Kirola da, zalantzarik gabe, Gipuzkoan eta Donostian bertan pertsona gehien mugiarazten duen jardunetako bat. Kirola da osasuntsu jarraitu nahi duen edozein pertsonaren zutabe nagusietako bat.
Baina horrez gain, osasunarekin lotuta, kirol talentuaren garapenean, kirol elkarteen bidez bikaintasuna bilatuta, federazioek antolatutako txapelketan, eta noski, haurren hezkuntza barne biltzen duen Eskola Kirolaren bitartez, kirola sozializatzeko, komunitatea egiteko eta oinarrizko balioak transmititzeko funtsezko tresna da gure hirian.
Alderdi ekonomikoa ere kontuan hartu behar da: kirola jardun ekonomikoa ere bada, eragina du beste alor batzuetan ere, eta aberastasuna eta lanpostuak sortzen ditu.
“Beraz, ariketa fisikoa eta kirola osasuntsuak dira, hezitzaileak, sozializatzaileak, komunitatea sortzen eta indartzen laguntzen dute, eta aberastasuna eta lanpostuak sortzen dituzte”, adierazi du Reyes Carrerek.
Jakina da, bestalde, kirol praktikak gora egin duela azken urteetan gure artean. Eskola Kirolaren arrakasta eta eragina nabaria da. Donostian, gaur egun, 48.000 herritarrek dute Kirol Txartela eta 11.000 inguru federatuta daude. Gipuzkoa osoan, bestalde, ia 1.500 kirol elkarte ditugu.
1-Anoeta: aukera ezin hobea
Donostiak du Euskal Herriko kirol azpiegitura gune handiena. Anoetak hamar azpiegitura ditu eta 50 federazio daude bertan, Kirol Etxean. Kirol ugari egin daitezke Anoetan: xakea, futbola, eskubaloia, saskibaloia, arku-tiroa, izotz-hockeya, pilota, igeriketa, borroka-arteak, atletismoa, boxeoa, errugbia, txirrindularitza eta abar. Begien bistakoa da Gipuzkoako kirolaren praktikaren eta kudeaketaren bizkarrezurra dela.
Baina, mota guztietako kirol azpiegiturak barne biltzen dituen arren, haietako asko zaharkituta daude (hainbatek 50 urtetik gora dute) eta ez dira egokiak Donostiako kirol eragileen gaur egungo beharretarako. Azpiegitura askotan ez dira legeak ezarritako irisgarritasun baldintzak betetzen, beste batzuetan arazoak daude segurtasun arauak edo azpiegiturak hustekoak betetzeko, eta nabari da, era berean, erabilera anitzerako espazio baten beharra dagoela.
Era berean, ez da erraza Donostian hainbat egunetarako txapelketak egitea, ez baitago ingurune hurbilean kirolarien beharretara egokitutako ostatu hartzeko leku ugaririk eta prezioak ez direlako kirolari edo elkarte askoren eskura egoten. Gauza bera gertatzen da kontzentrazioak egiteko. Gipuzkoako federazioek, bestalde, arazoak izan ohi dituzte araututako txapelketa egunetatik eta ordutegietatik kanpora azpiegiturak bilatzeko.
“Egoera honek zaildu egiten du Donostiarentzat interesgarriak izan daitezkeen kirol jardueren antolakuntza eta oztopo da gure talenturik onenen lanerako. Anoeta sekulako aukera da Donostiarentzat -are gehiago diziplina arteko entrenamenduen metodologiak kirolarien emaitzak hobetzen dituela agerian geratu denean eta, hain zuzen ere, joera hau indartzen ari denean-, baina esan bezala, aukera horren birtualitateak mugatuta daude. Gaur egun
Anoetak ez die behar bezala erantzuten XXI. mendeko kirolaren beharrei”, dio Carrerek. Kirolarien eta alor honetako eragileen gaur egungo beharrak eta joerak argi daude:
Erabiltzaileen eskakizun maila handiagoa
Diziplina arteko instalakuntzak
Gaur egungo araudia betetzen duten azpiegiturak
Era askotako txapelketak eta ekimenak antolatu eta uztartzea: Eskola Kirola, federatutako kirola, talentua sortu eta erakarri...
