AKTUALITATEA


| 2022-08-17 11:36:00

Donostiako eredu turistikoari buruzko eztabaida pil-pilean dago. Udal Gobernuak «Donostia gainezka ez dagoela» esan arren, Eneko Goia alkateak behin eta berriz iragarri du Aste Nagusi honetan «arau berriak onartu nahi dituztela Donostian hotel gehiago irekitzea mugatzeko». Gainera, tasa turistikoa ezartzearen alde agertzen ari da.

Goiaren alkatetzan ezarri den turismo ereduaren ondorio negatiboak agerian utzi ditu EH Bilduk azken urteotan. Egungo eredua ez da batere jasangarria, eta gero eta herritar gehiago hasi dira norabide-aldaketa eskatzen.

Ildo horretatik, gogoratu behar da une honetan, 2017-2021 Turismo Plan Zuzentzailea eguneratzen ari dela. Udazkenean amaitzea aurreikusten den prozesua aukera berri bat da norabide egokian urratsak egiten hasteko. EH Bilduren ustez, benetan jasangarria den turismo-eredua lortzeko, besteak beste, "karga turistikoa" eta gure hirira egokitutako beste adierazle batzuk behar bezala definitu behar dira, orain arte ez baita egin.

Izan ere, Eustatek argitaratutako azken datuen arabera, Donostiara iristen diren turisten kopuruak marka guztiak hautsiko ditu aurten: ekaina arte %10 handitu da 2019ko aldi berarekin alderatuta (pandemiak ez du uzten 2020ko eta 2021eko konparazioak egiten). Bestalde, Internet bidez iragartzen diren pisu turistikoak 1876ra arte igo dira, Udal Gobernuak onartzen dituen 1300etatik oso gainetik.

Eta joera zifra horiek kontrolik gabe handitzen jarraitzea da, Goiak datozen hilabete eta urteetan irekiko diren alojamendu turistiko berriei lizentziak ematen jarraitzen baitu: Matia kaleko 300 plazako hostel berria, Garibai kaleko 23. zenbakiko eraikina aparthotel bihurtuko da, Erriberako 320 plazako «Student hotel», Hilton Arte Ederren eraikinean, Mariaren Bihotza eta Pio X Grosen, baita beste batzuk Mirakontxan, eta abar, eta abar.

Hotelei muga jartzeari ez

Azken urteotan, hiriko hotelen oldea mugatzeko neurri zehatzak proposatu ditu EH Bilduk, baina Udal Gobernuak baztertu egin ditu guztiak.

Zehazki, EH Bilduk behin baino gehiagotan eskatu dio Udal Gobernuari HAPOren araudia aldatzeko, eraikin baten bizitegi-erabilera hirugarren sektoreko erabilera bihurtu ahal izateko (hotel bat egiteko, adibidez), HAPOren aldaketa puntual bat izapidetu eta onartu behar izan dadin, eta ez Plan Berezia bakarrik. Aldaketa hori oso esanguratsua da, Udalbatzari aukera emango liokeelako proiektu bakoitza osoko bilkuran bozkatzeko eta egitasmo bakoitzaren interes orokorrari buruz publikoki eztabaidatzeko. Izan ere, Plan Berezi batean ez bezala, HAPOren aldaketa puntual bat Udalaren ekimenez egin daiteke, eta haren tramitazioa ukatu egin daiteke. Eta, gainera, nahitaez egiaztatu behar da proiektua interes orokorrekoa dela.

Era berean, urte asko daramatzagu Udal Gobernuari turismo jardueren kontzentrazio-mailari buruzko azterlan bat eskatzen. Zehazki, eremu bakoitzean zenbat hotel, hostel, apartamentu turistiko, pentsio, aparthotel, erabilera turistikoko pisuak eta erabilera turistikoko gela dauden aztertzeko eskatzen ari gara. Helburu batekin: datuetatik abiatuta, beste eremu batzuk «saturatu» gisa deklaratu ahal izatea. Neurri hori guztiz beharrezkoa da Erdialdea, Gros eta Antigua auzoetan pairatzen ari diren egoeraren aurrean.

Tasa turistikoa

Eta tasa turistikoarekin hotelei muga jartzearekin gertatzen den gauza bera gertatzen da, dena adierazpen hutsetan geratzen dela, gero ezertan zehazten ez direnak. Eta kasu honetan ere interes pribatuak dira ezarpena atzeratzen ari direnak. Nolanahi ere, EH Bilduk aktiboki hartuko du parte eztabaida honetan, tasa tresna egokia izan baitaiteke turismoak sortzen duen aberastasuna banatzeko eta jarduera honen itzulketa soziala lortzeko.

Turismo eredu berri baten aldeko kanpaina

Aipatutako ekimen instituzionalez gain, EH Bilduren asmoa da turismo ereduaren jasangarritasunari buruzko eztabaida kalera eramatea. Uda honetan Donostiako herritarrei galdetzen ari gatzaizkie ea Donostiako egungo turismo eredua benetan jasangarria den, bai eremu batzuen saturazioaren ikuspegitik, bai mugikortasunaren aldetik, baita klima-aldaketaren aurkako borrokaren ikuspegitik ere. EH Bilduren azken helburua da denon artean gure hiriaren neurrira egindako turismo-eredu berri bat eraikitzea.