AKTUALITATEA


| 2021-07-15 11:47:00

Gure hiriko hainbat eragile sozial eta politiko, tartean EH Bildu, duela urte batzuetatik hona salatzen ari gara Donostian etxebitiza larrialdian gaudela. Alarma guztiak piztuta daude eta datuak oso kezkagarriak dira:

  • Babes publikoko etxebizitzen eskaera handia: 12.800 eskaera baino gehiago, Etxebidek 2021ean emandako datuen arabera.

  • Milaka etxebizitza huts: Udal Etxebizitza Planak 3.385 etxebizitza hutsen datua ematen badu ere, askoz gehiago dira, 2015ean kalkulu hori egin zenean, besteak beste, 225.000 €-tik beherako katastro-balioa zuten etxebizitzak kanpoan utzi baitziren.

  • Etxebizitzaren prezioaren etengabeko garestitzea. 2020ko Hiri Ekonomiaren Behatokiaren arabera, ikaragarria izaten ari da garestitzea, baita pandemia garaian ere.

Horren ondorioz, milaka pertsonen bizi-proiektuak oso baldintzatuta geratu dira, eta gure biztanleriaren zati han bat kanporatua izaten ari da. Adibide bat jartzearren, Grosek beste 177 biztanle galdu zituen 2020an, pasa den hamarkadan galdutako 1.200 biztanleri gehitu behar zaienak. Beste era batera esanda: Groseko gazte kuadrill oso batzuek kanpora atera behar izan dute beren bizitza-proiektua egiteko, ezin dutelako auzoan bizi.

Donostiak bizi duen larrialdi egoera dela eta, esku-hartze integrala behar da, administrazio publikoek neurri desberdinak aplikatuz, hala nola fiskalak, hirigintzakoak, jarduera turistikoak mugatzekoak, etab. Horregatik ez da ulertzen Etxebizitzaren Euskal Legean (2015) jasotako neurriak abian jartzeko ikusten ari garen atzerapen handia, adibidez, etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko neurriak.

Etxebizitzaren Euskal Legearen II. kapituluak etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa arautzen du. Lege horren 4. artikuluak funtzio soziala betetzeko betebeharra ezartzen du, eta 2.b atalean, funtzio hori ez betetzetzat hartzen du “Etxebizitza, bizitokia edo etxebizitzen eraikina okupatu gabe egotea modu iraunkorrean edo, lege honetan ezarritakoaren arabera, arrazoirik gabe”.

Etxebizitzaren funtzio soziala ez betetzea IX. kapituluko 56. artikuluan eta hurrengoetan arautzen du. Hartan, “jenderik gabeko etxebizitza” kontzeptu juridikoak honela definitzen du: “Etxebizitza jenderik gabe dagoela joko da baldin eta jarraituki bi urtean baino gehiagoan okupatu gabe egon bada, eta, betiere, etxebizitza ez erabiltzea justifikatzen duen arrazoirik izan ez bada lege honetan edo lege hau garatzeko araudian ezarritako baldintzen arabera”, justifikatzeko zio izan daitezkeenak aipatuta.

Era berean, 57. artikuluan, jenderik gabe dagoen etxebizitzaren gaineko kanon bat ezarri eta definitzen du, etxebizitzaren jabetzaren gizarte funtzioa betetzea sustatzeko. Kanon hori “Euskal Autonomia Erkidegoko udalen kontura ezartzen bada, etxebizitzarik gabe deklaratutako etxebizitzak zergapetuko dira, eta kontzeptu horren ondoriozko diru-sarrerek lurzoruaren udal-ondarea hornituko dute”.

Legeak, halaber, Udala aipatzen du organo eskuduna den aldetik, etxebizitza hutsik deklaratzea erabaki ahal izateko, prozedura administratiboan, horretarako egiten den etxebizitzaren titularrei entzunaldia emanda.

Era berean, legeak 59. artikuluan dioenez, Udalak “Jenderik gabeko etxebizitza deklaratu direnak nahitaez alokatu beharra ezarri ahal izango da baldin eta kokatuta dauden eremuetan etxebizitzaren eskaria eta premia badagoela frogatzen bada, bai bizitegitarako lurzoruen hiri-sektoreetan eta bai berroneratze-eremuetan, hirigune historikoetan, hiri-erdialdeetan, hiri-auzuneetan edo urbanizazioak finkatutako eremuetan, baina, betiere, jenderik gabeko etxebizitza deklaratu badira eta deklaraziotik urtebete igaro eta gero ere okupatu gabe jarraitzen badute. Udalek ezarri ahal izango dute nahitaez alokatu beharra”.

Sei urte luze igaro dira, azkenik, jenderik gabeko etxebizitzei eta etxebizitzaren funtzio soziala betetzeko neurriak argitara eman ditu ekainaren 8an onarturiko 119/2021 Dekretua, ekainaren 18an argitaratu zelarik.

Dekretu honek arautzen ditu etxebizitzak bizitegietarako okupatzeko legean xedatutako neurriak abian jartzeko administrazio prozedurak, eta, horrela, haien funtzio soziala bermatzeko: jenderik gabeko etxebizitza deklaratzeko administrazio prozedura, etxebizitza horiek jenderik gabeko etxebizitzen erregistroan inskribatzea, kanona ezartzea, alokairuko programa publikoetan sartzea, jenderik etxebizitza nahitaez alokatzea...; neurri horiek jenderik gabeko etxebizitzak mugiaraztea eta haien okupazioa sustatzea dituzte helburutzat.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du uztaileko osoko bilkuran, Udal Gobernuari eskatzeko:

  1. Bere gain har ditzala Etxebizitzari buruzko 3/2015 Legeak ematen dizkion eginkizunak, 149/2021 Dekretuaren bidez, eta udal-egituran eginkizun horiek betetzeko baliabide materialak eta giza baliabideak horni ditzala.

  2. Jenderik gabeko etxebizitza deklaratzeko espedienteak has ditzala, aipatutako dekretuan ezarritako prozedura jarraitzen.

  3. Udalerrian dauden "etxebizitza-eskari eta -premia egiaztatuko eremuak" deklaratzeko espedienteei hasiera emateko behar den informazioa biltzeko azterlanak egin ditzala.

Donostia etxebizitza arazo handien duen euskal hiria bada, aitzindaria izan beharko luke etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak aplikatzen.