Ikuspegi integrala duten kirol guneak
2-Paradigma aldaketa: ikuspegi integrala
Federazioen eta elkarteen arteko elkarlana Donostiako EH Bilduk Anoetak gaur egun eskaintzen dituen aukerei ahalik eta probetxurik handiena atera nahi die. Eta horrek formula jakin bat du: kirol hiri proiektu bat, Donostia Kirol Hiria, non gaur egungo azpiegituretatik abiatuta, berrikuntzak eginda eta ikuspegi integral bat landuko duen egitura batez, herritarren eta Gipuzkoako federazioen eta kirol elkarteen beharrei erantzungo zaien eta Euskal Herriko kirol gune erreferentziala sortuko den.
“ Donostia Kirol Hiria
gune moderno bat izango da, diziplina artekoa, osasuna eta sozializazioa bultzatuko ditu eta XXI. mendeko kirolaren beharrei erantzungo die. Euskal Herriko gune erreferentziala. Hiri proiektu bat, motor ekonomiko bat, XXI. mendeko Donostiarentzat”, azaldu du Carrerek.
Donostia Kirol Hiria Donostiako Alkatetzatik bultzatuko du EH Bilduk, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako kirol arloko eragileekin aliantzak bilatuta. Izan ere, hiri proiektu bat da, baina dudarik gabe, Donostiako mugak gainditzen dituena eta Gipuzkoako eta Euskal Herriko eragileei aukerak sortzen dizkiena. Benetako kirol hiri bat, kirolari profesionalei ez ezik, ariketa fisikoa egin nahi duen herritar orori ere bideratua. Eta eliteko kirolari edo kirolak eskaini dezakeen ikuskizun alderdiari leku egingo diena.
EH Bilduko alkategaiak esan duenez, “oinarri ezin hobea dugu Anoetan, baina funtsezkoa da haren kontzeptua berritzea eta potentzial osoa ateratzea, herritarren mesedetan. Anoetari zentzu global bat emanda, azpiegiturak ikuspegi integral batetik ulertuta eta haien arteko sinergiak bilatuta. Paradigma aldaketa bat sustatuko dugu, beraz”.
Honelako gune batek, gainera, Euskal Herritik kanpora ere erakar litzake kirolariak, elkarteak, txapelketak edo kontzentrazioak, eta bultzada handia emango dio kirolarekin lotutako jardun ekonomikoari ere.
3-Azpiegiturak berritzea eta koordinazioa
3.A AzpiegiturakDonostia Kirol Hiri proiektuaren ardatzak bi dira azpiegiturei dagokienez: gaur egungoak berritzea eta, paradigma aldaketa hori gauzatzeko, beharrezkoak direnak sortzea. Zehatz-mehatz, ondorengo esku-hartzeak behar ditu Donostia Kirol Hiriak.
Ilunbe, erabilera anitzerako gunea egingo dugu, hainbat kirol jarduera egiteko (saskibaloia,Ilunbeko pabilioia berritu eskubaloia, tenisa...). Goi mailako kirol partidak eta ikusle asko erakartzen dutenak antolatzeko leku egokia da, baina bestelako esparru batzuetara ere zabalduko litzateke; kultur jardueretara, esaterako (musika kontzertuak, dantza emanaldiak eta abar). Horretarako, ezkutalekuak kendu behar dira, zolata jarri, estalkiaren motorren funtzionamendua hobetu, aldagela eta kamerino berriak egin, zezentokiak kendu eta pista laguntzaile bat egin, aforoak egokitu, igogailua jarri eta sonoritatea hobetu.
Belodromoaren berrikuntza integrala. Bi belodromo besterik ez daude: Tafallan eta Donostian. Euskal Herrian estalitako Donostiakoak 50 urtetik gora du eta berrikuntza osoa behar du, besteak beste, txirrindularitza eta atletismo probak behar bezala egiteko. Porlanezko gaur egungo pistaren ordez, egur hidraulikozko bat jarri behar da eta UCIren araudira egokitu, estalkia berritu eta suteen aurkako prebentzioa hobetu, harmailek eta barruko instalazioek ere berrikuntza beharra dute eta markagailuak ere bai, gaur egun ez baitu funtzionatzen.
Belodromo ondoko eraikina, gimnasioa. Belodromo ondoko eraikinean gaur egun gimnasioa dago. Txirrindularitza Federazioa laster lekuz aldatuko da, eta horrek gimnasioa zabaltzeko eta zerbitzuak hobetzeko aukera emango du.
