AKTUALITATEA


| 2022-11-15 18:31:00

Donostiako EH Bilduk Loiolako kuarteleko lursailak erosteko albistea berri ona dela jakinarazi du. Hainbat herritar eta ordezkari politikoren urteetako aldarria izan dela gaineratu, eta lursail horiek interes orokorraren mesedetan erabili behar direla adierazi du; etxebizitzak eta gizarte ekipamenduak eraikitzeko, besteak beste.

Bide batez, alderdi subiranistak lursail horietan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko konpromisoa erakutsi du. Horrenbestez, lursailaren planifikazioa egitean, etxebizitza publikoaren aldeko apustua egingo duela nabarmendu du, eta gainerako alderdi politikoei ere horretarako deia egin die.

Argitu beharreko kontuen artean, EH Bilduren iritziz, Donostiako Udal Gobernuak eta Espainiako Gobernuak militarrak nora joango direnaren inguruko argibideak eman behar dituzte. Hori dela eta, Madrileko Kongresuan horren inguruko informazio eskaera erregistratuko du EH Bilduk datozen egunetan.