2023rako aurrekontuaren proiektua bide beretik jarraitzeko tresna gisa aurkeztu dute EAJk eta PSEk. Egindako akatsen autokritikarik egin gabe, eta hiriko neurgailu nagusi askoren emaitza txarrak kontuan hartu gabe, Eneko Goiak berdin jarraitzearen aldeko apustu garbia egin du. Goiak ez ditu bere politikak bizi dugun krisi egoerara egokitu eta ez du neurri berririk proposatu donostiarrek egunerokoan dituzten erronka berriei aurre egiteko.
Izan ere, donostiarrek dituzten arazo nagusi gehienak okerrera doaz urtetik urtera: etxebizitza gero eta garestiagoa da, gero eta pertsona gehiagok eskatzen dute babestutako etxebizitza bat, atzean geratzen ari gara klima-aldaketaren aurkako politiketan, gero eta jende gehiago dago kale gorrian gure hirian, gero eta pertsona gehiagok eskatu behar dituzte laguntza sozialak, etab.
Gainera, bide beretik jarraitzea are gutxiago ulertzen da krisi ekonomiko sakon baten erdian. Elikagaien, energiaren, hipoteken eta abarren prezioen etengabeko igoerak ondorio larriak eragiten ari dira, eta gero eta donostiar gehiagok zailtasun gehiago dituzte hilaren amaierara iristeko.
Hala ere, historiako aurrekonturik handiena izan arren, Goiak aurreko urteetako aurrekontuekin alderatuta oso antzeko proiektua aurkeztu du 2023rako. Donostiar guzti guztiak babesteko inbertsio estrategikoak egiteko aukera galdu du Goiak, eta EH Bilduk, bere eskuetan dituen tresna guztiak erabiliz, aurrekontu hauen norabidea zuzentzeko proposamenak egin ditu.
Donostiako EH Bildu udal taldeak osoko zuzenketa eta 128 zuzenketa partzial erregistratu ditu, pairatzen ari garen krisi ekonomiko eta klimatikoari aurre egiteko eta orain arteko norabidea aldatzeko. EH Bilduren proposamen hauen bidez, 20 milioi euro birbideratzea proposatzen dugu.
Hona hemen aurrean ditugun erronkei aurre egiteko EH Bilduk egiten dituen proposamen nagusiak:
Etxebizitza-politika berri baten beharra, baita epe motz eta ertainean ere: Udal Gobernuak hiru urte daramatza babes ofizialeko etxebizitza berririk hasi gabe eta etorkizunari begira aurreikusitako proiektuen artean, gehienetan babestutako etxebizitzetako legezko minimoak (% 40) baino ez ditu bete nahi Goiak, adibidez, Hiri Lorategian. Alde horretatik, gogoratu behar da Ilarran eta Infernuan %50era iritsi dela EH Bilduren zuzenketei esker. Bestalde, Udal Gobernuak urte asko igaro arte errealitate izango ez diren hirigintza-proiektuetan oinarritzen du bere etxebizitza-politika, baina horrekin bakarrik ez diegu konponbiderik eskainiko gaur egun etxebizitza bat eskatzen ari direnei (20.000 pertsona inguru). Horren aurrean, EH Bilduk hainbat neurri proposatzen ditu epe labur eta ertainean Donostiako etxebizitzarekin dugun arazo larria arintzen laguntzeko. Zehazki, neurri hauek proposatzen ditugu:
Donostia «etxebizitza eremu tentsionatua» deklaratzea. Etxebizitzaren Legeak gaitzen dituen tresnak ezarri ahal izateko (etxe hutsak alokairura ateratzeko neurriak...), lehentasunezkotzat jotzen dugu hiria etxebizitza eremu tentsionatua izendatzea (eduki ekonomikorik gabeko zuzenketa).
Lorategi Hiria (Loiola): Udalak alokairuko 64 etxebizitza publiko eraikitzea: 8.000.000 euro.
Etxebizitza hutsak eta egoera txarrean daudenak erosi, zaharberritu eta alokatzeko programa: 2.500.000 €
Maizterren eskubideei buruzko legezko aholkularitza zerbitzua: 50.000 €
Gutxienez, babestutako etxebizitzen % 50 bermatzea sustapen pribatu berrietan (eduki ekonomikorik gabeko zuzenketa).
Gizarte-politikak egungo egoerara egokitzea
Abegi Etxea udal brigadak konpontzea: 110.000 €
SOS Arrazakeriarekin hitzarmena sinatzea, etxeko langileei laguntzeko plana ezartzeko: 100.000 €
Etxerik gabeko pertsonei laguntzeko «Inor ez kalean» plana: 300.000 €
Afari solidarioak: 100.000 €
Klima-aldaketaren aurkako borroka
Bidegorri berria Askatasunaren hiribidea – Mirakruz: 750.000 €
Energiari buruzko aholkularitza-zerbitzua. Bulegoak irekitzea auzoetan: 410.000 €
Donostiako Eraztun Berdeari jarraipena eman eta balioa ematea: 750.000 €
Kirol instalazioak
Miniestadioa berritzea: 3.500.000 € (bi urtetan)
Miniestadioa: belar natural berria jartzea: 350.000 euro
Markagailu elektronikoak instalatzea Matigotxotegi, Cesar Benito eta Herrera zelaietan: 150.000 €
Bestelakoak
Bidebietako Kultur Etxe berria: 600.000 euro.
Emakumeen Etxe Berria Eason: 1.000.000 euro
Eskalentegiko igogailua: 650.000 €
Euskara maila guztietan doan ikasteko eskubidea bermatze bidean: 300.000 euro
Pandemia dela-eta Goiak 2020an ezarri zituen eta oraindik berreskuratu ez dituen diru-laguntzak berreskuratzea. Eragile sozial, kultur elkarte eta abarrek bere diru-laguntzak errekuperatu behar dituzte, ezinbesteko eragileak baitira gizarte kohesiorako eta herritarren partaidetzarako eta, beraz, inoiz baino beharrezkoagoak dira krisi testuinguru honetan: 550.000 euro.
Eta eskatzen diogu Udalari bertan behera uzteko Belartzako merkataritza gune handiaren eta hotelaren proiektua.