Carmelo Balda frontoiaren hobekuntza. Eraikinaren aurrealdea, harmailak eta barruko instalazioak berrituko ditugu. Frontoiak espazio zabalak ditu eta pilotaren inguruko gune tematizatu bat sortzeko aukera ematen du (eskolekin edo bestelakoekin bisitak egiteko, adibidez).
Jose Antonio Gasca kiroldegiaren hobekuntza.Baita barruko trinketea ere. Harmailak, beroketa guneak eta sarrera-irteerak berritu egin behar dira.
Atano frontoiaren hobekuntza. Terrazetan, harmailetan eta lehen solairuko komunetan berrikuntzak egingo ditugu, eta igogailua jarri, zorua aldatu eta hezetasunaren aurkako neurriak hartu (batik bat, ezker paretan).
Kirolarientzako ostatu-egoitza berria. Gipuzkoako, Euskal Herriko eta beste eremu batzuetako kirolariak eta elkarteak erakartzeko, egoitza bat eraikiko dugu, 150 oherekin, Trinkete zaharraren lursailean.
Paco Yoldi kiroldegiak, Txuri-Urdin hockey jauregiak, Anoetako estadioak eta Anoetako estadio txikiak osatuko lukete gunea (lehenengo biek ez lukete berrikuntza handirik beharko, Anoetako estadioa orain berritzen ari dira eta estadio txikia berritzeko proiektua esleituta dago eta gauzatzeke).
3.B Koordinazioa
Beste fase batean, proiektua osatzeko, ikerketa zentro bat bultzatuko genuke, non kirolean indarrez sartzen ari diren zenbait alor sustatuko genituzkeen bertan (soziologia, psikologia, medikuntza, elkarteen kudeaketa, nutrizioa, teknologia berriak...).
Donostia Kirol Hiriaren bigarren zutabea Anoetako instalazioen optimizazioa bilatuko duen eta Gipuzkoako kirolarien eta elkarteen beharrei erantzuna emango dien egitura global bat da. Donostia Kirol Hiriaren kudeaketaz (Donostia Kirolarekin batera) arduratuko den egitura hau osatzeko, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aliantza bilatuko du, Donostiako Alkatetzatik, EH Bilduk.
Kudeaketa egitura publiko honek, batetik, gaur egungo eskaintza (Kirol Txartela, Eskola Kirola eta abar) zabaltzeko ardura izango du. Honako hauen bidez, besteak beste:
Federazioen kontzentrazioak
Hainbat egunetako ekimenen antolakuntza
Kirol taldeak
Norbanakoen kontzentrazioak
“Bestetik, egitura publiko honek federazioen eta kirol elkarteen arteko koordinazioa bilatuko du. Izan ere, mota honetako kirol hiri batek aukerak zabalduko ditu (mota guztietako kirol txapelketak eta kontzentrazioak, tartean) eta haiek kudeatu behar dira, federazio eta elkarteekin elkarlanean. Kirolarientzako egoitzaren kudeaketaz ere arduratuko da eta horrek ere diru sarrera bat ekarriko dio”, azaldu du Carrerek.
4-Kirol modalitate berriei bultzada
Kirolak beste eremu batzuetara salto egin du ohiko esparruetatik (atletismoa, igeriketa eta abar) eta espazio berriak irabazi ditu azken urteotan. Kirol urbanoez ari gara: gazteek egin ohi dituztenak, espazio publikoan, kiroldegi itxietatik haratago,eta aisialdiaren kulturarekin lotura estua dutenak. Praktika berriak dira, gune urbano eta sozialetara egokituak, kirol tradizionalaren alternatibak, eta gazteei norberaren gaitasunak erakusteko eta nork bere burua berresteko aukera ematen dietenak. Kirol mota hauetakoak dira, esaterako, skatea-a, rollerra edo bike-a, patinen, monopatinen eta bizikletaren ohiko erabileren aldaerak. Kirol hauek lekua izan behar dute Donostia Kirol Hirian -gaur egungo gunean ere badute nolabaiteko espazioa-, eta egitura berriak haiek sustatzeko ardura izango du.
“Finean, Anoetan paradigma aldaketa bat proposatzen ari gara, Donostiak XXI. mendeko kirol azpiegiturak izan ditzan”, esan du Reyes Carrerek.