AKTUALITATEA


| 2019-03-06 12:54:00

Energia eredu iraunkor eta burujabe baterako bidean aurrerapauso moduan aurkeztu du Carrerek ekimena: “Ondo dago iraunkortasunaz eta klima aldaketaz hitz egitea eta kongresuak antolatzea, jendartean kezka dagoela eta kontzientziazioa areagotzen ari dela adierazten baitu horrek, baina argi izan dezagun denok benetako konpromisoak eta neurri eraginkor eta koherenteak hartzea dela funtsezkoena”.

Euskal Herriko eta, beraz, Donostiako gaur egungo energia ereduak bi ezaugarri nagusi ditu: mendekotasuna eta sostengaezintasuna. Batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitutako energiaren % 92,9 kanpotik ekarritakoa da (EVE). Mendekotasuna oso handia da, beraz: Europar Batasunaren batez bestekoarekin alderatzen badugu, esaterako, ia bikoitza da (% 54, EVE).Horrek munduko energia sortzaile nagusien gorabehera politiko eta ekonomikoen (Ekialde Hurbila, Errusia...) mende jartzen gaitu.

Bestetik, Euskal Herrian kontsumitutako energia gehiena nuklearra eta erregai fosiletatik eratorritakoa da (% 55 ingurukoa Iberiar Penintsula osoan); energia kutsakor eta arriskutsuak, iraunkortasun eredu egokietatik urrun daudenak eta klima aldaketaren aurkako borrokan laguntzen ez dutenak (alderantziz).

Sostegaezintasuna ez da soilik ingurumen alorrekoa. Izan ere, energia iturrien eta hornidura sareen jabetza eta kontrola, herritarren esku egon beharrean, enpresa handi gutxi batzuen esku daude eta eremu honetako politika gehienek, jendartearen onura bilatu beharrean, oligopolio honen etekina izaten dute helburu.

Beraz, sozialki ere ez da eredu iraunkorra.“Donostiak eragile aktiboa izan behar du trantsizio energetikoa sustatzeko eta eredu burujabe eta iraunkor bat ezartzeko. Erronka handia da, dudarik gabe, eta mundu mailakoa; pausoz pauso joan behar da, baina sendotasunez eta koherentziaz. Beste herrialde eta hiri batzuetan urrats ausartak ematen ari dira norabide horretan, eta Donostiak ezin du atzean geratu; aitzitik, olatu hori hartu behar dugu, aitzindari izan, eta mundu osoko prozesu horri ekarpena egin. Hainbat arlotan da Donostia ezaguna munduan: izan gaitezen, baita ere, iraunkortasun ereduak sustatu eta klima aldaketaren aurkako borrokan planteamendu eredugarriak egiten ditugulako”, esan du Reyes Carrerek.

Ekarpen hori estrategia orokor baten baitan egin nahi du EH Bilduk, hiru zutabetan oinarrituta: eraginkortasun energetikoa, energia berriztagarriak eta kudeaketa publikoa, energia ondare publiko eta estrategiko gisa hartuta. Izan ere, esan bezala,energia alorreko politikek herritarren beharrei erantzun behar diete eta ez oligopolioaren etekin nahiari.

Ildo honetatik, Reyes Carrerek honako neurri hau aurkeztu du gaur:

Donostia Energia, udal energia merkaturatzailea. “Donostiako EH Bilduren hauteskunde programako neurri nagusietakoa da, eta datorren agintaldian, Alkatetzatik, hura gauzatzeko konpromisoa dugu”.

Udal energia enpresak Donostia Energiak helburu nagusi bat izango du: argindarra handizkien merkatuan erostea, bitartekaririk gabe, Udala bera eta haren organismo guztiak zein beste eragile batzuk hornitzeko.

Gertuko ingurunean, Bartzelonak mota honetako esperientzia bat du martxan. Barcelona Energia Bartzelonako eremu metropolitarreko merkaturatzaile publikoa da. Energia eredu iraunkor baterako trantsizioa sustatzea du helburu, autokontsumoa, gertuko sorkuntza eta energia berriztagarriak sustatuta. Barcelona Energia uztailaren 1ean hasi zitzaien energia hornitzen udal eraikin eta azpiegiturei eta 19 udal organismo eta enpresari. Aurten, zerbitzua eremu metropolitarrera zabaltzeko eta 20.000 etxebizitza hornitzeko asmoa du.

