen ari da, donostiar asko ez dira protagonista sentitzen bere auzoan, desplazatuak sentitzen dira, hartzen diren erabakiak beraien beharrak kontutan hartu gabe hartzen direla diote».
Honaino iristeko arrazoiei dagokienez, Izagirrek azaldu duenez, besteak beste, «gaur egungo udal gobernuak hartutako erabaki asko daude hirian gertatzen ari denaren atzean, gauzak ez direlako gertatu besterik gabe. Sektore eta eragile batzuei egiten utzi zaie, eta, horren ondorioz, bere idiosinkrasia galtzen ari den hiria eraiki da».
Baina gero eta jende gehiagok partekatutako pertzepzio horretatik haratago, Izagirrek udalaren beraren eta beste erakunde batzuen datu ofizialetan oinarritu du bere diagnostikoa, donostiar herritarren arazo nagusiak zein diren adierazteko: «Etxebizitza eskuratzea ia ezinezkoa da, gazteak ezin dira emantzipatu, denda txikiak desagertzen ari dira, mugikortasun aldaketa ulertezinak egin dira, kontrolatu gabeko hazkunde turistikoa eman da eta donostiar gehienek diote hiriko eremu askotara joateari utzi diola saturazioagatik».
Hori dela eta, Izagirrek adierazi duenez, «maiatzaren 28an bi ereduren artean aukeratu beharko da: egungo egoerara ekarri gaituena, edo EH Bilduk proposatzen duena, Donostiak bere nortasuna berreskuratzea eta etorkizuneko erronkei berme osoz aurre egitea berma dezakeen gobernu alternatiba bakarra».
Izagirreren hitzetan: «Herritarrak Donostia berreskuratzen hasteko, ezinbestekoa da gobernua aldatzea. Goiak lekua utzi behar dio gobernu berri bati. Izan ere, egoera horretara iristea eragin duten politikak eta arduradunak ez gaituzte hemendik aterako».
«Aldaketa beharrezkoa da, bai al bai» azpimarratu du Izagirrek, eta gaineratu du «EH Bildu Donostiaren alde dago, donostiarren alde eta Donostiako auzoen alde». Eta, horretarako, Izagirrek adierazi du helburu bakarra izan behar duela «donostiarrei bermatzea Donostian bizi ahal izango direla, Donostian emantzipatu, Donostian duintasunez zahartu». Azken finean, «Donostian bizi proiektua garatu eta Donostia gozatzeko aukera izango dutela bermatzea».