AKTUALITATEA


| 2023-05-03 18:40:00

Berriki, Diputatuen Kongresuan gehiengoz onartu da Etxebizitzaren Lege berria; horren bidez, besteak beste, etxebizitza eremu tentsionatuak deklaratzeko eta alokairuen prezioak arautzeko aukera emango da.

Testuinguru horretan, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostia udal taldeek, gure hirian etxebizitza eskubidearen alde lan egiten duten hainbat erakundek (Stop Desahucios, Alokairu eta Azorako maizterren elkartea) egindako proposamena jasoz, premiazko mozio bat erregistratu dute, eta biharko osoko bilkuran jorratuko da. Izan ere, atzoko Bozeramaileen Batzordeak oniritzia eman zion gai zerrendan sartzeari, eta, beraz, bihar Donostiako Udalbatza izango da Etxebizitza Legea aplikatzearen inguruan jarrera hartuko duen lehen euskal hiria.

Ez da gutxiagorako: Donostia da euskal hiririk garestiena, bai erosketan, bai alokairuan, eta, beraz, etxebizitza eskubidea bermatzeko arazo gehien dituen hiria gara. Izan ere, milaka pertsonak, batez ere gazteek, kanpora atera behar izan dute euren bizitza proiektua egitera etxebizitzaren prezioaren garestitzeagatik. Gaur egun, Donostian etxebizitza bat erosteak Gipuzkoan, Gasteizen eta Bilbon baino bi aldiz gehiago balio du; eta 2022an, prezioa %7 igo zen berriro. Eta gauza bera esan daiteke alokairuaren prezioen inguruan, hileko batez besteko errenta 1.217 €-koa baita, HAPOren berrikuspenaren aurrerapen-dokumentuak aitortzen duen bezala.

Hauek horrela, hauxe da biharko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko den mozio arruntean eskatzen dena:

Donostiako Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio, Udalak aldez aurretik hala eskatuta, Etxebizitzari buruzko Legean ezarritako baldintzak betetzen dituzten eremu guztiak etxebizitza-eremu tentsionatutzat jotzeko, lege hori indarrean jarri bezain laster, Donostian alokairuaren prezioak kontrolatzeko sistema bat lehenbailehen ezarri ahal izateko.

Espero dugu gainerako udal taldeek EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren mozioa babestuko dutela; izan ere, Donostiak bizi duen etxebizitza larrialdi egoera dela eta, beharrezkoa da eskura ditugun tresna guztiak erabiltzea, etxebizitza eskubidea bermatzeko eta donostiarrek beren bizi proiektuak Donostian egin ahal izateko.