Euskal Herrian bertan, Iruñearen adibidea dugu. Iruñean, EH Bilduk gidatutako Udalak energia operatzaile bat sortzea onartu berri du, Udala bera zein partikularrak hornitzeko, betiere, Bartzelonan bezala, energia berriztagarria erabilita. Energia operatzailea eratzeko pausoak ematen ari da orain Iruñeko Udala.

Donostia Energia

Esan bezala, Donostia Energiak zuzenean erosiko du argindarra merkatuan, eta lehenik, udal azpiegiturei eta zerbitzuei salduko die (kaleko argiztapena, kiroldegietako eta bestelako egoitzetakoa...), baita, bigarren fasea batean,herritarrei ere.

Donostiako EH Bilduko alkategaiak azaldu duenez, “udal merkaturatzaile bat sortzeak, zuzenean, Donostiaren burujabetasuna handiko du. Lehenik eta behin, bitartekariek eraman ohi duten etekina, % 5 ingurukoa, aurreztu egingo du Donostiako Udalak merkatuan bertan erosiko baitu zuzenean energia. Horrek, urtero, 200.000€ inguruko aurrezkia suposa dezake gutxienez Udalarentzat: hamar urteko epean, 2.000.000€. Hortaz, kudeaketa arduratsu eta eraginkor bat egiteko eta donostiarron interes kolektiboa defendatzeko tresna izango da”.

Donostiako Udalak, gaur egun, 25 gigavatio inguruko kontsumoa du urtean. Donostia Energiak kontsumo hori bermatuko du. Baina, Europako araudiak, ondorengo fase batean, kontsumo horren %20 gehiago partikularrei saltzeko aukera ematen die udal merkaturatzaileei (Bartzelonan aurten heldu nahi diote fase honi).

Partikularren eremura salto eginda, Donostia Energiak kontsumitzaile zaurgarriak eta gizarte zerbitzuek artatukoak lehenetsiko ditu eta -esparru hauetako familien batez besteko kontsumoak kontuan hartuta-, Donostiako 2.000 etxebizitza hornitu ahal izango ditu.

Ekonomikoki okerren dauden sektoreek, gaur egun, tarifa soziala dute, 897/2017 Errege Dekretuaren arabera, eta %25 eta %50 arteko hobariak edo beherapenak dituzte. “Donostia Energiak tarifa sozial horiek hobetu ahal izango ditu, gaur egungo estalduretatik haratago joanez eta egoera zaurgarrian dauden herritarrei eta gizarte zerbitzuek artatutakoei hornidura ziurtatuz. Jakina, araudian aldaketak egongo balira, enpresa publiko hauen merkatua eta eragina zabaltzeko norabidean, Donostia Energia oinarri ezin hobea litzateke aldez aurretik ezarritako irizpide sozial horiek hirian are gehiago, azkar eta eraginkortasunez zabaltzeko. Finean, beraz, udal merkaturatzailea donostiarren beharrak asetzeko, hiria kohesionatzeko eta, sozialki ere, eredu iraunkor bat sustatzeko tresna izango da”, azaldu du Carrerek.

Donostia Energiaren beste zutabeetako bat energia berriztagarriak izango dira: erosi eta merkaturatuko duen energia guztia berriztagarria izango da. Are gehiago, Donostia Energiak kontratu zuzenak egin ahal izango ditu energia berriztagarrien sortzaileekin, eta era horretan, instalazioak eraikitzen eta lanpostu kualifikatuak sortzen lagundu.

Enpresa honen sorrerak ez du konplexutasun handiegirik. Gaur egun, Espainiar Estatuan 400 merkaturatzaile daude eta Gipuzkoan bertan lau ditugu, eta haietako bi, Donostian.

Trantsizio energetikoa egiteko bidean, EH Bilduk beste era bateko neurriak ere sustatuko ditu Udaletik; hala nola, eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarrien sorkuntza proiektuak izango da

Donostia Energia Donostian bertan. Eta estrategia horretan, funtsezko eragilea “Donostia orekatu eta iraunkor bat nahi dugu, diskurtsoetatik haratago neurri eraginkor eta eredugarriak aplikatzen dituena,soluzioak ematen dituena eta klima aldaketaren kontra borrokatzen duena”, esan du EH Bilduko alkategaiak.