Datuek argi erakusten dutenez, Donostiako Udal Gobernuak ez du bermatzen euskaraz informatzeko euskaldunok dugun eskubidea. EH Bilduren ustez, euskarazko hedabideetan publizitate instituzionala jartzeko beharkizuna pluraltasunaren irizpidetik ez ezik, bi hizkuntza ofizial dituen lurraldeko hiztun komunitate euskaldunari zerbitzu publiko berberak emateko obligaziotik ere eratortzen da.
Horregatik, EH Bilduren ustez, Donostiako Udal Gobernuak gutxienez gaztelaniazko hedabideetan adina publizitate espazio kontratatu behar ditu hiriko eta herrialdeko euskarazko hedabideetan, bi hizkuntza ofizial izanik, mezuak bi hiztun komunitateri helarazi behar dizkiola kontuan izanik. Bide horretan, aurten, gutxienez bikoiztu egin beharko luke euskarazko hedabideetan jarriko duen publizitate kopurua, eta joera horri eutsi hurrengo urtean ere.
Dirulaguntzen murrizketak
2020ko urrian, Udal Gobernuak erabaki zuen hiriko euskarazko hedabideei ematen zizkien dirulaguntzak esanguratsuki murriztea 2021eko aurrekontuetan (Irutxuloko Hitzari % 20 gutxiago, eta Hamaika telebistari % 50 gutxiago), Covid19aren ondorioei aurre egiteko diru baliabideak behar zituela aitzakia hartuta. 2022ko aurrekontuetan ere murriztuta eutsi die laguntza horiei, Donostiako Udalak 2021. urtea aurreikusi gabeko diru irabaziekin amaitu zuen arren (22,5 milioi euro).
Donostiako EH Bilduk ez du ulertzen Udal Gobernuaren erabaki hori, zalantzan jarri baitu euskarazko hedabideei oinarri ekonomiko ziur samar bat eskaintzeko irizpidea; areago, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Agenda Estrategikoak (2021-2024) hau dioelarik: “pandemia egoerak eragindako kalteak leuntzeko ekimenak ere sustatu beharko dira legegintzaldi honetan”. Donostiako Udal Gobernuak ezegonkortasuna eragin die bi hedabideoi, eta gero eta hedapen zabalagoa lortzeko helburuari azpia jaten dio.
Publizitate instituzionala
Donostiako Udalak bere publizitate instituzionala, Euskara Zerbitzuak eta Kultura sailak egiten dutenetik harago, batez ere, erdal hedabideetan egiten du.
Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko 6/2010 Legearen 10. artikuluak adierazten duenez, «publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionaletan, euskara eta gaztelania erabiliko dira». 2020ko abuztuan, Hedabide Agentziaren kontratua berritzeko baldintza teknikoen agiria zehaztu zuen Donostiako Udal Gobernuak. Horien arabera, nahitaezkoa izango da Udalak martxan jartzen duen edozein komunikazio kanpaina euskarazko hedabideetan ere sartzea. Honela dago zehaztuta Udalarentzat Hedabide Agentziaren zerbitzuak kontratatzeko baldintza teknikoen agirian (2.2.8): «Hiriko bi hizkuntza ofizialak kontuan harturik, publizitate espazioak euskarazko eta gaztelaniazko hedabideetan kontratatuko dira». Baina aipamen horrek ez du kopuru zehatzik agintzen hizkuntza batean ala bestean.
Donostiako EH Bilduk proposatu dio Udal Gobernuari publizitate instituzionala gutxienez erdarazko hedabideetan adina kontratatu dezan euskarazkoetan, baina kontuan hartuko zutela adierazi arren ez dio utzi euskarazko hedabideak eta euskaldunak baztertzeari.
Hainbat datu
EH Bilduk hala eskatuta Udal Gobernuak emandako datuen arabera, 2021. urtean Donostiako Udal Gobernuak 496.408 € erabili ditu publizitate instituzionalean:
% 6,43 besterik ez da kontratatu euskarazko hedabideetan: Berria egunkaria; Irutxuloko Hitza; Argia, Aizu!, Bertsolari eta Gaztezulo aldizkariak; Hamaika TB; Euskadi Irratia, Gaztea eta Donostia Kultura irratiak: 31.904 €.
Hedabide Agentziak hartzen du publizitate gastuaren zatirik handiena: 192.657 € (% 39). Hizkuntzaren kudeaketa araututa duen udal sail bakarra da: % 12,24 besterik ez du kontratatu euskarazko hedabideetan (Euskadi Irratia eta Gaztea barne): 23.589 €. Udalak euskarazko hedabideetan kontratatutako publizitatearen % 74 Hedabide Agentziaren bidez egin da. Hau da, gainerako udal sailek ia ez dute euskarazko hedabideetan kontratatu.
Turismo saila izan da publizitatean bigarren gastu handiena egin duen udal saila: 137.912 € (% 28): 1158 € erabili ditu euskarazko hedabideetan, % 0,84.
Donostia Sustapena izan da publizitatean hirugarren gastu handiena egin duen udal saila: 108.883 € (% 24): Ez du kontratatu publizitaterik euskarazko hedabideetan.