AKTUALITATEA


| 2022-12-19 13:15:00

Eusko Jaurlaritzaren GAZTELAGUN programaren helburua gazteei etxebizitzak alokatzeko laguntzak ematea da. Hala ere, laguntza hori jaso ahal izateko, Donostiako gazte gehienak kanpoan uzten dituen baldintza bat ezartzen du Eusko Jaurlaritzak: urteko errenta hileko 800 eurotik gorakoa ez izatea eskatzen du.

Izan ere, Donostian etxebizitza alokatzeko batez besteko prezioa Eusko Jaurlaritzak gehieneko errenta bezala ezarrita daukana baino askoz handiagoa da. Etxebizitza Sailaren beraren datuen arabera, 2021ean Donostian alokairuagatik jarritako fidantzen hileko batez besteko errenta 924,50 euro izan zen. Eta seguruenera 2022an igo egingo zen hori.

Hau da, Eusko Jaurlaritzak gazteei zuzendutako programa bat du, kanpoan uzten dituena Donostian diren alokairu gehien-gehienak.

Pasa den asteko udal batzordeetan, Hirigintza Sostengagarriko eta Etxebizitzako zinegotzi eskuordeak erantzun zigun orain arte 84 laguntza eman dituela Eusko Jaurlaritzak Donostian aurten. Donostiako Etxegintzak etxebizitza-eskatzaileen gainean dituen azkeneko datuen arabera, 36 urte baino gutxiagoko 6.370 pertsonak eskatu du alokairuko etxebizitza izatea gurean. Etxebizitza Erakunde Publikoan diren etxebizitza-eskatzaileen zerrendek akaso eguneratu behar bat ere izango dutela onartu arren, argi dago, eta ukaezina da, hortik kanpora uzten ari direla alokairuko etxebizitzaren eskatzaile gazte gehien-gehienak.

Alde horretatik, berriro gogorarazi behar dugu Etxebizitzaren Euskal Legeak agintzen duela bai Eusko Jaurlaritzak bai toki-erakundeek ere zaindu egin behar dutela etxebizitza duin, egoki eta eskuragarria izateko eskubidea betetzen dela.

Hori dela eta, EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du biharko osoko bilkuran, erakunde eskudunei eskatzeko beharrezko neurriak har ditzatela 36 urtetik beherako donostiarrak GAZTELAGUN programatik kanpo gera ez daitezen.

Eta Donostiako Udalaren eskumenei dagokienez, Udal Gobernuari eskatuko diogu gazteentzako soluzio egokiak diseinatu, proposatu eta ezartzeko neurriak har ditzala, Donostia jasaten ari den gazteen kanporatze-prozesuari aurre egiteko.