AKTUALITATEA


| 2021-10-15 13:33:00

Udal Gobernuak epaiaren exekuzioaren berri eman beharko dio Donostiako Udalbatzari, segur aski urriaren 28ko saioan. Orain, argitzeke dago zer egoeratan geratu diren erabat deusez deklaratuta dagoen ordenantza baten babesean Donostian ireki diren ehunka etxebizitza turistiko.

Gogoratuko denez, 2018an, Donostiako Udalbatzak ordenantza berri bat onartu zuen, hiriko eraikinetan erabilera turistikoko etxebizitzak irekitzea malgutzen zuena. Horren ondorioz, ordutik aurrera, lehen solairutik gora etxebizitzak irekitzea ahalbidetzen zen Donostian. Ordenantza hura “eredutzat” jo zuen udal gobernuak, eta Estatuko beste hiri batzuetan “hitzez hitz” kopiatzen ari zela ziurtatu zuen. 2020ko urtarrilean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erabat deusez deklaratu zuen ordenantza hori. Eta 2021eko apirilean, EAJ-PSEk HAPOren ad hoc aldaketa bat onartu zuten, lehen solairutik gorako erabilera turistikoak ahalbidetzen jarraitzeko.

Zuzenbidean gutxieneko ezagutza duen edonork bazekien ordenantza hau nola amaituko zen. Izan ere, udal ordenantza batek ezin du Plan Orokorrak agindutakoarekin talka egin, hierarkian gorago dagoen arau bat delako. Oso argi zegoen ordenantza honek lehen solairuaren gainetik etxebizitzak jartzeko aukera ematen zuela eta POn hori ez zela baimentzen. Gogoratu behar da, halaber, EH Bilduk horretaz ohartarazi zuela ordenantzaren elaboraziorako egin ziren bilera guztietan.

Horregatik, ez da ulertzen udal honetako zerbitzu juridikoetako goi karguek ez jakitea ordenantzarekin zer gertatuko zen. Eta gogoratu behar da ordenantza batek udal idazkariaren sinadura eraman behar duela, haren legezkotasunaren fede emanez. Geroago jakin zen Idazkari jauna pisu turistiko baten jabea dela eta, kasualitatez, berea izan zela Ordenantza onartu ondoren irabazten atera zen jabetzetako bat. Gaur egungo Donostiaren argazki erreala da hau.

Baina Udal Gobernuak diseinatutako malabarismo juridikoaren ariketa horretatik haratago, okerrena pisu turistikoak ezartzeko baldintzak malgutzeak hiriari ekarri dizkion ondorioak izan dira. Izan ere, ordenantza onartu ondoren, 900 pisu turistiko inguru legeztatu ziren, lehen legez kanpokoak zirenak. Eta, hemendik aurrera, pisu turistikoen kopurua biderkatzen jarraituko da, gero eta eremu gehiago saturatuz.

Eta ugaltze horren ondorioak oso ezagunak dira. Aste honetan bertan, pisos.com atariak etxebizitzaren prezioan Donostia estatuko rankingeko 1. postuan dagoela adierazi du, %7ko garestitzearekin azken hiruhilekoan. Pandemia garaian etxebizitzen prezioa garestitzen jarraitu den hiri bakanetakoa da Donostia. Funts-putreek eta gainerako espekulatzaileek oso ondo dakite “lagun” bat dutela Donostiako Udal Gobernuan, prest dagoena argi berdea emateko horrelako ordenantza bati; eta prest dagoena TS-n eta EAEAN-n helegiteak sartzeko jakinda ez zituztela onartuko; hori dena helburu batekin: legeztatuko pisu turistikoak irekita mantentzeko.

Hala ere, horrelako erabaki politikoen eta malabarismo juridikoen ondorioz beti galtzen direnak donostiarrak dira; donostiarrek euren auzoetan duintasunez bizitzeko duten eskubidea. EH Bilduk borrokan jarraituko du hiriko hainbat eremutan ahalbidetzen ari den gentrifikazio prozesuak geldiarazteko. Izan ere, hamarkada batean, Grosek 1.300 biztanle baino gehiago galdu ditu, eta Erdialdeak eta Parte Zaharrak ere galdu egin dute populazioaren %6 inguru, hiriak %1 irabazten zuen bitartean. Horregatik guztiagatik, bada garaia muga bat jartzeko pisu turistikoen gorakadari.