AKTUALITATEA


| 2021-12-02 14:01:00

Amara Berri auzo elkarteko kideek salatu dutenez, auzoko hainbat familiaren kexak jaso dituzte auzoko osasun etxean ez dagoelako pediatra euskaldunik. Familia horien eskaria Osakidetzari ere helarazi diote, eta gure udal taldearekin harremanetan jarri dira Udalak ere esku har dezan eskatzeko.

EH Bilduk jakin duenez, antzeko egoerak gertatzen dira hiriko beste hainbat osasun etxetan: Altzan, bi pediatretako batek ez du aski gaitasunik euskaraz, eta gaztelaniaz artatzen ditu haurrak; Bidebietan pediatra bakarra dago eta ez da euskalduna (erizaina euskalduna da); esan digute Loiolan eta Alde Zaharrean ez dutela euskaraz artatzen...

Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko II. planean (2013-2019) jasotzen denez:

Bigarren plangintzaldian Lehen Mailako Arretako erakunde guztiek familia mediku, pediatra edo emagin euskalduna hautatzeko aukera emango diete erabiltzaileei. Erakunde bakoitzak euren paziente multzoari eskaintza hori jakinarazteko erabil ditzakeen bitartekoez gain, aurrerantzean bai paziente berriak inskribatzean bai medikua aldatzeko eskabideetan herritar guztiei galdetuko zaie familia mediku, pediatra edo emagin euskaldunik nahi duten (2.2.b).

Era berean, Lehen Mailako Arretako zerbitzu erakunde guztiek erabiltzaileei galdetuko diete ea beraien datu pertsonalei lehentasunezko hizkuntza eranstea nahi duten. Lehentasunezko hizkuntzak, nagusiki, ahozko harremanei eta telefono mugikorretan pazienteek jasotzen dituzten mezuei egiten die erreferentzia (2.3.a). Paziente batek lehentasunezko hizkuntza euskara duela adierazi eta gero, zerbitzu erakundeak, betiere zerbitzu elebidunen eskaintzak eta profesionalen kupoek hala ahalbidetzen badute, aukera eman beharko dio familia mediku, pediatra, emagin edo bestelako profesional euskalduna hautatzeko. Gainera, ospitaleetako euskarazko espezialitateen eskaintza kontuan hartuta, euskara lehenesten duten pazienteei profesional euskalduna eskainiko zaie bai Lehen Mailako Arretako zentrotik espezialitate mediko batera bideratuak izaten direnean bai pazientea bera ospitalera zuzenean joaten denean (2.3.f)

Gainera, 67/2003 Dekretuko 4. artikuluak jasotzen duenez, Osakidetzako euskararen normalizazio prozesuan Lehen Mailako Arretak lehena izan behar du lehentasun hurrenkeran. Donostiako osasun etxeetako pediatria zerbitzuek lehen mailako lehentasun espezifikoa dute, eta lanpostuen % 80k euskara eskakizunaren derrigortasun data izan behar dute (Donostian % 46 euskaldunak eta %19 ia-euskaldunak -2016-).

Beraz, Donostiako osasun etxeetako pediatria zerbitzuek dagoeneko euskarazko arreta eskaini beharko lukete, baina jasotako lekukotzen arabera, ez da horrela. Horregatik, EH Bildu udal taldeak honako mozioa hau aurkezten du, abenduko osoko bilkuran eztabaidatzeko:

  • Donostiako Udalbatzak eskatzen die Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Osakidetzari azter dezatela Donostiako osasun etxeetako pediatria zerbitzuetan eskaintzen den euskarazko arretaren egoera, eta helaraz diezaiotela txosten hori Donostiako Udalari.

  • Donostiako Udalbatzak eskatzen die Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Osakidetzari lehenbailehen zuzendu ditzatela Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko II. planak ezarritakoa betetzen ez duten Donostiako osasun etxeetako Lehen Mailako Arretako egoerak, bereziki pediatria zerbitzuetan euskarazko arreta eskaintzeari dagokionez.