AKTUALITATEA


| 2022-06-29 12:33:00

Udalbatzaren Organo Araudiko 52. artikuluari jarraiki, behean sinatzen dugun zinegotziok Donostiako etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurriei buruzko osoko bilkura berezi baterako deialdia egitea eskatzen dugu.

Donostian etxebizitzaren arazoa egunetik egunera okerrera doa. Donostiarron arazorik larriena da, eta ezinbesteko bihurtu da epe labur, ertain eta luzerako egiturazko neurriak hartzea. Izan ere, gure arkitektura juridikoan ere horrela jasota dagoen arren, oraindik ere gogorarazi behar da etxebizitza, ororen gainetik, herritarren eskubidea dela.

Egia da etxebizitzarena ez dela arazo berria Donostian. Egia den bezala alokairuaren prezioa inoizko altuena dela gaur egun: Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak argitaratu berri duen 2020rako alokairuaren merkatuari buruzko txosten estatistikoaren arabera, Donostian batez besteko errenta, urte horretan, 892 eurokoa zen, eta auzo batzuetan (Antiguan, Erdialdean edo Ibaetan, esaterako) mila euro ingurukoa; El Idealista atariaren arabera, bestalde, alokairuaren batez besteko prezioa 14,9 eurokoa zen 2022ko apirilean, Donostian (horrek ematen du 1.200 euro inguruko errenta, 80 metro karratuko etxebizitza batentzat). Egia den bezala, era berean, azken urteotan salerosketa-prezioek ere gora egin dutela: Higiezinen Merkatua Aztertzeko Taldeak Euskal Autonomia Erkidegoko higiezinen merkatuaz egindako urte arteko txostenaren arabera (aurtengo martxoan Gipuzkoako Higiezinen Jabetza-Agenteen Elkargoaren egoitzan aurkeztutakoa), Donostiako batez besteko prezioa 417.960 eurokoa da gaur egun: EAEkoa halako bi.

Baina datu, indize eta ratio hotzetatik haratago, Donostiako etxebizitzarena oso arazo erreala da, eta ondorio dramatikoak ditu pertsonen bizitzetan eta haien bizi-proiektuetan. Adibide asko daude, baina hedabideetan eragin handia izan duen kasu berri bat ekarri nahi dugu gogora: Azora putre fondoak duela aste batzuk bikote bat etxetik kaleratu zuen Groseko Ategorrieta etorbidean (handik metro gutxira hotel berri bat eraikitzen ari dira -Pio X- eta auzo batean, Grosen, non ehunka pisu turistiko dauden, baina babes ofizialeko etxebizitza bakar bat ere ez dagoen).

Egoera, lehen ere kezkagarria bazen, guztiz jasanezin bihurtzen ari da, eta biztanleria Donostia inguruko udalerrietara kanporatzeko fenomenoa gertatzen ari da (gazteen emantzipazio-adina luzatzeaz gain, edo donostiar askorentzat nahi duten bizi-proiektua abian jartzeko aukera bideraezin bihurtzeaz gain).

Horri gehitu behar zaio azken urteetan bultzatutako zenbait politikak larriagotu egin dutela egoera hori. Azken bi legegintzaldi hauetan 45 hotel baino gehiago ireki eta lehen solairutik gorako ehunka pisu turistiko legeztatu izanak arazoa sakondu baino ez du egin. Beste horrenbeste esan dezakegu gaur egun ehunka familia donostiarrentzat mehatxu diren funts putreen etorreraz.

Erakunde publikoek zuzenean eta erabakitasunez esku hartzeko unea iritsi da. Udal honek lideratu egin behar du Donostiako herritarrek beren hirian bizitzeko duten eskubidearen defentsa, beren eskumenetatik jardunez eta gainerako erakundeak interpelatuz, etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko neurri ausartak har ditzaten.

Behean sinatzen dugun zinegotziok funtsezkoa deritzogu etxebizitzaren arazoari buruzko eztabaida publiko sakona egiteari, eta are gehiago, udal honek konpromiso zehatzak hartzeari. Donostiako Udalbatzak gai hori hainbat alditan aztertu du, ikuspuntu desberdinetatik, baina ezinbestekotzat jotzen dugu, hiriaren arazo nagusia izanik eta larriagotzen ari dela ikusita, osoko ikuspuntutik aztertzeko aukera emango digun saio monografikoa egitea.

Horregatik, Donostian etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurriei buruzko osoko bilkura berezi baterako deialdia egitea eskatzen dugu. Eta, horri dagokionez, Udalbatzaren Organo Araudiko 98. artikuluaren babesean, honako kontrol-mozio hau aurkezten diogu Donostiako Udalbatzari, joan den ekainaren 13an Lurraldearen Garapen eta Plangintza Batzordean gauzatutako interpelazioaren ondorioz, ezohiko bilkura horretan eztabaidatzeko.

KONTROL-MOZIOA, ETXEBIZITZAREN ARAZOARI BURUZ

 

1.- Donostiako Udaleko Osoko Bilkurak hertsatuki eskatzen dio Udal Gobernuari, pertsona juridikoek sustatutako etxe-kaleratzeen aurrean, eta horien berri izan bezain laster, bitartekotza-, aholkularitza- eta laguntza-lanak abiatu edo indar ditzala, Stop Desahucios Gipuzkoa bezalako gizarte-plataformekin lankidetzan, kaleratze horiek benetan gauzatzeak bizilagunengan kalteberatasun- edo bizitegi-larrialdiko egoerak sor ez ditzan.

Hau da, Donostiak etxegabetzerik gabeko hiria izan behar du berriro, eta etxegabetzeen biktimak ezin dira kale-gorrian geratu.

2.- Halaber, hertsatuki eskatzen dio Udal Gobernuari, ahalik eta lasterren, inor bizi gabe egon daitezkeen etxebizitzak ikuskatzeko eta ikertzeko lanei hasiera ematea, Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legean eta Jenderik gabeko etxebizitzari eta etxebizitzaren funtzio soziala betetzeko neurriei buruzko ekainaren 8ko 149/2021 Dekretuan ezarritakoaren arabera, ahal bezain laster, eta ezarritako baldintzak betetzen diren kasuetan, hutsik dagoen etxebizitza deklaratzeko prozedura ofizioz hasi ahal izateko.

Izan ere, Dekretua ezartzen hasteko makinaria martxan jartzeko eskatuko diogu Goiari, urtebete baino gehiago igaro da Eusko Jaurlaritzak etxebizitza hutsak alokairura ateratzea behartzeko marko legala ezarri zuenetik, baina Donostia geldirik dago oraindik.


3.- Halaber, hertsatuki eskatzen dio Udal Gobernuari dagokion memoria egitea erabaki dezala, ekainaren 8ko 149/2021 Dekretuak, jenderik gabeko etxebizitzari eta etxebizitzaren funtzio soziala betetzeko neurriei buruzkoak, 25.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatuz, eta, ondoren, etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari eska diezaiola hiria “etxebizitza behar eta eskaera egiaztatuaren eremu” izendatzeko eta horren arabera legezko ondorioak izateko.

Izendapen honek aukera emango luke beste neurri asko hartzeko, hiri mailan.


4.- Donostiako Udaleko Osoko Bilkurak hertsatuki eskatzen dio Udal Gobernuari erabaki dezala auzoka zonako alokairuko prezioen erreferentzia-indizeak egitea, alokairuko etxebizitzen kopurua, horien azalera eta errentaren zenbatekoak adierazita, eta, era berean, erabaki dezala etxebizitza libre berria edo bigarren eskukoa salerosteko Etxebizitza Prezioen Indizea (EIP) egitea.

Indize honek aukera emango luke beste neurri asko hartzeko, auzoka.

5.- Donostiako Udaleko Osoko Bilkurak hertsatuki eskatzen dio azterlan bat egin de ala hiriko auzoetako turismo-erabileren kontzentrazio-maila kuantifikatzeko, haien saturazio-maila eta egoiliarrengan izaten ari diren ondorioak neurtu ahal izateko eta, hala badagokio, erabilera turistikoko jarduerez betetako eremu izendatzeko.

 

Donostian, 2022ko ekainaren 27a